Gotzon Uribe
Crítico musical
MUSIKA

Lee Fields

New York hirian dagoen Daptone zigiluak argitaratu du “Sentimental Fool” lana; Lee Fields soul kantariaren estreinako diskoa da aipatu zigiluan, eta hiru urtetako geldiunearen ondoren plazaratu duen lan berria. Zigiluaren sortzailea den Bosco Mann musikariak ekoitzitako diskoa da, Kaliforniako Riverside hirian, hango Penrose Recorders estudioetan, zigiluaren bigarren etxean.

Barrura begira dauden abestien sorta aurkeztu du musikari beteranoak, blues kutsuko diskoa, non gizabanakoaren edertasuna, indarra eta elkartasuna moduko gaiez diharduen, bere ahots gordina lagun duela. Musikari apartak izan ditu alboan, Daptone zigiluko artista ezberdinen grabazioetan aurkitzen ditugunak, hala nola Thomas Brenneck gitarraz, Benny Trokan baxuaz, Brian Wolfe bateriaz, Victor Axelrod eta Jimmy Hill teklatuez, Neal Sugarman eta Ian Hendrickson-Smith saxuaz eta Dave Guy tronpetaz. Fieldsen gidaritzapean R&B doinuen sustraietara bueltatu den disko eder eta sendoa osatu dute.

«Disko ezberdin bat grabatu eta ekoitzi nahi nuen», dio Bosco Mann ekoizleak, «eta era berean Leeri abesteko lekua utzi, soinuari beste zabaltasun bat eman. Denbora hartu genuen kantuak estudioan lantzeko, barrura begira jarri ginen, kantuei zuzen begiratuz, melodia bakoitzak daukan gordintasuna eta nolabaiteko malenkonia hori azaleratu nahian. Garai bateko soul eta rythm&blues doinuak abesten dituen kantaririk hoberena bezain esanguratsuena da gaur egun Lee Fields».

Ipar Carolinan jaiotako Fields 1967an iritsi zen New Yorkera, James Brownen kantariaren zuzenekoekin liluratuta, argi zeukan soul musikaren izarra izan nahi zuela. Ondorengo hamarkadetan funk musikan ospea izaten hasi zen, disko eta single ezberdinak plazaratuz, tartean 1969an argitaratutako “Let’s Talk It Over” klasikoa.

Bere ibilbidean galdutako aukerek eta belaunaldien artean izan ziren momentuko joera eta gustu musikalen aldaketek gailurrera iristea galarazi zioten arren, Fieldsek ez zuen etsi eta soul musikaren sugarra bizirik mantendu zuen. Zigilu independenteekin kaleratu ditu diskoak, eta zuzenean birak egiten aritu izan da etengabe.

AEBetako soul klasikoaren ikurtzat hartu izan da azken urteetan. Gaur egun bizirik dagoen soul kantari klasikorik esanguratsuena da. Ez da gutxi, une oro aldatzen doazen joeren garai honetan eta etengabeko bat-batekotasuna eskatzen duen entzuleriaren aurrean, horrelako proposamen goxo bezain beroa jendartean aurkeztea. Bost hamarkadetako ibilbidean hogei diskotik gora plazaratu ditu, eta berrogei single inguru. “Sentimental Fool” diskoan azaltzen dira Lee Fields kantariaren ezaugarri nabarmenak. Hor daude emozioei buruzko kantuak, barne sentimenduak bere ahotsaren bitartez azaleratzeko gai den kantaria. Negar eginarazi, barrura begiratu, belarrira abestu... Lee Fieldsen disko berria goxotasunez datorren lana da; opari eder baten gisa, kantu bikainak ditu gordeak.

CD AIPAGARRIA

 

Chris Canterbury “Quaalude Lullabies” • Rancho Deluxe, 2022 • Folk-country

Chris Canterbury folk-rock kantariak lan berria aurkeztu du, 2017an plazaratu zuen “Refinery Town” disko luzearen jarraipena. Folk eta country musikan oinarritzen da bere kantutegia. Helmugara heltzea baino bidea egiten jarraitzen dutenen istorio ilunak, melodia ederrak eta ahots finak dituzten abestiak dira, pertsonaiez eta istorioz beteak. “Over the Line” kantua da horren adibidea. Kamioi gidari baten testigantza, milia gutxi batzuk geratzen zaizkiona bere etxera bueltatzeko. Edo “Back on the Pills” moduko kantua, non edale mozkorti baten egunerokoa kontatzen duen, garbitu ezinik dabilena eta hiriaren kanpoaldean bizi dena. Bederatzi abesti dira, maisuki jorratuak, laburrak, 28 minututan Canterburyk giza existentziaren edertasunari zein beste aldean ilunetan dagoenari kantatzen dizkionak.