MARKEL URRATE ANTIA - SALTO TRAINING

Berregokitzearen garrantzia

Lesioak, minak, molestiak… edonori beldurra ematen dioten hitzak dira, inork ez baitu halakorik desio. Hala eta guztiz ere, edozein delarik ere ibilitako bidea, egindako kirola edo norberaren higiene posturala, istripuak edo besterik gabeko zoritxarrak edozein unetan gertatu daitezke bizitzan zehar. Horren aurrean, berehalako esku-hartzeak zuzeneko eragina du ondorengo errekuperazioan, esku-hartze goiztiarrak berregokitzean onurak eskaintzen dituela egiaztatu baita.

Lesio guztien aurrean, ezinbestekoa da hasierako balorazioa egitea. Bertan, balorazioaren zama nagusia taldeko medikuari dagokio, nahiz eta interesgarria den gainontzeko esparruetako fisioterapeutek edo jarduera fisikoan adituek ere beren esparruko balorazioak egitea. Elkarren arteko hartu-emanaren ondorioz azalduko dira emaitzarik hoberenak eta hori izan beharko litzateke berregokitzapen lanari ekiteko lehen pausoa. Hala eta guztiz ere, balorazioaren pasartea ez da hor amaitzen, prozesua aurrera joan ahala etengabeko balorazio konstante batean murgiltzen baita.

Lesioaren norainokoa aztertu ondoren, berregokitzapenaren zama nagusia fisioterapeutaren esku geratuko da bigarren fase honetan. Bertan, lesioaren fase akutuan, mindutako estrukturen errekuperazioan jarriko da arreta, prozesua azkartzeko beharrezko teknikak baliatuz.

Jarraian, fisioterapeuta eta jarduera fisikoan aditua den profesionalen unea iritsiko da. Fase honetan, elkarren arteko hartu-emana ezinbestekoa da lesioari dagozkion nondik norakoak kontrolpean izan eta irtenbide egokiena bilatze aldera. Fase honetan higiene posturala, gorputzaren kontzientzia (propiotzepzioa) eta mugimendu bidezko terapia ezinbestean landu beharko dira.

Prozesuak aurrera egin ahala, fisioterapeuta garrantzia galtzen joango da eta ardura nagusia jarduera fisikoan adituak hartuko du bere gain. Bertan, indar entrenamenduaren bidez gorputzari tonu fisiko egokia ematea izan beharko da alde garrantzitsuena, indartsu egotea baita lesioen kontrako ezaugarri nagusia. Hortaz, lesio baten ondoren berregokitzeko prozesu batean talde multidiziplinarra izateak daukan garrantzia azpimarratu nahiko nuke, norbera bere esparruan baina gainontzeko kideei eskutik heldurik jardunez kalitatea bermatzea lortzen baita.