Alfonsina Storni, Munduko Poesia Kaierak, Uxue Alberdik itzulia
IRUDITAN

Hoa hegan

Argazkia: Ozan Kose | AFP
Argazkia: Ozan Kose | AFP

Habil, hoa hegan, erle nahi haut;

loratu dituk jardinean amapolak,

eta nektar finez mukuru korolak;

bihar hire arima zaharturik egongo duk.

Habil, hoa hegan, izan hadi usoa,

zeharka basoa eta mokoka lurrak,

eskuz esku jan ogi-apurrak,

hozka, mamitsu, sagar gozoa.

Habil, hoa hegan, izan hadi enara, altxa,

bila ezak urrezko ekien hondartza,

dasta, udaberriaren gatza,

paregabea eta zoragarria duk bedatsa.

Ez haut estutuko, bestela laster haiz egarriz hila.

Habil, hoa munduan barna, hausnarrean;

itsasontzia prest duk ur gainean

boga, lilura gorenaren bila.

Korri, ibili gehiago, ez duk aski lehena,

badituk oraino irrikak eskueran,

korri, ibili, jiratu, igo eta egin hegan:

goza oro, eder duk dena.

Hoa hegan, ez hau nire maitasunak geldiaraziko;

ongi haut entenditzen, bai, ongi haut entenditzen!

Egin biezat bizitzak negar, bihotzak zimiko;

hoa hegan hi, maitea, guztiz haut konprenitzen.

Isilik arima, bihotza hautsirik,

nik askaturik hegoak, hoa, baina itzul hadi,

Nola ekarriko duk bihotza, bidaiari?

Izango diat bihotz garaituarentzat errukirik.

Hain egarri larria edanarekin ase dezaan

baduk hiretzat zidor andana,

baina gaua duk jada; hartu patxadan:

denak zatozak nigana.