Mundu hobea
Eginda eman ziguten jainkoek mundua, eta ongi egina dagoela erakutsi ziguten haien ordezkariek. Nola ez, jainkoek egina bada! Baina mundua mundu denetik, esaten denez, zer hobetua eta zer gehitua –zer kendua ere bai– badagoela iritzi ohi diogu lurtarrok. Denok dugu, izan ere, ezinen bat, negarren bat barruan borborka, eta nahieran bizi nahi genuke, ez beti neketan eta penetan, hiltzen garenerako utziaz zeruak eta zorionak.
Mundua ederrago izateko ahaleginean, bakoitzak bere formula propioa dugula ematen du, eta gerta liteke batek eraiki nahi duena besteak birrindu nahi izatea, batak ipini nahi duenari besteak sobran iriztea. Denontzat mundu bat baino, bakoitzak berea aldarrikatzen dugula pentsaraz lezake nahaste-borrasteak, eta agian badago unibertsoan lurtarroi bana esleitzeko adina mundu, baina ezin seguru jakin eta ezin haietara iritsi. Horrek dezente mugatzen digu ataria, eta zailtzen digu ahalegina, baina etsipenari ez diogu biderik garbituko.
Batzuk unibertsoan zehar beste munduetako bizileku posibleen bila dabiltzan bitartean, daukagun ataritxo honetan denok zoriontsuago izan gaitezen saiatzen dira beste asko. Bada lur guztia basamortu bihur litekeen beldurrez ondorengo belaunaldientzat zuhaitzak landatzen dituenik; badira gehiegizko kontsumoaren ondorioekin larrituta beste bizimolde bat aldarrikatzen dutenak; hor daude, lehengai guztiak xahutzea bizi garen mundu hau jatea dela esanez ahotsa ozentzen dutenak...
Badira beste batzuk, maila hurbilagoan, gose direnentzat elikagai poltsak partitzen dituztenak astean edo hilean behin; bada hotzak dardaraka daudenentzat estalki eta jantziak biltzen eta banatzen dituenik; ikusten dira saltoki handien atarietan eta kale kantoietan esku-ahurra luzatzen dutenei txanpon batzuk ematen dizkietenak; hor dabiltza batzuk norberarentzat duten ezereza ezer ez dutenekin partekatuz, asko duenak berarentzat nahi duelako besteena ere.
Baina bizitzeko eta mundu zoriontsuagoan sentitzeko beharrezkoa zaigu asegarri emozionala ere, eta horrekin kezkatuta dago gure auzokidea. Horregatik, jainkoen hutsegiteak konpontzen laguntze aldera, unibertsoak bere orekarako falta duena osatu nahian dudarik gabe, bozgorailuak eman ahal dion ozenenean jartzen du musika larunbat eta igande goizetan, aste guztiko alfergurari amore emanez ohean geratzea erabakitzen dudanetan.