Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Urte berri on eta muxu bat?

Urte berri on. Urte berri on. Urte berri on. Urte berri on. Eta bi muxu. Eta bi muxu. Eta beste bi muxu... nerabetan urte zahar gauean sekulako parranda egiten genuen, urtearekin batera mundua bukatzeko beldurra bagenu bezala. Badaezpada edo. Kataklismoak dantzan harrapa gaitzala. Ez da txarra.

Gau horietako oroitzapenak azalean pegatuta ditut oraindik, bi hamarkada baino gehiago joan diren arren. Gauza onak eta gauza txarrak. Lagunekin partekatutako irribarre eta laineza konplizeak, herrian muntatzen zuten kaleko diskoteka hura, nolako hotza egiten zuen eta zein gutxi axola zitzaigun.

Baina txarrak ere pegatuta ditut. Guretzat, emakume nerabe inozoentzat, muxu denak ez ziren gozoak. Beti urrun nahiko genituzkeen gizonezko lerdetsuek gau berezi horretako brillantina baliatzen zuten gehiegi gerturatzeko. Urte berri on. Eta bi muxu. Lagunen arteko begirada konplizeetan neurtzen zen noraino zitzaizkigun nazkagarriak muxu horiek. Ahizpatasuna, artean horri izenik jarri ez genionean. Eta gerora askotan pentsatu izan dut ea zergatik ez genizkien muxu horiek ukatzen. Ez dakit, herrikoak ziren, gizonezkoak, gu baino helduagoak...

Memoriaren beste patrika batean gordetzen ditut nik propio aukeratutako muxukatuak. Laguntasun usaina zutenak edota desio nerabeen bihurrikerien aroma.

Lanean posta elektronikoa erabiltzen hasi ginen garaian, mezuen bukaeran hasi ziren muxuak iristen. Kasu askotan inoiz aurrez aurre ikusi gabeko pertsonek bidaltzen zituzten muxuak ziren, azalik gabeko muxuak. Barre egiten genuen lankide bat nola asaldatzen zen ikusita: «Muxuak gora eta muxuak behera, ez dugu elkar ezagutzen eta! Zein erraz banatzen dituen jendeak muxuak. Errazegi». Orduan ez genuen asko pentsatzen pandemia bat eroriko zitzaigula gainera eta tarte luze batean muxu asko azalik gabekoak izango zirela. Horretara ere jarri ginen.

Pertsonak igurtzia behar du, besteren azala ukitzea, sentitzea, usaintzea. Neurologiak ikertu duen gaia da eta «azal gosea» esaten zaio kontaktu fisikoaren faltak sortzen duen ondoezari. Ukimena funtsezko zentzua da giza bizitzarako, eta haren gabeziak sistema immunologikoa ahultzen du eta bihotz erritmoan, odol presioan eta estresaren eta maitasunaren hormona mailetan eragiten du. Elkar ukitzea oinarrizko beharra da. Baita gozamena eta plazera ere.

Baina hori guztia batak bestea ukitu nahi duenean gertatzen da. Posta elektronikoko muxuek ez gaituzte gozatzen eta gustuko ez ditugun azalen muxuak garratzak zaizkigu. Ba hori, urte berri on eta igurtzi nahi dituzuen masailak bakarrik igurtzi.