JONANDER AGIRRE
ARKITEKTURA

Menhirra

Arkitekturaren oinarrizko elementu batean pentsatzen dugunean azkar asko etortzen zaigu burura murrua, pareta, hesia. Paperaren gainean lerro batez definitu daitekeen bi dimentsioko planoa elementu ezinbestekoa da arkitekturan. Murruek bi alde bereizten dituzte beti, barnealdea eta kanpoaldea. Zatitu eta bereizi egiten dute. Jabego eta babesarekin erlazio handia du murruak, horiek definitzen baitute barnealde eta kanpoalde bat, gu eta besteen arteko bereizketa, etxearen eta kalearen arteko muga. Beste elementuak bezala, hainbat eskalatan irakur dezakegu, pixalekuak banantzen dituen panel txikietatik kontinente osoak banatzen dituzten muga geopolitikoetaraino.

Gogoratzen dut, hala ere, karrera hasierako hitzaldi horietako batean irakasle batek azpimarratu zuela lehen arkitektura eta oinarrizkoena menhirra zela ziurrenik. Menhirra esaten zion leku bat markatzeko keinu minimoari. Murrua lerro bat baldin bada, menhirra puntu soil bat da. Norbaitek leku bat esanahiz betetzeko egindako keinua da menhirra. Arkitektura soilik fisikoa ez dela ulertarazteko balio du menhirraren metafora moduko honek; puntu baten zentzu polarrak ere arkitektura sortzen duela, hesi bat jartzea beharrezkoa izan gabe.

Donostiako Urgull mendiaren tontorrean, gazteluaren gainean kokatuta dagoen Jesusen Bihotzaren eskultura menhir moduko bat da.

Eskulturak 12,5 metroko altuera du eta 16 metroko altuera duen plinto baten gainean kokatzen da, Motako gazteluaren gainean eraikia, itsasoaren mailatik guztira 123 metrora. Ia hiri osotik ikus daiteke, bereziki erdialdeko auzoetatik. Eskultura hareharriz eta hormigoiz eginda dago, plintoa bezala. Plintoan kapera katoliko bat dago. Eskulturak irudikatzen duen kristoa behera begira dago, Kontxako badiari so. Tximistorratz bat du bizkarrean.

Eskultura eraikitzeko proposamena 1938an jarri zen martxan Pedro Muguruza arkitektoa buru zela 1950ean bukatu zen arte. Pedro Muguruza ez zen edozein arkitekto. Altxamendu frankistaren laguntzaile eta gerra zibilaren osteko berreraikitze lanen zuzendaria izan zen Madrildik. Francisco Francoren lagun mina, berari egokitu zitzaion “Erorien Harana” izendatuko zen Frankismoaren monumentu nagusia eraikitzea.

Harritzekoa da, lehen hurbilpen batean, horrelako elementu batek hirian leku hori izatea. Zergatik ez da eraitsi? Edo, behintzat, zergatik ez da beste leku batera mugitu? Zer dela eta ez da kezkarik ageri? Egon dira saiakerak, beti nahiko xumeak, ezkerreko alderdietatik bultzatuak eraikina eraitsi edo aldatzeko eta beti geratu dira ezerezean. Azkena, Elkarrekin Podemosen proposamen bat: monumentuaren sarreran plaka bat jartzea beraren historia azaltzeko.

Baina menhirrak bertan jarraitzen du eta zer edo zer esaten du Donostiaz. Agian gure kale izendegiak esaten duen bezainbeste edo beste hiri batzuetan dauden beste monumentu, kale eta sinboloek esaten duten adina.

Susmoa dut hiri ereduarekin paraleloan kokatu daitekeela Urgulleko tontorraren eztabaida. Ez dut uste eraisketak inoiz sostengu zabalik lortuko duenik, ohikoak ditugun kontrako plataformekin gertatzen den bezala. Alternatibak proposatzean agian topa liteke aldaketarako aukera bat.

Testu hau Urgulleko menhirra eraiki aurreko irudiekin laguntzea erabaki dut; Donostiako artxibokoak dira. Horietako bietan udaletxeko norbaitek marraztutako figura irudikatzen da, esplorazio gisa. Urtea bukatzen zaigun data hauetan interesgarria otu zait ariketa moduan irudi hauek jartzea, norbait horien gainean marraztera animatuko den itxaropenez.