Toki urbanoak
Karreran hirigintza “ikasten” hasi nintzenean, hiriak euren aniztasun eta konplexutasunekin pentsatu eta diseinatzeari ekin ordez, kalkulagailua eskuan eraikigarritasuna, aprobetxamendua eta antzerako terminoekin planifikatu zitekeela erakutsi zidaten. Hirigintzaren arazoa excel taula batzuen bitartez konpon daiteke, operazioaren bideragarritasuna (ekonomikoa soilik, noski, terminoa abizen gabe azaltzen denean) ardatz nagusia denean. Beste era batera esanda: sustatzailearen mozkin marjinaren inguruan antolatzea gure hirietako plangintza.
Bartzelonara iritsi nintzenean, 4. mailan, Sola Morales-ek (beste arkitekto eta urbanista bikain batzuen artean) bultzatutako Hirigintza proiektua (Proyecto urbano) eskola pentsamendua deskubritu nuen. Laburki azalduta, plangintza beste ertzetik hartzean datza, proiektutik hasiz, hiri edo testuinguru eraiki horrek dituen baldintza eta konplexutasunetatik abiatuz, neurrira ebazpen egokiena bilatzea, eta bertatik gero parametro urbanistikoak edo dena delakoak ateratzea.
Gaur egungo hirigintza ezin da ulertu trazadurak eta sare egiturak antolatzera mugatzen den praktika gisa. Toki urbanoak eraikitzea, hau da, hiriko edo herriko puntu estrategikoetan planifikazio eta diseinu egokiak bideratzea da, beharbada hiriaren transformaziorako daukagun tresnarik indartsuena, testuinguru berriak sortzeko hauek duten ahalmenagatik.
Honen adibideak baditugu Donostian, nahiz askotan salbuespen iruditu: Peñaren Tenisaren Plaza, Konstituzio Plaza bera, edo Zurriola pasealekuak eta Kursaalak sortzen duten hiri-frontea.
Urtarrilaren bukaeran eman zioten behin betiko onespena Donostiako San Bartolome inguruko Plan Bereziari, eta honekin batera han eraikiko den merkataritza gune berriari. Proiektuaren irudiak eta ebaketak ikusten nituela, Sola-Morales eta bere Hirigintza proiektuaren kontzeptua etorri zitzaizkidan burura. San Bartolomeren izkina horren ebazpenak lehen mailako toki urbano bat sortuko du hirian. Tamalez, oinarrizko planteamendua excel taulaz eta kalkulagailuz egindako hirigintza eredu batetik dator, hirigintza proiektutik abiatu beharrean. Aurreproiektuaren ebaketa ikusi besterik ez dago hortaz jabetzeko. Mendia zena autoentzako bunker erraldoi bat bihurtuko da.
Biziki defendatzen dut arkitektoen lana guztiz funtsezkoa dela honelako tokietan proiektu bikainak sortzeko. Baina joko arauak hasieratik pozoituta egonda, berdin dio eraikina nork egin, emaitzak beti ustel kutsua izango baitu. Hoz Fontan bezalako estudio finkatu batek proiektua egin izanak emaitzaren irudi txukuna bermatzen du. Donostiako Aquariuma edo Arima Hotelaren egileak dira, besteak beste. Baina, funtsean, ez ote da hiriarentzat kalte handia den esku-hartze kutsatu bat apaintzeko estalkia?
Plan Orokorra. Esango nuke, Donostiaren Plan Orokorraren aldaketetatik kaltegarrienetako bat 4 soto solairu eraikitzearen baimentzea izan zela. Sakonki eraldatu zituen hirian eraikitzeko joko arauak. Sotoak eta aparkalekuak edonon atera ziren. Azkeneko kasu honetan, eraikiko duten merkataritza gune berrian, ebaketa planoan ikusi ditzakegun soto solairu izugarri horiekin 270 automobil erakarriko dituzte hiriaren erdigunera.
Etorriko dira gero beharrezko txiribueltak, mugikortasun jasangarrirako planetan ezinezkoa dena justifikatzeko edo irtenbide magikoak bilatzeko. Donostia bezalako tamaina txikiko hiri batean erraz burutu daitezke mugikortasun jasangarri bat sustatuko luketen neurriak. Oztopo handiena hiri erdigunean ditugun parking guztiak dira. Hauei guztiei 270 auto gehiago batzea erdigunera garraio pribatu gehiago erakartzea da, arazoa areagotzea alegia. Zentzugabekeria da, erdiguneetatik automobilak ateratzea lehentasuna izan behar lukeen garaian, garraio pribatuaren, kontsumoaren eta espekulazioa oinarri duen hirigintzaren sinbolo urbano berri hau eraikitzea.
Bideragarritasun ekonomikoa ardatz bakarra duten hirigintza eredu espekulatiboak nekez sor ditzake Sola Moralesek azaltzen zituen toki urbanoak, hiriaren aniztasuna eta konplexutasuna irakurtzeko gai direnak, denontzako espazio sinbolikoak direnak, hiriaren egitura eta funtzionamendua hobetzeko kapazak direnak.