Grabitate zentroa
Urte batzuk joan dira trenik gabeko trenbidearen zantzuak begien aurrean jartzen hasi zitzaizkigunetik. Mendiak zeharkatzen dituzten zuloak eta zulo-asmoak, hanka luzeekin ibar eta haranak igarotzen dituzten zubi erraldoiak, muinoak urratuz, basoak xehatuz eta lursailak erauziz doan mamua da... Inguruaren aurka espresuki eta harrokeriaz egindako oldarra dirudi Euskal Y edo abiadura ezjakineko balizko trenarentzat bide hori irekitzeko leku batzuetan egin dutena eta egiten ari direna.
Eta beharrezkoa izango da hala ere; ezinbestekoa batzuentzat, edo batzuen interesentzat. Batzuen interesak beti daude beste guztiaren gainetik. Horregatik da beharrezkoa. Ikusi besterik ez dago nola ibili den lehengo hilean leku hauetako lehendakaria, Europako «grabitate zentroa» ekialderantz doalako kezkatuta, eta frantziar presidentearen kapritxoekin haserre, Macronek ez diolako agindu 2042. urtea baino lehen mundu zabalerako loturarik izango duenik abiadura ezezaguneko hemengo balizko trenak.
«Ez da serioa», esan du Urkulluk, eta Galiziako, Kantabriako eta Asturiasko presidenteei deitu die bilkurara aurrena, Nafarroako lehendakariarekin eta Akitania Berriko presidentearekin Donibane Garazin bildu da hurrena... Gauzak ezin baitira edonoren esku utzi. «Egitekotan, norberak egin behar» pentsatuko zuen; «bestela alferrik da!».
Mamuaren etorreraz eta bere kostuez 2019ko udan idatzitako artikulu bat topatu dut: «Gaur egun uste da ez dela martxan jarriko 2023. urtera arte, eta kostua 2.000 milioi euro igo da, 6.000 milioiraino...». Eibarko ospitale berriak 28 milioi euroko kostua izan zuela esanez bukatzen zuen Juan Mari Arregik idatzi hura. Txistetzat hartuko zuen orduan batek baino gehiagok.
2023an gaude, eta «Borondate politikorik baldin badago eta inbertsio ahaleginari eusten bazaio esan dezakegu 2027rako amaitu ahal izango ditugula AHTren lanak» bota du Eusko Jaurlaritzako sailburuak, bide batez seriotasunaren adibide izan nahian seguru asko.
Laster izango dira hogei urte hasi zirela eta auskalo beste zenbatetan jarraitu nahiko duten trenbidearen auziarekin. «Borondate politikoa izatea eta inbertsio ahaleginari eustea» da kontua; helburua ez da azken geltokia, amairik gabeko bidea bera baizik. Hortxe dago grabitate zentroa; ez begiratu alferrik beste puntu kardinaletara.