Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Ametsak eta funtzionarioak

Azkenaldian inguruan joera bat sumatzen ari naiz. Iruditzen zait gero eta jende gehiagok partekatzen duela amets bat: Euskal Herri askea? Ez, funtzionarioa izatea. Estatu espainolean berriki egin duten inkesta bat topatu dut. Lau espainoletik hiruk funtzionarioa izan nahi du, eta gero eta jende gehiago ari da oposizioak prestatzen. Bide horretan laguntzen duten akademiak ere martxa betean ari omen dira.

Ez dakit Euskal Herriko datuak zeintzuk diren zehatz, baina uste dut “antzeko parezido”. Soldata txukunak, egonkortasuna, bizitza kalitatearen hobekuntza eta lana eta familia uztartzeko erraztasuna. Horiek dira funtzionario izan nahi izateko pizgarri nagusiak.

Emakumeak omen dira oposizioak egiten dituzten gehienak, 35-41 urte bueltakoak eta arlo pribatuan lan esperientzia daukatenak. Baina gazteen artean ere gora egiten ari da joera. 26-30 urte bitartekoen kopurua gero eta nabarmenagoa da.

Eta hori ere ikusi dut inguruan. Funtzionarioak izan nahi dute lan munduan arlo pribatuan eskarmentua duten zenbaitzuk, erreta eta nekatuta daudelako prekaritatearekin, eta kuadrillan dituzten funtzionarioak askoz hobeto bizi direla uste dutelako. Baina funtzionarioak izan nahi dute unibertsitatetik atera berri diren gazteek ere. Unibertsitatea amaitu, praktikak egin, lan pixka bat han edo hemen eta akademian izena eman, oposizioak prestatu eta erakunde publikoren batean lan egiteko. Non? Zertan? Zertarako? Hori guztia berdin da, funtzionarioa izatea da ametsa, funtzionarioen lan baldintzak izatea.

Ez da txarra edo kritikatzekoa. Amets guztiak zilegi diren mundua aldarrikatzen dut. Baina tokitan geratu dira handitan suhiltzailea izan nahi zuenaren ametsa, erizaina izan nahi zuenarena, auzoan arropa denda propioa jarri nahi zuenarena, etxeko baratzeko barazkiak plazan saldu nahi zituenarena, ilargira bidaiatu nahi zuenarena, harategi bat jarri nahi zuenarena bere aitonak bezala.

Aitortu behar dut joera horrek pixka bat kezkatzen eta tristatzen nauela. Batetik, arlo pribatuan lanean ari direnen prekaritateak eta lan baldintza eskasek kezkatzen naute. Funtzionarioek bezain lan baldintza onak gauza orokorra izan beharko lukete. Hor lokatz potoloa dago. Bestetik, amets distiratsuen itzaltze horrek ere kezkatzen nau.

Inguruan ditut oraintxe beren bidea nondik jarraitu erabakitzen ari diren gazteak; zer ikasi, non, nondik segi bidea... Ametsak harrotzeko garaia dela esaten diet, handira jokatzekoa. Ametsari begira egiten den bidean eroriko dira, kolpe latzak jasoko dituzte agian, ametsaren norabidea aldatu akaso. Baina horiek nahi ditut gure herriaren motor. Gero akaso funtzionarioak izango dira, edo ez.

Posdata: Muxu bat lagun funtzionario guztiei. Hurrengo tragoa zuen kontu.