NEKANE AZPIAZU LEJARDI
ARKITEKTURA

Espezie anitzeko arkitektura

Azkenaldian, dena bilakatu da, edo hobeto esanda, bilakarazi dugu larrialdi. Gizakia piramidearen goiko erpinean kokatzeak eraman gaitu egun gauden eszenatoki ziurgabera, eta nagusi dira gizartean krisi klimatikoa, krisi energetikoa nahiz elikagaien krisia. Atzeraezina den errealitatea instalatu dugu. Donna J. Haraway biologo, zoologo eta filosofoak sendaezintzat jotzen ditu planetari ireki dizkiogun zauriak. Horren aurrean, berak Chthuluceno moduan izendaturiko garai berri batean sartzea aldarrikatzen du, ekologiaren gainbehera sortu duen Antropozenoari amaiera emanez, eta horretan bizitzaren ikuspegi berri bat aurkezten digu, gizakiaz harago doana. “Seguir con el problema” liburuan jorratzen duen teoriak giza lidergoarekin amaitzea eta espezieen arteko erlazio sarea indartzea proposatzen du erronka zailei aurre egin beharko dien zibilizazioarentzat. Gizakiak aktore bakarra izateari utziko dio, eta espezie ororekin aliatzeko premia sentituko du, planetaren gainbeheran eroso biziraun nahi badu.

Gainerako espezieez ari garenean, landareez, hegaztiez nahiz intsektuez gain, besteak beste, birusez eta bakterioez ere ari gara, denen arteko oreka beharrezkoa delako, baita ikusezin horiena ere. Gogora dezagun bestela, 2019. urte amaieran mundua astindu zuen pandemia madarikatua. Giza existentzia kolokan ikusteak ordura arteko bizimodu egoista zalantzan jartzera eraman gaitu, besteak beste, hiriak birpentsatzera, eta horri esker zuhaitzen, txorien eta zomorroen presentzia funtsezkoa bilakatu da espazio publikoan betetzen dituzten funtzioak direla eta.

Arkitektura lanabes aproposa da gizakiak ez diren bizidunekin ahaidetasun berriak eraikitzeko. Mekanismo eta xehetasun txikien bitartez, horiek erakarri eta lekuko natura prozesuak erreproduzitzeko esfortzua egin dezakegu. Horixe bera egiten du, Lys Villalba eta Enrique Espinosak diseinaturiko Educan txakur trebakuntza-zentroak, non gizakiak, txakurrak nahiz beste espezieak bizikide diren. Eraikina Madril mendebaldeko landa ingurunean dago, azken hamarkadetako urbanizazio berriek eta nekazaritza intentsiboak mehatxaturiko soro artean, eta ingurune horretako ekosistema eta ingurune-baldintzak berreskuratzea du xedetzat.

Espezie anitzeko arkitektura diseinua da nagusi, gizakiz eta txakurrez osaturiko bikoteek bizkortasun, obedientzia eta miaketa ariketak ikasi eta praktikatu bitartean, hegaztiek -hontzak, sorbeltzak eta belatzak, besteak beste- habiak egiten dituzte horretarako pentsaturiko fatxadetan. Hegazti harrapariak karraskariez elikatzen dira, eta horrek azken horiek laborantzetan eta beste zenbait landaretan eragiten duten kaltea orekatzen du. Gainontzekoek, aitzitik, saguzarrekin batera, intsektuak jaten dituzte, txakurrei gaitzak transmititzen dizkieten eltxoak barne. Ekosistemaren oreka eustea lortzen dute espezie desberdinen arteko harreman sareak dakarren elkarrekintzari esker.

Barnealdean, lau hankadunen beharretara egokitzen dira espazioak oinetakoak daramatzaten erabiltzaileen gainetik, zoruen akabera materialak txakur-hanken kuxinak eta artikulazioak kontuan hartuta aukeratu baitira. Zaunka hotsak ordezkatu duenez hitza, gainazal bertikalen isolamendu akustikoari arreta berezia jarri zaio, emaitza gisa xurgapen akustiko handiko piramide isolatzaileak ezarriz zarata eta erreberberazioa ahalik eta gehien gutxitzeko. Espazio desberdinak bisualki lotzen dituzten tarteak ere metro batetik goragoko altueran kokatzen dira, ez dadin animalien arreta galdu. Era berean, hegoaldeko fatxadako eguzki babeserako pertsiana bilgarriak ez dira ausaz aukeraturikoak, itzala emateaz gain, zakurrei kanpora irteteko aukera ematen baitie estalkitik jasotzen den ura edatera joateko. Ur beretik edatera gerturatzen dira txoriak, eta horrekin ureztatzen da lursaila ere.

Materialen berrerabilera. Espezie arteko hartu-emanean arreta jartzeaz gain, eraikuntza-sistemen aukeraketan esfortzu handia egin da materialak berrerabiltzeko eta sorturiko hondakinak murrizteko. Esaterako, eraikinaren bolumenaren %30 itsas garraioko sei edukiontzik osatzen dute, estalkian ikus daitezkeenak. Horretaz gain, kontainer horietatik sobratutako xafla metalikoei probetxua atera zaie behe oineko fatxadaren kofratu gisa, horrela, hormigoiaren gainazalari testura uhindua emanez.

Eraikina osatzen duten elementu ororen birziklapena bermatuta dago; zimenduak eta behe oineko hormigoizko fatxada izan ezik, elementuak eta piezak lehorrean mihiztaturikoak baitira, desmuntaketa eta material bereizketa errazteko. Esan daiteke, inguruko ekosistema bezala, materialen zikloa ere orekatu egiten dela.

Eraikinak, espezie desberdinen arteko errespetuan oinarrituriko pentsamendu aurrerakoi batetik jaioak badu zerbait berezia bilakatzen duena. Jaso dituen sariak eta izendapenak ez dira kasualitate hutsa, besteak beste, MATCOAM 2021eko berrikuntza saria edota EU Mies Award 2022ko izendapena. Educanen arrakasta sortu dituen arkitektura ikuspuntu berrietatik dator: alde batetik, arkitekturaren bidez espezie anitzeko ekosistemak sortzea eta bultzatzea posible dela sinetsarazten digu, eta, bestetik, berriz, nekazaritzako eta abeltzaintzako eraikinak, gehienetan diseinutik aldenduak, berrikuntza eta esperimentaziorako espazioak izan daitezkeela erakusten digu. Espezie anitzeko bizikidetza sarearen aldeko arkitektura da, funtzionalki Harawayren Chthulucenoarekin bat etor daitekeena.