Gargolak
Harrigarrien bila gabiltza munduan, ohikoa ohikeria bilakatzetik ihesi, errutinaren astingarriak behar ditugulako. Ohikoari ez diogu arretarik ezartzen, ñabarduretan bada ere gogoa kiribiltzen ez bazaigu. Zerbait arretagarri izateak ez du berez ona edo txarra denik esan nahi, arrazoi jakin edo ezjakinagatik arreta erakartzen dizula besterik ez. Bere ederrak edo itsusiak zeure baitan sentipenen bat astintzen dizunean bihur daiteke zerbait arretagune eta agian harrigarri.
Neure harrigarrien segida egingo banu, zerrendan asko atzeratu gabe ipini beharko nituzke eliza, katedral eta gisako eraikuntzetako gargolak, teilatu hegaletan eta hormetan urrunera begira dauden harrizko irudi itsusi-eder esanezin horiek. Gizaki edo animalia fantasmagorikoen itxura dute gehienetan, harginaren irudimenak eman ahala emanda eginak. Euri-ura hormak miazkatuz eta eraikuntza hondatuz jausi ez dadin ezarritako erreten edo hodien muturrak baizik ez dira berez, baina harginaren irudimenak adina erants diezaioke begiratzen dion bakoitzaren izuak, txundidurak, zer dakit nik zerk.
Gargola izenaren nondik norakoen bila, latinean eta grezieran ei ditu zuztarrak; hortik segika frantsesezko gargouiller aditzarekin egin dezakezu topo eta gurera ekarrita hortxe daukazu gargarak egitea. Beraz, eraikina honda ez dadin, teilatua eta egitura osoa babestu eta gainera erortzen den zikinkeria, euria, kazkabarra edo dena delakoa gargarak egin eta hormetatik kanpo jaurtitzen dute gargolek. Baina kanpotik letozkeen bekatarien aurrean tenplu barruko bertute eta saindutasuna babesteko funtzioa ere egozten diote batzuek. Esan liteke, beraz, katedral, monastegi eta beste jauregi zenbaiten esentzien zaintzaile direla munstro gisara zizelkatutako irudiok.
Hamabosten bat egun izango dira, Juan Alberto Belloch espainiar ministro ohia, magistratu ohia, Zaragozako alkate ohia, Madrilen senatari eta diputatu ohiaren gar-gar-gargarak entzun genituen. GALek ez omen zion erasan handirik egin Estatuari, Galindok meritu handiak egin omen zituen... Ez dakit harrigarria ote den, edo ohikoaren errepikapen soila, arretagunea lehengo puntura ekartzen diguna.
Ematen du, dena den, goi lainoetatik jausitako euri edo kazkabarraren ordez tenplu barneko bertuteen esentzia dela keinu groteskoan ikusten ditugun gargolek batzuetan oka edo tu eginez jaurtitzen digutena.