Amaia Uribe
IRITZIA

Ez utzi biharko

Lagun batekin egon naiz kafe bat hartzen eta 40 urte betetzen ditugunean kuadrillarekin egin nahi dugun bidaiari buruz berbetan hasi gara. Eivissara joatea proposatu du berak, Amsterdamera joatea proposatu diot nik. Gero esan du Marrakex ere modan dagoela, eta Algarven hondartza ederrak daudela esan diot nik. Ia ordubete eman dugu zer egin dezakegun pentsatzen.

Bizitza osoa pasatzen dugu planak egiten. Dela Japoniara bidaiatzea, dela egongelako altzariak aldatzea. Egunetik egunera luzatu egiten da gure asmoen zerrenda, baina gehienetan plan horiek ez ditugu betetzen. Beti pasatzen da zerbait. Ez dugula nahi beste aurreztu, lanean gauzak kili-kolo daudela eta kaleratzearen beldur garela, haurrak aitarekin uzteak errudun sentiarazten gaituela… Planak egitea erraza da, baina aitzakia merkeak bilatzea errazagoa.

Amatasunarekin ere antzekoa gertatzen da. Badirudi ez dela sekula une egokia. Lehenengo, egonkortasuna nahi dugu. Gero, gure lan aukerak aprobetxatu. Ostean, botako dugun azken parranda zein izango den planifikatzen dugu. Sarritan denbora joaten zaigu une perfektua aurkitu gabe eta arazoak etortzen dira gero.

Buruan excel orri bat duten pertsona horietakoa izan naiz. Beti planak egiten. Larunbat goizean, erosketak; eguerdian, barbakoa lagunekin; igande goizean, buelta bat oinez; eta arratsaldean, zinera. Kafea hartzeko neukan denbora ere markatuta izaten nuen. Hori aldatzeko ahalegina egiten ari naiz, gero eta argiago baitaukat inprobisazioa behar dela bizitzan. Hainbeste pentsatu barik hartu behar dira erabakiak. Biharko utzi barik. Egin eta kito. Ez baitakigu, bihar zer gertatuko den. Ez baitakigu, bizitzak noiz emango digun hurrengo kolpea.

Duela gutxi, lehengusu bat hil zitzaidan. Haren hiletan batu ginen gainontzeko lehengusu-lehengusinak. Eta batek bota zuen: «Urteak daramatzagu lehengusu-lehengusinen bazkari bat egin behar dugula esaten eta, azkenean, bazkarian barik hiletan elkartu gara». Elkarri agindu genion, baietz, bazkaria antolatu behar genuela. Hilabeteak igaro dira, eta oraindik ez dugu bazkaririk egin.

Lehengusu-lehengusinen bazkariarekin gertatu den berdina gertatu ez dadin, kuadrillako bidaia antolatzen hasiko naiz. Lagunei esango diet, baina, ez dugula 40 urte bete arte itxaron behar. Egin dezagun bidaia hori ahalik azkarren, biharko utzi gabe.