MARKEL URRATE ANTIA - Salto Training

Denboraldiaurrea

Urte osoa puntaren puntan entrenatzen zein lehiatzen ibili ondoren, kirolariek gustura heltzen diete uda garaiko opor egunei. Atseden hartzeko, elikadura aldatzeko, beste jarduera edo kirol batzuk egiteko momentu aproposa izan ohi da, bide batez lehiaketak eta errendimenduak dakarren estres maila murriztuz.

Bestetik, urteko eten hau momentu paregabea da denboraldian zehar landu ezin izan diren alderdiak sendotu eta ahuleziak bertute bilakatzeko. Beraz, zertan datza denboraldiaurreak?

Errendimenduko prestakuntza fisikoko programa baten hasieran, lehenik, praktikatuko den kirola zein kirolariaren beharrak aztertu eta baloratu behar dira. Balorazio funtzional eta beharren araberako test espezifikoei esker, kirolariaren gabezia eta ahuleziak azaleratzen dira, eta, horri esker, programaren nondik norakoak diseinatzen hasteko abiapuntua lor dezakegu. Fase honetan, garrantzitsua da kirolariaren artikulazioen mugikortasun maila, gorputz enborreko (CORE) indarra, deskonpentsazioak, potentzia, egonkortasuna eta indar unilaterala (hanka zein beso bakarreko mugimenduak) baloratzea.

Jarraian, entrenamendu programa diseinatzeko garaia dator. Urteko egutegia aurrean izanik, entrenamendu eta atseden egunak zehazteko unea izango da; hortaz, fase honetan kargen eta landu beharreko edukien kontrola izatea ezinbestekoa da gehiegizko entrenamendua gerta ez dadin.

Kirol bakoitza espezifikoa izan arren, kirolariaren prestakuntza fisikoaren arloan amankomunean dituzten alderdi eta eduki asko topa daitezke: artikulazioen mugikortasun maila egokiak lortu behar dira, hori eragozten duten giharren tentsioak landuz. Gorputz enborreko giharren (CORE) egonkortasuna edozein karga jasateko gai izan behar da. Goi zein behe ataleko giharren potentzia (mugimendua ahalik eta abiadura azkarrenean burutzea) lantzea arrakastaren gakoetako bat da. Indar maximoa lantzeak gorputzeko oinarriak tinko mantentzen lagunduko digu. Kirol guztietan indarraren gaitasuna era unilateralean helarazten denez, indar unilaterala lantzea ezinbestekoa da. Alderdi fisiologikoak lantzeak bihotzak luzaroan irauteko duen gaitasuna hobetuko digu.

Prestakuntza fisikoaz gain, badira eskutik lotuta doazen eta hura hobetzeko ezinbestekoak diren alderdi nutrizional eta mentala. Honekin guztiarekin, kirolaria bere osotasunean prestatuko dugu, lesioak izateko aukera gutxituz eta bere errendimendu maila areagotuz.