AMAGOIA MUJIKA
IRITZIA

Usainak

Zein usain daukate lainoek? Hilekoa eta bere usaina ezkutatu egin behar zirela agintzen ziguten iragarkiekin hazi ginen, gu eta gure adin bueltako mutikoak. Neska-mutikotik gizon-emakumera pasatu garenean ere ez da inoren mesedetan izan. Zure parterik intimoenak berez usain txarra duela pentsatzeak ez du laguntzen gertutasuna behar duten harremanetan. Lan ederra izan dugu iragarki inozoak eranzten.

Bada, orain, bestelako usainen kontrako kanpaina hasi da. AEBetan dagoeneko galdera airean dago: zein usain daukate barrabilek? Bai, bai, ez da broma. Gizonezkoen barrabiletarako desodoranteak saltzen ari dira eta modu arrakastatsuan, gainera. Hogeita hamar urteren bueltako gizonezkoen artean daukate arrakasta gehien.

Hasieran zientziaren adarretik hasi ziren produktu berria saltzen; gizonezkoen hankartean bakterio asko sortzen dela, garbitasuna garrantzitsua dela, osasuna zaintzeko modua dela... Ez zuen arrakastarik izan. Orduan mezuari bestelako jitea eman zioten; «2023an gaude, ez 1970ean. Ile-matak modaz pasata daude. Bukatu da baso artean galtzea». “Billar-bolek” daukaten usainaren inguruko gogoeta filosofikoek bai lortu dute jendearen arreta eta poltsikoa lotzea eta barra-barra saltzen hasi dira barrabiletarako desodoranteak.

Estrategia krudela iruditzen zait. Pertsonengan segurtasun falta sortu, norbere gorputzarekiko konfiantza falta sustatu, zalantzak sortu eta, behin lursaila prest dagoenean, modu artifizialean sortutako arazoari irtenbidea eman. Hemen duzu zure arazoa konpontzeko irtenbidea: barrabiletarako desodorantea!

Egia esan, estrategiak ez dauka ezer berririk. Pentsa zenbat hamarkada daramaten emakumeen gorputzetan “inperfekzioak” nabarmentzen eta horien kontrako antidoto magikoak saltzen. Ez dezagun ahaztu emakumeei besape ederrak izateko agindua ematera iritsi direla iragarkiak. Besape ederrak!

Tristura ematen dit. Emakumeak mandatu estetikoetatik askatzeko borroka aspaldikoa da, izan ditu lorpenak bidean, baina oraindik uztarri horretara lotuta gaude. Emakumeak askatu ez eta gizonezkoak ari dira lotzen mandatu estetikoetara. Gure gaztetxoei begiratu besterik ez dago, futbolarien “tabletak” nahi dituzte sabelaldean. Parekidetasuna ez da gizon zein emakume estetikaren diktadurara neurri berean lotzea. Niretzat norberari bere gorputza maitatzeko arnasa eta askatasuna ematea gertuago dago parekidetasunetik.