JOKIN URAIN
IRITZIA

Asmamenetik

Asmamena bere-berea du gizakiak. Gizakion ezaugarri garrantzitsu bat, giza izaeraren funtsezko oinarri bat izendatu behar banu, asmamena dela esango nuke. Asmamenak jaso gintuen tximino izatetik gizaki izatera. Asmamenik ezak denboraren noziorik eza esan nahi luke seguru asko, aldaketarako gaitasunik eza, berrikuntzarik eza, betiko beti-berdinean jarraitzea alegia, atzokoaren eta biharkoaren ardurarik eta kontzientziarik gabe.

Berez ez zait kezkagarria iruditzen denboraren noziorik ez izatea; mesede galanta igual, denbora delako gehienetan itolarrira eramaten gaituena. Eta hara abere jendea, itxuraz bederen iraganaren edo geroaren larritasunik gabe bizi dena... Batzuk besteak baino tenplatuago baina gehienak edo denak jolas egiten ere badakitenak, uretan batzuk, lurrean besteak, zuhaitz adarretan jauzika ere bai. Eta haiek ere sentitu dezakete zoriona deitzen diogun hori. Tximinoen eta orokorrean animalien zorionean sinisten baitut, geuk zorigaiztoko bihurtzen ez ditugunean behintzat.

Baina gu, ortzi infinitura begiratu eta geure txikian ezin konformatu, ezin gauzak patxadan hartu, begi kolpe batean aurrean ez zeukana asmatzen hasi zen gizakia. Erlojua asmatu behar izan genuen, dena konplikatzeko, eta, denboraren aurka ordutik, eguneroko beharrak ase ahal izateko tresneriarekin nahikoa ez, beti beste zerbait amets, zeru goietara begiratu, izarrei-eta erreparatuta zerbait ikusi uste. Baina, behin hasita, asmamenak ez du mugarik; beharra sentituko zuen eta, jainkoak asmatzeari ekin zion gizakiak.

Batzuetan asmatzeko ahalmenak bere onetik eta neurritik ihes egin dio gizakiari. Horrelako zerbait gertatu behar izan zitzaion jainkoen kontuarekin, hain handiak, orojakileak eta ahalguztidunak asmatu eta sortu baitzituen. Eta geroztik hemen gabiltza denok haien esanetara, haien beldurrez, haien adorazio egarria ase ezinik, haien zerbitzari izateraino makurturik.

Jainkoak ongi sortu gintuela esan berri du Portugalen Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzain ohiak. «Jainkoa ez da ekibokatzen» gehitu du. Esadazue ez dela miresgarria zoro halakoaren harrokeria eta konbentzimendua!

Ez dakit Jainkoak ongi ala gaizki sortu gintuen edo Jainkoa tronpatzen den edo ez den. Baina norbait ekibokatu zen jaun horri zeruetako Jainko ahalguztidunaren lurreko ordezkaria dela sinetsaraztean.