Garazi Aranguren
ARKITEKTURA

Villa Slow, etxola pasiego baten berrinterpretazioa

“Villa Slow”, Laura Alvarez arkitektura bulegoak proiektaturiko etxea, Kantabriako “Valle Pasiegoetan” aurki dezakegun oporretarako alokairuko etxe bat da. Etxearen izena proiektuak jasotzen dituen asmoen adierazpena da, honen kokapena eta planteamendua bizitzari presarik gabe eta naturarekin lotuta egindako omenaldia baita.

Etxola pasiegoak Kantabria ekialdeko mendi hegaletan aurki ditzakegun eraikuntza tradizional mota bat dira. Hauen funtzioa, udan mendi gailurretako larreetara bazkatzera igotzen ziren abeltzain eta abereen denboraldi baterako bizitokia izatea zen. Abeltzaintza eredu pasiegoaren bereizgarri nagusia "la muda" da, etxola batean aste pare bat igaro ondoren hurrengo jabetzara joateari deritzona. Sistema honek etxolen inguruko larreak partzelatzea eta egun jasotzen ditugun txabola-lursail konbinazio bereizezina sortzea ekarri zuen.

Laura lurralde honetan hazi zen, eta alderdi natural honen oroitzapen goxoak gordetzen zituen. Baina bertan gelditzeko toki baten falta sumatu zuen beti, eta, sentimendu hau jende gehiagok ere izan zezakeela ondorioztatuz, toki hau sortu eta elkarbanatzea erabaki zuen. Ideia honekin, 2014an lursaila erosi eta urte batzuen buruan Villa Slow ostatu ematen hasi zen.

Etxea bi hektarea baino gehiagoko lursail natural batean kokatzen da, lehen bertan izan zen etxola pasiego baten aztarnen gainean, eta hango eraikuntza tradizionalen adierazpen gaurkotua da.

Ikusten ditugun harrizko hormak lehengo txabola hondatutik hartutako harriekin jasota daude. Akabera honen atzean, hezetasuna ekiditeko eta isolamendu termikoa bermatzeko zenbait geruzaz gain, termoarcillazko nukleo bat dago, denera 70 cm lodiko fatxadak emanez. Bi isuriko estalkia ere harrizkoa da, hainbat geruzaren ondoren arbelezko lauzekin amaitua.

Eraikinaren inguru osoan tamaina handiko 5 irekidura ikusiko ditugu. Hauen beirak errendimendu altukoak dira, neguan eguzkiak jotzean bero kaptatzaile moduan funtziona dezaten. Eguzki babesa eta iluntzeko aukera bermatzeko bakoitzak bere neurriko kontraleihoak ditu, arotzeria guztiak bezala gaztainondo egurrezkoak. Hormek oinarrian euri-urak drainatzeko legarrezko banda bat dute, leihoen parera iristean zabaldu eta lauza handiekin zolatzen dena, terraza bihurtuz.

Diseinu fasean arreta berezia jarri zen elementuen simetrian eta multzo osoaren proportzioen orekan, espazio honek lasaitasuna transmititzea baitzen helburua. Gainera, etxearen antolaketa sekuentzia gisa planteatu zen, egonaldi laburreko bisitarientzat erabilerraza eta intuitiboa izan zedin.

Mendebaldean kokatutako sarrerako atea ireki bezain laster etxearen luzera osoa hauteman dezakegu. Bertan, kanpoko itsura landatarrarekin kontrastean, horma zuriak, mikromortairuzko akaberadun zoru gris jarraia eta sabaiko egurrezko saihets lerrokatuak aurkitzen ditugu.

ETXEAREN BIHOTZA

Aurrerago joanda, etxearen bihotzera iritsiko gara egongela- jangela- sukalde espazio bateratura. Hor ohartuko gara sabai dotore honek ez duela gailur haberik, estantziaren zeharkako irakurketa indartzeaz batera zehaztasun handiz eginiko egitura dela azaltzen diguna. Protagonista nagusiak, ordea, leihoak ditugu, inguruko mendien ikuspegiak eskaintzeaz gain, irekitzean, barne-kanpo espazioen arteko muga erabat ezabatuko dutenak. Barnealdean, estantzia hau mugatuz, tamaina berdineko bi bolumen ditugu, biltegiak, instalazioak eta nukleo hezeak jasotzeko eta etxearen programa antolatzeko ibiliak. Sukaldea eta tximinia, altzari mugiezinak, prisma hauei hozka eginez paratu dira, erdigunea libre utziz.

Korridoreetatik ekialderantz jarraituz, erabat simetrikoak diren bi logeletara iristen gara. Hauen marko gabeko ateak irekita daudenean ia hautemanezinak dira. Bainugelak eta armairuak alboan dugun prisma honen barruan jasota daude, eta, euren gaineko altuera eskuzabalari etekina ateraz, teilatupean egoteko txoko bat egokitzen da, lo egiteko espazio gehigarri bat izan daitekeena.

Etxe honen bidez, Laurak, guztiontzat eskuragarri jarri nahi izan du beretzat horren maitatua den ingurunean denboraldi batez gelditu ahal izateko toki bat: mendiz, itsasoz, lasaitasunez, kultura aberatsaz eta gastronomia onaz inguratuta.

2020an Covid-19aren pandemiak jo gintuenean, Laura eta bere bikoteak Amsterdam utzi eta Villa Slow-en babestu ziren. Bertan “konfinatuta” igaro zituzten bost hilabeteek beraien bizitzeko modua birpentsatzera eraman zituen, eta bertan bizitzen gelditzea erabaki zuten. Hala, Herbehereetako bulegoa itxi eta Villa Slow-tik hurbil dagoen beste lursail batean eraiki dituzte beraien etxea eta bulegoa, orain epe luzerako bizitoki izateko prestatuak. Bi eraikin hauek beraien esku hutsez eraiki dituzte, egurrezko eraikuntza teknika ezberdinekin (bata “balloon frame” eta bestea “post & beam”), bakoitzaren abantailez ikasiz eta emaitzak lehenengo pertsonan esperimentatuz.