Mikel Zubimendi Jon Urbe FOKU
PIRATA: HILTZAILE ODOLZALEA ALA ERREBELDE IRAULTZAILEA?

Bizitza, bandera piratapean

Liluratu egiten gaituzte, goraipatu ditugu, mozorrotu egin gara, beren bizitza hoberena dela kantatu dugu. Erromantizatu egin ditugu, agian bai. Baina politika erradikal bati begira, erabilgarriak izan daitezkeen lezioak eta memoria bat utzi zuten. Merezi du piraten kodeak, epopeiak, eta eskasiak ere, ezagutzea.

Katakrak argitaletxeak argitaratutako piraten inguruko liburuaren irudia; legez kanpoko itsas-nomada hauen bizimoduaren esanahi kulturala eta politikoa aztertzen du.
Katakrak argitaletxeak argitaratutako piraten inguruko liburuaren irudia; legez kanpoko itsas-nomada hauen bizimoduaren esanahi kulturala eta politikoa aztertzen du.

Piratez idaztea ez da erraza, egin edo egin ez zutenaren inguruan hitz egiten den guztietan arazo larria baitago: ez dago iturri fidagarririk. Ez daude bitakora kaierak, ez eguneroko idatziak, ez gutunak, ez itsasontzietako bizitzaren benetako irudia ematen duten dokumentuak. Dauzkagun bakarrak XVII. mendean epaimahai batek frogatzat onartutako piraten aurkako epaiketen transkripzioak, gobernuen erregistroak, literatura eta zinema, erromantizismoa eta mitoa dira. Hori da dagoena eta dagoenarekin egin behar da, ez dagoen tokitik ez dagoelako ateratzerik.

Baina eman diezaiogun bide gure jakin nahiari, alisio haizeen esanetara jarri eta abia gaitezen mundu zahar eta berri, maltzur eta gordin batera. Boga egin dezagun aspaldiko uretan, eta abordatzera! Egin dezagun salto historian atzera, garai bateko piraten bizitzak ezagutzera. Kapitain ona dugu horretarako: Gabriel Kuhn kazetari austriarra, Katakrak argitaletxearekin “La vida bajo bandera pirata” liburua argitaratu berri duena.

PIRATEN URREZKO AROA

Nabigazioa errazteko, bide orri zehatza proposatu digu Kuhnek: Piraten Urrezko Aroan zentratzea, hots, Kariben XVII. mendearen bukaeran hasi, Indiako Ozeanora zabaldu, eta Afrikako mendebaldeko kostaldera iritsi zena. Historialarien ñabardurak gorabehera, 1690. eta 1725. urteen arteko garaiaz arituko gara, nahiz eta pirateria nabigazioa bezain jarduera zaharra izan eta itsaslapurretak mende bat aurrerago ere dokumentatuta egon. Kariben eta Ameriketan potentzia kolonialen artean lehertu zen lehiaren barnean sortu zen fenomenoaz jardungo gara lerrootan: arerioen itsasontziak arpilatzeko europar estatuen indar mertzenario bezala jarduten zuten «itsas otso» haietaz, eta ondorengo pirateriaz.

Kondairak dioenez, Ingalaterrako Isabel erreginak «nire pirata» deitzen zuen Francis Drake; Garfio kapitaina, Jack Sparrow eta Bizarbeltzarekin batera piraten artean enblematikoena izan zena. Baina, puntu honetara iritsita, terminologia mailan argipena egitea komeni da. “Pirata” hitza hor dago, eta “bukanero” hitza, eta “kortsarioa”. Sinonimoak al dira? Ez. Gauzak sinplifikatzearren, esango dugu pirata itsasoan lapurtzen edo arpilatzen duen oro dela, eta, bukaneroak, adibidez, lizentziarekin jarduten zuten itsaslapurrak zirela, potentzia kolonialen heroi nazional bihurtzeraino iritsi zirenak, «pirateria patriotikoaren» praktikanteak. Baina denak ziren itsaslapur, lizentzia edo autoritate gabe lapurtzen zutenei “pirata” deituko diegun arren. Hauek ez zeukaten herrialderik, beren zibilizazio propioaren etsaiak ziren.

XVII. mendean La Española uhartean (egungo Dominikar Errepublika eta Haiti) sortu zen itsaslapur eta gaiztagileen komunitatean har dezakegu haria. Beste itsasontzietatik ihes egindako marinel, naufrago, esklabo, preso politiko iheslari, abenturazale eta desertoreek osatzen zuten. Bukaneroak izan ziren lehenbizi, eta Karibeko indigenek haragia ketzeko zuten ohituratik hartu omen zuten izena. Piraten kapitainei “errepresalia gutunak” (kortso agiriak) banatu zizkieten Europako potentzia kolonialek, zeinetan herrialde etsaien merkataritza ontziei eraso egiteko eta bertako zama lapurtzeko oniritzia ulertzen zen. Denborarekin, itsaslapur banda hauen ekintzak operazio militarren eskala hartu zuten, hala nola 1671n Panaman (Espainiak gobernatu zuen orduan) egindako eraso arrakastatsuan.

XVII. mendearen bukaeran politika kolonialak aldatu ziren eta jada ez zegoen bukaneroen zerbitzuen beharrik. Diru sarrerarik gabe utzi zituzten eta beren kabuz jarraitu zuten merkataritza ontziei eraso eginez, mundu osoari gerra eginez. Hor hasi zen piraten Urrezko Aroa. Hiru hamarkadaz arrakasta handia izan zuten, baina sortu eta sostengatu zituzten potentzien interesen alde jada lan egiten ez zutenez, hasieran kriminalizatu, eta gero, elkarlanean, jazarri eta desagarrarazi egin zituzten.

ITSASOETAKO MATXINOAK ALA MERTZENARIOAK?

Hortik egin diogu Kuhni txokora lehen dejadatxoa, piratak eta kolonialismoa txanpon beraren bi aldeak ote diren galdetuz. Europarren kolonizaziorik gabe ez zela piraten Urrezko Arorik izango. Eta ez bakarrik europarrak ez zirelako Karibera edo Indiako Ozeanora iritsiko, baizik eta potentzia kolonialen finantzaketa eta bultzadarik gabe ez zirelako piraten ekintzak existituko. «Pirata batzuk potentzia kolonialek kontratatutako itsasoko mertzenarioak ziren, bai. Baina potentzia ingelesak, frantsesak eta holandesak XVII. mende bukaeran bake tratatuak sinatu zituztenean, lanik gabe geratu ziren eta askok beren balentriekin jarraitu zuten, itsasontzi merkanteak erasotuz. Beren bizitzak hobera egingo zutela pentsatu zuten, azkar aberastuko zirela. Teknologiaren aurrerabideak ere ez zien lagundu: baporeak, balistika aurreratuak, komunikazio telegrafikoak… abantaila eman zieten piraten etsaiei».

Pirateriaren legegabetasun hori zergatik da, egun ere, hain erakargarria? «Jendeak norbanako askatasunarekin amesten duelako, gizarte burgesetan batez ere, non askatasuna, printzipio bezala, goraipatua baina hainbat arau eta legek mugatua den. Burgesek libre izan nahi dute, baina ez dira ausartzen. Desira hori piratengan proiektatzeak nahi eta ezin horri aurre egiten laguntzen die. Eta zenbat eta urrutirago egon denboran eta espazioan, orduan eta arrisku politiko gutxiago du; beraz, eguneroko bizitza pertsonalean ez da ondoriorik igartzen. Pelikulako Karibeko piratak idolatratzen dituztenen artean zenbatek idolatratzen ditu Somaliako piratak?».

Errebelde sozialak kontsideratuta, itsaslapur banda hauek bandolerismoarekin konparatu dituzte, “daukanari kendu eta ez daukanari emon” ideiarekin. «Erradikaltasun erreferentzia batzuk utzi zituzten: Estatuaren boterea ukatzea, komertzio kapitalista etetea, eta abar. Baina beren legatuaren konplexutasun politikoa oso handia da, eta kontuz ibili behar da baieztapenak egitean; beren mugaldeetatik haratago ez zuten mundu berdinzaleago baten aldeko eredu bat eman zuten»

Piraten kokalekuak, hortaz, ez ziren errepublika utopiko bat, anarkikoegiak ziren nonbait. «Hori da, ez zuten iraupenik, ia osoki gizonezkoek osatzen zituzten, ekonomia parasitario bat zuten. Ez zuten deus ekoizten, beren ekonomia guztia lapurretan oinarritzen zen. Piraten Urrezko Aroaren bukaeran, erlatiboki oso gutxi ziren. Ez ziren ugaltzen, ez zituzten umeak, harrapakin eta errekruta berriak behar zituzten etengabe, eta errepresioa eta masazko urkatzeak ugaritu zirenean, gainbeheran sartu ziren. Pirata batzuk bizitza berri bati ekin zioten, sarritan indigenekin bat eginda, baina gehienak borroketan hil ziren, eta bizirik atera zirenetik asko urkatu egin zituzten».

ERROMANTIZISMOAREN ETA KONTRAKULTURAREN ARTEAN

Bandera piratak gure gaztetxeetan daude, irrati libreak irrati piratak dira, «Piraten bizitza hoberena da! Eskola gabe! Lanik gabe! Dutxatu Gabe! Araurik Gabe! Guraso gabe! Beti parrandan! Ron botilarekin!» kantatzen dute euskal haurrek, «Raggamuffin jaia / askatu tabernan bandera pirata» gazteek gaupasetan, Donostiako Aste Nagusiko ekintza kuttunetarikoa da Kontxako Badiaren «Piraten Abordatzea». Ezkerreko giro erradikaleko espazio askotan sinbologian dago. Pirataz mozorrotzen gara, piraten jostailuak denok izan ditugu, txikitatik liluratu gaituzte. Eta, era berean, industria kulturalaren erdian daude, Jack Sparrow adibidez. Potentzial iraultzaile eta kontrakulturala gordetzen al du pirataren irudiak?

«Baietz uste dut. Pena da piraten inguruan eskaintzen dizkiguten bi irudien artean bat aukeratu behar izatea: edo hiltzaile odolzalearena edo errebelde iraultzailearena. Historiagileen artean bi eskola daude. Klasikoa da bat, kontserbadorea, eta korronte honen arabera, pirata ez zen itsasoetako Robin Hood bat, ez zuen ideal noble baten alde lapurtzen eta arpilatzen, gutiziagatik baizik. Itsaslapurren historia hilketa, bortxatze eta arpilatze etengabeen historia da. Baina azken urteetan historiagileen artean beste ikuspegi bat gailendu da: piratak errebelde sozialekin parekatzen dituena, autoritatea eta arau sozial dominanteak arbuiatzen zituztelako, beren barne egituraketa berdinzaletasunaren eta demokrazia zuzenaren esperimentu bat izan zelako, autodeterminazio erradikal batena».

Eta gainera, ondo pasatzen zutela dio mitoak, mozkortzen zirela, musikaren bueltan, parrandazaleak zirela, eta abar. «Bai, historiagileen arteko bigarren korronte horrek piraten bizitzaren dimentsio libidinala ere azpimarratzen du, erradikalak zirela dibertitzen zekitelako, gizarte aspertu baten alde ez duelako borrokatzea merezi; Emma Goldmanek esan bezala, “dantza egiterik ez badut, ez dut zure iraultzan parte hartu nahi”. Baina, segur aski, egia osoa ez dago ez batean ez bestean, bien artean ezkutatuko da. Azterketa analitiko bat behar da, piraten bizitzako zein alorrek inspiratu dezaketen egungo politika erradikala, eta zeintzuk ez. Erromantizazioak inspiratu eta probokatu dezake, baina sinesgarritasuna galtzea ere ekar lezake, eta kasurik okerrenean, tontakeria baten itxura eman».

Kopuruz gutxi izan ziren, Urrezko Aroan piratak milaka gutxi batzuk izatera baino ez ziren iritsi, baina memoria kolektiboan utzi duten aztarna itzela da, kopuruarekiko neurriz kanpokoa. Beste bizitza bat posible zela irudikatu zuten. Robert Louis Stevensonen “Altxorraren Uhartea” literatura unibertsaleko abentura-eleberririk garrantzitsuenetakoa edo Disney konpainiaren “Karibeko piratak” eta Jack Sparrow zital karismatikoa (edo Johnny Deep aktore izugarri ederra) gogoan, galdetu egin diogu Kuhni: askatasunaren eta abenturaren nozio erromantikoa literaturaren asmakizuna izan al zen?

«Askatasun erlatiboan bizi ziren piratak, garaiko gainontzeko pertsonena baino libreagoa zen beren bizitza. Baina kasu, ez ziren inolako paradisuan bizi. Oso gogorra zen haien bizitza, arriskuz beterikoa. Bizi esperantza oso baxua zuten, 27 urte ingurukoa. Asko gaixotasunez hiltzen ziren, edo naufragioetan, borroketan edo urkan. Arrisku horiek onartzen zituzten libre bizitzeko ordain bezala, Estatuaren zapalkuntzatik libre bizitzeko, eta erresistentzia keinu esanguratsua izan zen. Baina piratak ez ziren iraultzaile eredugarriak, printzipio argiak zituzten sozialistak edo klase borroka batean ziharduten matxinatuak. Fundamenturik gabeko baieztapenak egin ordez, beraien akatsak aztertuz asko ikas dezakegu. Kideen arteko anaitasun batetik harago, ez zuten perspektiba moralik. Itsasontzietatik kanpo ez zuten antolaketa sozialik. Epe luzera begirako ikuspunturik ere ez. Etsaiekiko dependentzia ekonomikoa zuten. Ez ziren komunitate jasangarria. Ez zeukaten ugalketarako, babeserako eta aurrerabiderako mekanismorik. Oso argigarria da datua: belaunaldi bat baino ez zuten iraun».

«EZ FEDE, EZ LEGE, EZ ERREGE»

Piratena, hortaz, nazio guztietako parien komunitatea zen, «hondakinen bilduma» bat. Marinel eta soldadu ohiak zeuden, ihes egindako preso politikoak eta esklaboak, erlijioagatik errefuxiatu zirenak, beharturiko langile ohiak. Nazionalitatea, gobernu administratiboa, mugak... horiek denak desafiatu zituzten. Oro har, zuriena eta gizonezkoena zen komunitatea, eta beren konplizeak merkatari ustelak, kontrabandistak eta prostitutak ziren. Bestalde, itsasoa beti izan da libreetan espazio libreena, espazio mugagabea, aurretik suma ezin daitekeena, dominatu ezina, haizearen mendekoa. Idatzi izan da errepublika flotagarria osatzen zutela, munduko gizarte demokratikoena, egiazko antolakuntza komunista bat, eta agian ez da komeni, hemen ere, erromantizatzea. Baina nola antolatzen ziren?

«Ezaugarri batzuk nabarmendu izan dira: kapitaina aukeratu eta aldatu zitekeen, bere boterea merituan oinarritzen zen, piraten anaitasunak kontrolatzen zuen, ondasunekin eskuzabala zen. Piraten artean ez zegoen tribuaren errege bat. Bere ekonomia parasitarioa zen, klandestinoa, kriminala; ekoizpena zeropekoa, egunerokoan bizi ziren, itsasontziko lanaz kanpo eskifaiak ez zuen lanik egiten, ez ziren ondasunen pilaketaren aldekoak, harrapakinak parte berdin samarretan banatzen zituzten, nolabait autogestioaren aldekoak ziren. Ez zuten Estaturik, ezta ondasunen metaketarik ere, eta historiarik ere ez. Fede, lege eta errege gabe bizi ziren».

Eta etika pirata batez hitz egiterik ba al dago? «Bazituzten beren kodeak, beren estatutuak. Ondasunak modu justuan banatzen zituzten, zintzotasuna eta leialtasuna balioztatzen zituzten, erabakiak denen artean hartzen zituzten… Itsasoetan zebiltzan, amebak bezala; batzen eta banatzen, etengabe. Demokrazia autonomo txikietan bizi ziren, elkarrekiko elkartasunean. Nolabait, pikaroen errepublika batean konfederatu ziren, elkarrekin topo egiten zuten itsasontzi eta portuetan, behin eta berriz, elkartuz eta berriz banatuz. Beren erara, kolektibismoa eta antiautoritarismoa praktikatzen zuten, pirata bakoitzak, kapitaina bezala, ahotsa zeukan, eta denek zeuzkaten beren arma propioak kutxetan».

«Bestalde -jarraitzen du Kuhn-ek-, dokumentatuta dagoenez, batzuek identitate kristaua zuten. Pirata ingelesak eta holandesak oso antipapistak ziren, katolikoekiko gorroto sakona zuten, baina itsasoratu baino lehen, bedeinkapena lortzeko, elizak bisitatzen zituzten. Prostituta-zaleak ziren, baina ontzietan harreman homosexualak zituzten. Finean, komunitate nomada bat zen. Nomadismo horrek eman zien identitate berezia. Itsas nomadak ziren, alisio haizeen erabilera txukuna kenduta, beren bidaietan ez zuten aparteko planifikaziorik, batetik bestera sigi-sagan ibiltzen ziren, kala eta arrezifeetan babestuz. Inprobisazioa ere bazegoen, hurrengo helmuga zein zen demokratikoki erabakitzen zuten».

JOLLY ROGER BANDERA PIRATA

Sinbolo piraten artean indartsuena Urrezko Aro horretatik dator. Piraten ermandade, mankomunitate edo konfederazioen adierazpen ikusgarriena bere bandera mehatxagarria zen, Jolly Roger izenarekin ezagutzen dena. Segur aski beste sinbolo piratarik ez da egon mendebaldeko mentalitatean eta kultura herritarrean hain inpaktu sakona izan duenik. Bere jatorria ez da ezagutzen, baina lehen lekukotza 1700. urtekoa da, Armada britainiarrak Emanuel Wynn pirata frantsesa segika ibili zeneko kronika batean azaldu baitzen, «bandera beltza, sablea hezur gurutzatuekin, kalabera eta hareazko erlojuarekin».

Bariazioak izan dituen arren, denek partekatzen zituzten oinarrizko gaiak, ezta? Buruarekin baiezkoa egiten du Kuhn-ek: «Heriotzarekin loturiko sinboloak ziren, garezurra eta hezur gurutzatuak, eskeletoak, hareazko erlojuak, sableak, odoletan dauden bihotzak. Sinbolismo zuzena zuen: heriotza, biolentzia eta denbora mugatua. Eta mezua argia zen: beren harrapakinak ikararaztea, aurre egiten zieten merkataritza ontziei adieraztea denbora gutxi zutela, eta zirt edo zart hartu behar zutela erabakia: edo berehala errenditu edo heriotza odoltsu bat».

Munduko zital guztien bandera bilakatu zen, lapur banda batzuen elkartasuna adierazteko sinboloa, potentzia kolonial boteretsuei aurre egiteko prestu zeuden legez kanpokoen armada autogestionatuarena... Egun, Sea Sheperds eta Earth First itsasontzi ekologisten ikurra, adibidez, bandera berdina da. Onarpen hori, zer da? Erromantizazioa? Probokazioa? Desafioa? Piratek ba al dute guri erakusteko zerbait? Bizitza hobe baten aldeko balioak izan al zituzten? Egungo borrokak gida ditzakeen morala garatu al zuten? «Batzuek errotik ukatzen dute hori, beste batzuek gogo handiz baieztatzen dute kontrakoa. “Pirata” bat al dator garai honetako espirituarekin? Maila batean bai, kondairazko figura izan zen, mitologia propioa sortu zuen, bistan da ezaba ezin daitekeen aztarna utzi zuela mendebaldeko munduaren psikologian».

Bestalde, taktikei dagokionez, piraten eta gerrillen artean, batzuk itsasoan eta besteak oihanean ibili arren, antzekotasunak ere aurki daitezke, ezta? «Piratek bazuten abantaila bat, frankotiratzaile apartekoak ziren, mosketeak, trabukoak eta pistolak erabiltzen oso iaioak. Beren arropak, armak eta itsasontziak harrapakinen araberakoak ziren; eta gerrilla asko ere etsaiei lapurtutako armez hornitu izan dira. Abiadura eta sorpresa nahitaezkoak ziren arrakastarako, eraso egin eta azkar ihes egitekoak ziren. Kolpea jo eta ospa! Borroka zetorrenean, beren ekintzak sekretuan prestatzen zituzten, sorpresaz eta engainuaz baliatzen ziren. Segika zuten Armadak baino hobeto ezagutzen zituzten itsasbazterrak, eta jakinduria hori beren abantailarako erabiltzen bazekiten. Pirata orok bazekien ez zuela etxerik, operazioetarako basea behin atzean utzita, hilabeteetan edo urteetan ibil zitekeela itsasoan, noraezean askotan».

PARTXEAK, KAKOAK ETA HANKAPALOAK

Aniztasun funtzionalak xarma izatearen itxura lortu duten komunitate bakanetarikoa izango da piratena. Partxeak, kakoak eta hankapaloak mozorroen parte izan dira. «Borroketan anputazioak ohikoak ziren. Eta hanka edo besoa ebaki beharrean izan zirenak, sentimentalki, idolatratzen zituzten. Merkataritza ontzietan gertatzen zenarekin konparatuz gero, bazegoen aldea. Hauetan, zauritutako marinelak lehorrera iritsi eta bota egiten zituzten, eskean ibili edo zuzenean gosez hil zitezen. Piratek, aldiz, zaindu egiten zituzten. Zaintza hori beren kodeetan idatzirik zuten, segurtasun sozial baten moduko sistema propioa zuten, horrela diote hainbat historiagilek».

Eta estetika pirata batez hitz egiterik ba al dago? Benetan hain nabarmenak eta bitxiak ziren? Belarritako eta tatuajeen aitzindariak? «Seguruenik ez zituzten belarritakoak izango, ez behintzat irudietan eta pelikuletan erakusten zaigun neurrian. Piraten tatuajeen inguruko dokumentazio gutxi dago. Eta kontuan hartu behar da tatuaje moderno euro-amerikarra Hego Pazifikoaren esplorazioarekin hedatu zela, Piraten Urrezko Aroaren ondoren, alegia. Egia da tarteka arropa elaboratuak janzten zituztela, harrapakinen artean aurkitutako zetak, belusko eta brokatuak, kapritxo horiek bazituzten, komikoa zirudien arren. Hau lehorrean zen ikusgarria. Baina itsasoan beste kontu bat zen: jatorrizko bukaneroak, adibidez, larruzko jantziekin eta harakinen labanekin ibiltzen ziren, odolez zikindutako arropekin, hiltegian lan egiten dutenen itxura eta usaina zuten».

Piraten bizitza gogorra zen, latza, krudela, baina, hala ere, prentsa ona gorde dute. Bizi eredu ustez axolagabea izateagatik goraipatu izan dira. Batzuetan, irudi luke dena zutela jana, edana eta parranda. «Ez, ez zegoen piraten sukaldaritza mota bat. Edana, horixe edaten zutela, eta beren klasikoak bazituzten, eta ez preseski rona bakarrik. Koktel zaleak ziren, arrautza gordina, azukrea, limoi-zukua, jereza, ginebra eta garagardoarekin nahasiriko koktelen berri ematen duten dokumentuak badaude. Eta entretenitzeko, musika zaleak ziren, bai».

Nahiko dokumentatuta dago piraten artean harrapakinen izaera kolektiboa eta berdinzalea zela, elikagaien disposizioa komunala zela, zaurituak konpentsatzen zituztela, zuzentasunari eta justiziari balioa ematen ziotela... Friedrich Nietzschek zioenez, gizakiak ezin du memoria bat landu odol, min eta sakrifiziorik gabe, mina memoriagile indartsuena delako. Batzuentzat piratak gaizkile arriskutsuak ziren, sadismo eta krudeltasun maila handia zutenak, gainera, abentura pelikuletako protagonistak baino terrore pelikula batekoak izan beharko liratekeenak. Baina bere garaikideak eta bere etsaiak baino krudelagoak al ziren? Zirkunstantzien biktimak ala odolzaleak izan ziren? Zer bihurtu ziren, orduan? Kontzientzia iraultzailerik ez zuten iraultzaileak? Ebatzi ezin diren galderak.