Garazi Aranguren Alberdi
ARKITEKTURA

Azal berrien dilema

Eraikin zaharren fatxada asko bereziki ederrak dira. Gaur egun, SATE-Kanpoko Isolamendu Termikoko Sistemarekin eraikinen eraginkortasun energetikoa hobetzea, hozte eta berokuntza gastuak murriztea eta eraikinaren higiene eta bizigarritasuna handitzea lortzen da. Kontserbazioak gure guneak mantentzea ahalbidetzen digu.

Badirudi azken urteetan gure eraikinetan egiten ari garen fatxadetako obrak tramite huts moduan tratatzen ari garela, gure herriei itxura monotonoa emanez. Baina panel errepikakorrez estalitako fatxadak edo kortxo azalera lau handiak ez dira sistema berri hauek eskain ditzaketen itxura bakarrak.

Lehengo eraikinak begiratzean detaile txikiz eta apainduraz beteak daudela ikusten dugu: zizelkaturiko erliebeak, detailez beteriko erlaitzak, gargola zoomorfikoak, marrazkidun zeramikak, apareju ezberdinetan jarritako adreiluak… Garai bateko artisauek maisutasunez apaindu zituzten arkitektura elementuak, eta gaur egun erabat miresgarria kontsideratzen dugu haien esfortzua.

Hau horrela, oso barneratua dugu hirietako alde zaharretako itxura babestu eta mantendu behar dugula (batzuetan absurdoan eroriz), baina zabalguneetan ditugun eraikinak ere ez al dira haiek bezain geureak? Ez al da hauek hiri-paisaian duten inpaktua ere kontuan hartzekoa?

SATEek eraikin zaharren bizitza luzatzeko aukera ematen digute, gaur egungo isolamendu termikoko estandarrak eta bestelako alderdi tekniko batzuk betez. Sistema hauen izaera dela-eta diseinatu beharreko mihise berri batez janzten ditugu eraikinak, sormenari ateak irekiz.

Fabrikazio industrialen bidez, ordenagailuz lagundutako diseinu-prozesuekin, prefabrikatutako zehaztasun handiko piezak ekoiztu ditzakegu, gero fatxadan erabiliko ditugunak. Baliabide hauek aukera plastiko handia zabaltzen dute, hiru dimentsioko izaera erritmikoki txandakatuz, koloreak jarriz, erliebeak txertatuz eta argi-itzalen jokoa diseinuaren parte bihurtuz.

Adibide on batzuk Hild und K bulegoak egindako fatxaden eraberritze lanak ditugu, ornamentuak erantsiz egina, arkitektura-bolumenarekin batera fatxadetan kontakizun bat eraikitzen dutenak.

Halako aurreneko adibidea 1999. urtean egin zen Berlinen. Proiektua fatxada baten zaharberritzea zen, hain zuzen ere gerraren eta mantentze lan okerren ondorioz hondatu zena eta jatorrizko apaingarri aberatsak galdu zituena berritzea. Bere egoera berreskuraezina zenez baina legeak diseinua mantentzera behartzen zituenez gero, arkitektoek proiektuaren altxaera-planoa eskaneatu eta tamaina errealeko eskalara eraman zuten. Irudi honen abstrakzio eta deformazioen erreprodukzio zehatzak xarmaz beteriko marrazki bat eman zuen. Plastikozko txantiloien eta egurrezko listoien bidez erliebe moduan inkrustatuta utzi zuten marrazkia fatxadako igeltsuan, tatuaje finko baten modura. Kuriositate moduan, planoetako irudia eraikinarekin gainjartzean hauek ez zetozen guztiz bat baina, desbideratze hori kontatu nahi zen kontzeptuarekin bat zetorrenez, bere horretan marraztu zen, eta horrek diskurtsoa are gehiago borobiltzen zuen.

Bigarren adibidea, Munichen 2011n eginiko proiektua dugu, multzo historiko babestu batean eginiko eraberritze lana. Eraikin honen jatorrizko itxurari buruzko dokumentaziorik ez zegoenez, arkitektoek garai hartan ohikoa zen diseinu-elementu bat hartu eta berrinterpretatu zuten. Harri ilarek, normalean plano lauak zirenek, uhin bihurtu eta itzal-joko ikusgarriak sortzen dituen sartu-irtenez betetako efektu dinamikoa gehitzen zioten eraikinari; kokapenari errespetua galdu gabe fatxada dibertigarri bat sortzen zuten.

Azken adibidea, hau ere Munichen kokatua eta 2014an egina, pauso bat harago joan eta isolamendu-sistemaren ikuspegi sortzaile bat aplikatzen du. Hormek, altuera hartu ahala estutzen zihoazenez, jarri beharreko isolamendua gora joan ahala lodiagoa izatea eskatzen zuten. Behar energetikoa diseinuaren abiapuntutzat hartuta, eta ura pilatzea ekiditeko gainazal horizontalak saihestu behar zirela buruan izanda, lerroz, kurbaz eta testura ezberdinez konposatutako altxaera diseinatu zuten, igeltsuzko erliebeen formen interpretazio abstraktu bat dirudiena.

Gure eraikinetan egiten ditugun SATEek ez dute adierazpen arkitektonikoa ezabatzen, ezta mugatzen ere, eta gure esku dago (oihal berri hauek jartzeko egiten dugun esfortzua kontuan izanda) hauen espresatzeko potentzialari etekina ateratzea, gustuko ditugun herriak eraikitzeko.