Garazi Aranguren
ARKITEKTURA

Bien bitartean

Autoaren eskakizunek, derrigorrezko errepideengatik, aparkalekuengatik... hiriguneen zati garrantzitsu bat hartzen dute. Etorkizunean herri eta hiri berdeago eta jasangarriagoetan bizi nahi badugu, egileak proposatutako egitasmoa bezalakoak aplikatzen hasi behar dugu.

«Park‘n’play» deituriko proiektu honetan, Kopenhagen kokaturikoan, autoak aparkatzeko eta landareentzako lekua dago.
«Park‘n’play» deituriko proiektu honetan, Kopenhagen kokaturikoan, autoak aparkatzeko eta landareentzako lekua dago. (Rasmus Hjortshøj)

Oso barneratua dugu autoen presentzia gure kaleetan. Edonora goazela, ugarien aurkituko ditugun azpiegiturak errepideak dira, eta, noski, horietan dabiltzan ibilgailu guztiei beren gordetzeko txokoa eman behar zaie.

Ezin uka dezakegu autoek iraultza ekarri dutela gure bizimodura. Mende bat baino gutxiagoan, merkatuak globalizatu dituzte eta guztion bizi-kalitatea hobetu dute. Autoen prezioak jaisteak eta erosahalmena handitzeak pixkanaka familia bakoitzak bere ibilgailua izan dezakeen egoerara ekarri gaitu, eta, bizimodu berri horren beharrei erantzuteko, hiriak autoen desplazamenduak errazteko dimentsioetara moldatu dira, eremu urbanoen eskala esponentzialki handituz.

Horrela iristen gara gaurko artikuluan aztertu nahi dudan gaira. Izan ere, azken urteetan erabili diren hirigintza moldeek ibilgailu pribatuak gure hirietako espazio publikoa okupatzen duten altzari konstante bihurtu dituzte.

Eraikiak ditugun kaleak aztertuz, berehala ikusten dugu autoek espazio publikoan okupatzen duten azalera oso desorekatua dagoela oinezkoentzat edo berdeguneentzat erreserbatzen denarekiko. Adibide bat zenbakitan jartzearren: Zarauzko Nafarroa kalean (duela gutxi berritu dena eta bertako ezkiak moztu izanagatik zeresana eman duena) 20 metro zabaleko etorbidearen 2/3 autoei bideratua dago, non %25 aparkalekuak diren. Gainontzekoa espaloien eta zuhaitzen artean banatzen da. Baina zenbaki mingarrienak orain datoz: obra egin aurretik %10 hartzen zuten parterre lerroak orain %3 soilik diren txokoetara murriztu dira; alegia, zuhaitz berriak laukitxoetan konfinatuak izan dira, hazi ahala itota gelditzen diren laukitxo horietan.

Dagoeneko aski ezagunak dira kaleetan txertatutako zuhaitzek, landareek eta zoru iragazkorrek biztanleei dakarkieten onurak, eta hainbat dira kaleetatik autoak kenduz berdeguneak eta egoteko txokoak integratzen dituzten proiektuak.

Baina autoak gure eguneroko bizitzan beharrezko tresna izanik, ezin ditugu oraindik ekuaziotik atera. Hortaz, etorkizuneko hiri berde horien ametsa errealitate bihurtu nahi badugu, nonbait sartu behar ditugu.

Bien bitarteko irtenbide on bat aparkaleku-eraikinak izan daitezke. Horietan modu kontzentratuan biltzen dira aparkaleku-plazak, eta guztiona den espazio publikoa bestelako erabileretarako libre uzten dute.

Lurpeko aparkalekuekin alderatuz, aparkaleku-eraikinek hainbat abantaila eskaintzen dituzte. Eraikitzerakoan egin beharreko inbertsioa erdira jaisten da, kostu handiena lur-mugimenduek eta euste-hormek baitute. Gainera, gorantz eraikiak daudenez, etorkizunean erabilera aldatzeko aukera ematen dute, proiektatzen direnean beren bigarren bizitzan ere pentsa dezakegularik. Are gehiago, hiri-ehuneko eraikin bat gehiago izanik, arazorik gabe jaso ditzakete lokalak behe solairuetan eta baratze edo eguzki-plakak beren estalkietan.

Horren guztiaren adibide, irudietan ikus dezakegun aparkaleku-eraikina daukagu, Danimarkako JAJA Architects bulegoaren lana. Kopenhagen kokaturiko “Park‘n’play” izeneko proiektu honetan, azpiegitura behar batetik abiatuta eraikin hibrido bat sortu dute.

Barnealdean, prefabrikatutako hormigoizko egitura estandarizatu batekin, aparkalekuei bideratutako zazpi solairu eraiki dituzte, 490 plaza jasotzen dituztenak. Behe solairuan, kalearekin kontaktua izanik, bizikleta-aparkalekuak eta alokairuko lokalak txertatu dituzte.

Kanpoaldean proiektua gorriz estali dute, lehen bertan zeuden adreiluzko eraikinen koloreari keinu eginez. Tindatutako hormigoiaren eta corten altzairuzko sareen gainetik egituraren erritmoan doazen loreontziak eskegita daude, denborarekin fatxada estaliko duten landare igokariak. Aurreko konposizioa hautsiz, eraikinaren inguruan, kanpoaldetik estalkiraino garamatzaten bi eskailera ditugu, portuaren historia kontatzen duten irudiekin lagunduak. Bigarren bidelaguna, esku-bandako hodi gorria, kiribildu eta jolas-parke bihurtzen da estalkian, ikuspegi pribilegiatu hau publikoari irekitzeko apustua egin den kokapenean.

Hortaz, errekurtsoak hor daude, tresnak izan badira, eta nik behintzat etorkizunean herri eta hiri berdeago eta jasangarriagoak izatea dut amets.