Zapaltzaile-zapaldu
Zeinen itsusia geratzen ari zaigun mundua. Inozoak izan ginen pandemian, zulo horretatik hobeak aterako ginela sinistu genuenean. Tira, gure buruari inozokeria hori barkatu beharko genioke, kaketan sartuta zaudenean beharrezkoa da gero, bihar edo etzi hobeto egongo zarela sinistea. Bestela nola eutsi? Baina honezkero astia izan dugu konturatzeko ezetz, ez garela hobeak.
Hildako alaba besoetan kulunkatzen duen emakume palestinarrari begira geratu naiz. Mina hain handia denean, sufrimenduaren uhinak dena harrapatzen du, baita milaka kilometrora irudiari begira dagoena ere. Aldiro berritzen den min zaharra da palestinarrena. Zapalduen eta zapaltzaileen logika muturreraino eramana. Noizbait zapaldua altxatzen ausartzen bada, zapaltzaileak zilegitasuna sentituko du bortitz eta sendo erantzuteko, herriak eta herritarrak birrintzeko. Zenbat palestinar balio ditu israeldar batek une honetan?
Faxistak ikusi ditut Madrilgo kaleetan protesta sutsuan. Francoren aldeko oihuak, bandera zaharruno eta faxistak astintzen dituzten gazteak. Usaindu egin daiteke naftalina usaina. “Que te vote chapote”, “Pedro Sanchez, hijo de puta”, “Marlaska maricón”, “España cristiana y no musulmana”, “con los moros no teneís cojones”... zenbat testosterona toxiko, zenbat bortxa. Hor ere zaharrak berri. 1936ko altxamendua piztu zutenen arimak bizirik daude, garaiko mundu ikuskerarekin gainera, «moroak, putasemeak eta marikoiak» akabatu behar direla garbi baitute 2023an protestara bildu diren gazte askok.
Hor ere zapalduen eta zapaltzaileen logika ikusten dut. «Gorrien» aurka oihu egiten dute faxistek, «traizioa» leporatzen diete poliziei, Francorekin «hobeto» bizi zirela aldarrikatzen dute. Dena errazagoa zen “gorriak” hankapean zeudenean, zapalduen tokian, errepide bazterreko hobi komunetan. Orain, “demokrazia” esan dioten jolas horretan emaitza ez bada faxisten gustukoa, amorratu egiten dira, eta kalera atera.
Zein itsusia geratzen ari zaigun mundua, zapaltzaile-zapaldu logika ezin irauli gabiltza. Herri zapaldu batean hazitakoak gara gu, hizkuntza txiki eta txikitu batean. Gure ametsetan zapalduak ez izateko nahia ageri da, herri aske eta hizkuntza bizi batean bizitzeko desioa. Baina gure ametsetan ez da zapaltzaile izateko desiorik agertzen. Oskorriren “Gaztelugatxe” abestiak dioenez, «inor ez zapaltzeko gogoa, zapalduak ez izatekoa».
Badakit inozoa dela, baina mundua adreilu horiekin eraiki beharko genuke.