Jokin Urain
IRITZIA

Gogoz kontra

Denok ez bada, gehienok leihatilaz leihatila gabiltza erremediorik gabe. Egiteko, emateko eta hartzekoen artean gatibatuta bizi gara, eta egunero ez bada, astero, edo hilabetean behin, bulegoren bateko mahairen baten beste aldean dagoenarengana, espresuki horretarako jarritako telefono zenbakira edo Interneteko ez dakit zein helbidetara jotzen dugu ezinbestekoa zaigun tramiteren bat egitera, iraungitzera doan gidabaimena edo agiriren bat berritzera, eskaera egitera ez-dakit-zerena, ez-dakit-zertarako, zernahitarako, hori gabe ezin duzulako bestea egin, ez dizutelako zera ematen…

Norberarena dena ere besteren baten eskuetan dago. Leihatilan edo mahaiaren ostean dagoen pertsona horren eskuetan, edo posta elektronikoa, kodea, izen-abizenak… eskatzen dizkizun tresna elektronikoaren esku, edo telefonoaz bestaldetik galdera automatikoak egiten ari zaizun robotaren esku. Egitura zurruneko formatuetan gauzatzen diren aurre-tramiteak dira eta, dagokizuna emateko prestatzen baino, kontrolerako eskanerra egiten ari zaizkizula iruditzen zaizu.

Zerbitzu publikorako leihatilek mostradore pribatuen antza hartzen dute askotan, haietara hurbiltzen denaren beharra eta ezina areagotuz. Ez dut uste denbora pasa eta entretenimendu bila inor joaten denik halako lekuetara, baina ematen du leihatila zenbaitetan egoten diren batzuk konbentzituta daudela propio adarra jotzera goazela beraiengana, edo beraiena dena kentzeko edo izorratzeko plan ezkutuak gauzatzera. Aurreneko diosal modua, adeitasunaren ordezko errezeloa, erraztasunaren ordezko traba, gauza guztietan aditu ez garenontzat ulertezina den hizkera eta terminologia…

Lehen unetik nahasi eta jokoz kanpo senti zaitezen espresuki prestatutako koreografia baizik ez da beharbada, eta leihatilaren edo mahaiaren osteko funtzionarioari agian balio dio bere estatusaren handitasuna erakusteko, edo eguneroko bizitzan dituen zaputzaldiak sendatzeko. Baina aurrean daukazun horri zuk hartzen diozun susmoa da nor sentitzeko beharrezkoa duela norbait izorratzea, edo ahal dituen guztiak izorratzea bere funtzionario postutik, hortik kanpo ezin duelako... Gogoz kontra joanda, kontrarako gogoz dagoenarekin topo egitea nahi baino gehiagotan suertatzen baita.

Batzuetan pentsarazten dizute agian hobe dela robot batekin egitea topo, eta ez lehen hitzaren aurretik lehen erdeinu keinua erakusten dizun funtzionarioarekin.