Jon Jimenez
LITERATURA

Utopiak zirriborratzen

Errealitatearen eta utopiaren bitarteko espazioa da interesgarriena: ispiluen islek eragin ditzaketen hausnarketak, espekulazioak, aldaketak, politikak… dira utopiaren/distopiaren interesaren muina, utopia/distopia bera baino gehiago». Hitz horiekin amaitzen da Alba Garmendia filosofian doktorearen tesia. Berdin hasi edo buka zitekeen ere “Zirriborroak eta gero” (Consonni, 2023) lan kolektiboa. Izan ere, zientzia-fikzioan aditua den Teresa Lopez-Pellisak hitzaurrean ederki agertzen digun moduan, «liburu honek hamar aukera proposatzen ditu, etorkizunaren dekalogo bat osatuz. Hamar fabula eskaintzen dizkigu, askotariko alternatiba sozial, kultural, ekologiko, afektibo, hezitzaile, feminista, dekolonial, arrazial, politiko eta ekonomikoetatik abiatuta». Batzuk errealistago, bertzeak sinesgaitzago; batzuk hobeki landutako fikziozko tramaz, bertzeak saiakeragintzatik gertuago; batzuek “detaile txikien iraultza” azaleratuz, bertzeek erabat iraulitako gizarte berri bat irudikatuz… Baina, liburu kolektiboek duten txatalen arteko desoreka arriskua ekidinez, jatorri bera izaki, halako batasuna hartzen diegu guziei. Arabako Lasierra herrian kokatutako Azala egonaldi artistikoetarako espazioaren ekimenez hezurmamitu da liburua eta, horretarako, dream team moduko bat batu zuten.

Idazleotako bakoitza jada badiren proiektu eraldatzaileetatik abiatu da datorrenaz hausnartzeko. Katixa Agirrek, adibidez, Errekaleor auzoari “Neskamearen ipuina”-ren zantzu distopikoak eman dizkio, anti-Gilead bat sortuz, ernaltzeaz, produkzioaz eta elikaduraz gogoeta egiteko. Belen Gopeguik, bertzalde, olio-errota baten balio subertsiboaz ohartarazten gaitu, Moredako La Equidad kooperatibaz diharduelarik. Harkaitz Canok gerrilla ekologista bat imajinatzen duen bere geroaldiko zirriborroan hala ohartarazi gaitu: «Kapitalismoaren hertsakortasunaren bertuterik handiena da hori: gure aukerak berez direnak baino gutxiago direla sinestaraztea». Utopien gaineko kezka eta norabide ber-berean, Layla Martinezek aspaldi salatu zuen distopien funtzio lasaigarri eta gerarazlea: etorkizunik ez bada, zertarako borrokatu? Are sakonago, haginkada indartsuagoa ematen dio mamiari Karmele Jaiok eskailerapeko bere zaintzari buruzko fabulan: «Ia ezinezkoa egiten zaizu fikzioa idaztea fikziozkoa bihurtu den mundu batean. Ezinezkoa da lehia egitea horrekin, ez dago konpetentzia egiterik. Utopia idatzi distopia baten erdian? Ausartzen denak altxa dezala eskua». Lehen lerroan Joseba Gabilondo dabil, hatza goraka, Jaiori arrazoi emateko baina: hondamendian bizitzea egokitu zaigu, Modernitatearen pusketan, eta aterabidea ez da promesa handien edo eskatologiaren bidezkoa izanen.