Jon Jimenez
LITERATURA

Izpi berrien bila abiatu zen eguzki malinkea

Boli Kostako printze malinke bat da Fama, Horodougouko doumbouyatar dinastiako azkena. Gainbeheran da eta putre edo hienen moduan bizirauten du eta, ospea galdurik, deserriraturik, ia eta miseriara adarraturik, bere posizioa aldarrikatuz hiletetako ospakizunetan eskean ibiltzera da kondenaturik. Zigorturik da birritan, izan ere, Salimatak, emazteak, antzua izatearen madarikazioa darama soinean. Afrikako herrialde kolonizatu eta ustiatuetako “besteen” besteak izan diren emakumeen sinboloa da bera: ablazioaren errituaren bitartez bortxaturik eta Baffirrekin ezkontzera derrigorturik, sabanan zehar ihes egitea bertze irtenbiderik izan ez zuena.

Boli Kosta postkolonialaren errealitatea erakusten digu Ahmadou Kourouma (Boundiali, 1927 - Lyon, 2003) Nobel sarirako hautagai eta “Ala n’est pas obligé” gomendagarriaren egileak. Kolonizatuei eta ondoren abandonatuei emantzipatu bezain laster egindako aurrerabide promesak bete ez zireneko egitatea, oreka eta lotura guziak galdu dituen eta independentzietako buruzagien botere ustelen pean den gizarte ezegonkorraren deskribapen gordina.

Sufrikariozko egoeretara hurbiltzea bezainbertze nahigabetsua da, oro har, Afriketako literaturak bekoz beko hartzea. Hagitz azaldu ez diguten testuinguru bat ulertzeaz gainera, bertze hizkuntza egitura eta hitz ezberdinera egokitzen den mundu ikuskera oso bat azaltzen dizkigu. Aurrez aurre jarriz geure alde kolonizatzailearekin, mundua ulertzeko derrigortu dugun geure ikusmoldearekin. Beti da ariketa erlatibista eta enpatikoa bertze ezezagunaren posizioan jartzea.

Inposatutako hizkuntzez jabetzea izan da 60-70eko hamarkadetako afrikar idazle anitzen zeregina. Kasu honetan, frantses inperiala zikintzera edo -Aiora Jaka itzultzaileak hitzaurrean erran moduan- malinkizatzera, hots, deskolonizatzera ausartu delarik Kourouma -euskarazko itzulpenak ongi gorde eta aldian-aldian argitzen dizkigu halako moldeak-. Hizkuntzarekin nola, bertako erritu eta sineskeriez kutsatu dituzte zenbait herrik erlijio handiak. Islama, malinkeen kasuan. Hori ere badakar “Independentziaren eguzkiak” (Erein) eleberriak. Bide horretatik zabaltzen digu liburu honek Afrika eta Ameriketako literaturetako ezaugarrietarik behinena: errealismo magikoa. Naturaz gaindiko indarrek gobernatzen dituzte natura bera eta giza harremanak. Erraz da ulertzen halako gailentasuna tropikoen eta basamortuaren erdian kokaturik den errelato batean. Horrek, eta ironiaz eta umorez blaituriko bitalismo eta positibismoak, aberasten eta zabaltzen ditu, ertz ugariz hornituz, pertsonaiak. Eta, tartean, gure mundu ikuskera ere bai.