Jon Urzelai Garrido - Salto Training
KIROLA

Bosu-aren erabilera, testuinguru eta helburuen arabera

Egonkortasun-pilota bat moztuz gero, zer ageri da? Bosu pilota. Gaur egun, entrenamendu zein errehabilitazio zentro askotan aurki dezakegu erreminta hori ariketa-programa bat hobetzeko entrenamendu-modalitate gisa.

Bosu-a (both sides up) David Weck entrenatzaile pertsonalak sortu zuen 2000. urtean eta entrenamendu fisikoko produktu ezaguna bihurtu zen, baina egun zalantza ugari agertu dira haren erabileraren inguruan. Dakigunez, pilota hau gehienbat lan propiozeptiboa eta core-a lantzeko erabili izan da beti; izan ere, kasu askotan, orkatilako lesio baten aurrean bosu batera igoarazi gaituzte. Baina zer helburu zuten eta zertarako edo nola erabili beharko genuke?

Hasteko, azpimarratu beharra dago erreminta hau plataforma ezegonkor bat dela. Gauzak horrela, lesio bat dugunean, artikulazioak egonkortasuna galdu duen seinalea da. Horrenbestez, artikulazio ezegonkor bat plataforma ezegonkor batean sartzen badugu, logika gutxirekin jardungo genuke, lesioa areagotzeko arriskua nabarmen handitzen da eta. Lehenik eta behin, lesioa agertzen den unean, artikulazio bati egonkortasuna ematen saiatu behar dugu, betiere arrisku guztiak alde batera utziz eta, nola ez, plataforma egonkorretan lan eginez. Hori mugikortasun eta indarreko dosi egokiekin lortuko genuke, edozein min edo molestia ekidinez, noski. Behin hori lortuta, hau da, artikulazioa erabat tinkoa denean, plataforma ezegonkorretan lan egitea posible litzateke, gure helburua artikulazio bati aktibazio maila handia ematea bada. Aitzitik, ez du inongo zentzurik.

Ondorioz, bosu-a erabiltzea egokia da? Noski, baina testuinguru eta helburuen arabera jardun behar dugu, erabilera okerrak saihestuz. Plataforma ezegonkor batean lan egitearen abantaila giharren aktibazio maila handia dela da, nahiz eta plataforma egonkorretan testuinguru hauek ere lor daitezkeen. Hortaz, pertsonaren ezaugarriak kontuan hartuz lan egin behar da, ariketa aproposak aukeratuz eta lana indibidualizatuz.