Naia Azkuenaga Duran
ARKITEKTURA

Materialak historiaren ardatz

Etxebizitza berritzea prozesu oso interesgarria izan daiteke. Zoru ilun bat izatetik espazio ireki, argitsu, praktiko, atsegin eta koloretsu bat izatera pasa gaitezke. Nola? Berreskuragarria dena berreskuratuz eta garai berrietara egokituz. Eta betiere espazioa jabearen beharretara egokituz.

Casa Campari, Paula Mena, Yeye estudioko sortzaileak, eta Blanca Minguez arkitektoak 2022an egindako proiektua.
Casa Campari, Paula Mena, Yeye estudioko sortzaileak, eta Blanca Minguez arkitektoak 2022an egindako proiektua. (Argazkiak: Sergio PradanaPlanoak: YeYe estudio)

Euskal Herriko higiezinen merkatua gehienbat bigarren eskuko etxebizitzen salerosketan oinarritzen da. Bertako etxebizitzak batez beste duela 50 urte eraiki ziren. Beraz, ulergarria da egun erosten diren etxebizitzen artean askok nolabaiteko obra egiteko beharra aurreikustea. Batzuetan obra minimora eramaten da; besteetan obra integrala beharrezkoa izaten da.

Baina, kasuak kasu, erosleen hitzetan beti «aurpegia garbitzea» moduko esaerak entzuten dira. Horiek askotan tabula rasa izaten bukatzen dute, hasierako diseinuaren parte diren elementuak guztiz ezabatuz.

Madrilgo Yeye estudioak ondo ezagutzen duen egoera da hau, egikaritzen dituzten lanen artean gehiengoa 50-100 urteko etxebizitzetan egindako obrak dira eta. Barne diseinuari dagokionez, ikuspegi bereizgarria dute oso; beraien diseinua kolore, material eta testuretan oinarritzen dute. Funtsean, beste garai batzuetako barne diseinuko erreferentzietara jotzen dute, 60-70eko hamarkadetakoetara bereziki. Oinarri horien arabera, garai hartan modan ziren materialak, gaur egun askok obratan kentzen dituztenak, gaur egunera egokitzea lortzen dute beren lanetan.

Horrelako lana dugu Casa Campari, Paula Menak, Yeye estudioko sortzaileak, eta Blanca Minguez arkitektoak 2022an egindako proiektua. 100 urte dituen eraikin bateko etxebizitza baten birgaitze proiektua da. Oinarrian, 50 metro koadroko pisu honek bi logela, komuna, sukaldea, jangela eta egongela zituen.

Casa Campari, Paula Mena, Yeye estudioko sortzaileak, eta Blanca Minguez arkitektoak 2022an egindako proiektua.

Eguneratzeko beharra zuen etxebizitza hau, bere barne banaketa zela-eta, espazio txiki eta ilunez osatuta zegoen. Barnean, garai ezberdinetan egindako esku hartzeak ikus zitezkeen: 70eko hamarkadako kristal horiak, paretetako paper margotuak, egur iluna…

Diseinua gauzatzerakoan argi zuten, batetik, espazioa jabe berriaren beharretara moldatu behar zela, bai programa bai instalazioen aldetik. Bestetik, 1920ko etxebizitza honen historia kontatzeko beharra ikusten zuten, eta horretarako barne diseinuaz baliatu ziren. Jabearekin batera, etxebizitzan koloreak, materialak, testurak... era ezberdinetan aplikatzen dituen diseinua lortu zuten.

Programa berriari dagokionez, eskema erraza ezarri zuten, lauki formako etxebizitza bitan banatuz. Lehen erdian, sarrera, egongela eta jangela, hots, etxebizitzaren barruan publikoak diren espazioak, kokatu zituzten. Espazio guztia irekiz, bi fatxadetatik argitasuna sartzea lortu eta espazio hau argiz bete zuten.

Pisuaren beste erdian, berriz, sukaldea, komuna eta logela kokatzea erabaki zuten. Horiek espazio pribatuagoak direnez, beste espazioetatik banandu zituzten. Espazio pribatu eta publikoa banatzeko ohiko hormara jo beharrean, proiektuaren diseinuaren atal nagusi bihurtu zuten elementua diseinatu zuten. Horma berrian kolore eta testurak txertatu eta obraren aurretik zeuden material eta koloreak aplikatu zituzten.

Elementu berri hau haritz egurrezko bastidoreekin eraiki zen, eta hormaren barneko espazioa gorri kolorez margotu zen. Etxebizitza originalean, eta oro har 70eko hamarkadako etxeetan ohikoak diren beira horiak tabike berri honen goiko partean integratu zituzten. Beira horiek gune pribatuetako horma eta sabaietako kolorearekin bateratu zituzten, bi espazioen arteko banaketa lausotu eta espazioa bisualki handitzea lortzeko.

Obra lanak hasi zirenean, aztarnategia balitz bezala, urteetan zehar gainjarritako akabera ezberdinen azpian etxebizitza originalak zituen lurreko baldosa hidraulikoak aurkitu zituzten. Espero ez zuten elementu hori berreskuratu eta diseinuarekin bateratzea lortu zuten.

Emaitza kolorez betetako espazio ireki eta argitsu bat da. Diseinuak, etxebizitza honek jasandako aldaketen historia kontatzeaz gain, egungo higiezinen merkatuan ugariak diren elementu eta materialen berrirakurketa egitea lortzen du. Askotan etxebizitza erositakoan kendu nahi diren elementu horiek baztertu ordez garai berrietara moldatuz.