Jokin Urain
IRITZIA

Jolasa ala jokoa

Abereei begira jartzen bazara, ikusiko duzu txikienek dutela jolaserako joera handiena. Arkumeek, antxumeek, txahal txikiek, untxikumeek, txakurkumeek, katu txikiek... jolasean ibiltzea beste zerarik ez dutela esan liteke. Nekatu arte jolasean ibili, eta gero egon, lotan edo atsedenean. Badirudi handitu ahala apaldu egiten zaiela jolasgura, baina gizakion antzekoenek, tximino jendeak edo txerriek batik bat, handitu eta adinean aurrera egin arren, jolasa behar-beharrezkoa dutela ematen du.

Giza abereontzat ere garrantzia handiko kontua da jolasa; errepara iezaiozu jostailugintzari, eta kale jendetsuenetan erakusleiho zabalak gonbita eginez dauzkaten jostailu-denden kopuruari, eta ohartuko zara. Eta zenbat jostailu mota, zein baino zein garatuagoa! Irudimenak eman ahala. Baina haur bakoitzaren irudimenak agian leku gehiago zuen lehen; gaur, helduen irudimenak ematen duena prestatzen da haurrentzat jostailu.

Ez dakit lehia, jokoa, jolasaren garapena ote den eta, hala balitz, garapen naturala eta sanoa ote litzatekeen. Edonola ere, jolasa gero eta urriagoa da nonahi, eta jokoa irabazian doa. Gaur dena baita jokoa; joko izateko prestatzen dira jostailuak eta jokalari handiak izateko trebatzen dira haurrak, bihar-etzi garaileak izateko, garailea ez dena galtzailea delako, eta, galtzaileak, garaipenera bidean bazterrera geratzen diren zapuztu guztiak dira galtzaileak. Inork ez du zaputz horren mikatzik nahi, eta garaile baizik ezin dugu irudikatu geure burua, jakina.

Bizitzako aspektu ugaritan ikus daiteke, baina batik bat kirolaren inguruan gertatzen da jokoa hasi aurretik garaipena ospatzea; irudimenean irabaztea —aurreikuspenean irabaztea—, geroago burutuko den joko aldiko errealitatea aurreikusitako gertaerara makurrarazteko modua dela sinets dezakete batzuek. Edo izan liteke ondorenean gertatuko denaz fio ez denaren filosofia nasaiagoa: «ospa dezagun aurretik eta gero gerokoak». Berez elkarren antz handia izaten dute jokoa hasi aurretik ustezko irabazleek eta bukatu ondoren zinezkoek egiten dituzten arrandia eta ospakizunek.

Galtzaileak ez du izaten ospakizunik, ez zaratarik eta ez festarik. Baina, jokoaren aurretiko eta ondorengo irabazleen oldarrak gero eta gehiagotan hartzen duen itxura ikusita, galtzailearen estetika nahiago.