Jon Jimenez
LITERATURA

Oroitzapen, gorputz eta naturaren gordintasunaz

Letra katalanen etorkizun eta iragan hurbil handiko idazlea da Irene Sola i Saez (Malla, Bartzelona, 1990). Naturaz barneko eta naturaz gaindikoa den begirada eta unibertso propio sakonki gizaberetar bat eraiki du orain arteko bere hiru eleberrietan -hirurak Alberdania etxeak euskarara ekarri dituenak-. “Dikeak” (2017) izan zuen estreinakoa, eta ondoren etorri zen hamaika hizkuntzatara eramandako eta sariz okitutako “Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak” (2020), zeinetan Pirinioetako lurra bera mintzo zaigun, bertakoen bizimodu latzaz eta ezagutu duten jazarpenaz, ihesaz, gerraz edo gorrotoaz.

Pirinio katalanak eztitzen hasten diren Guilleries delako eskualdean kokatzen da “Begiak eman nizkinan eta ilunpeei behatu hien” bere azken nobela. Mendi artean ere, hortaz, eta giro, gai eta estiloaren jarraitutasun argi batekin. Hala ere, geografian eta kalitate literarioan ez hain goian apika. Solak hiztegi katalana zukutu duenez, euskal hiztegiaren orri andana higatzera behartu du Joxan Elosegi Arregi itzultzailea.

Protagonistak hainbat belaunalditako emakumeak dira, baina ekinbide mugatuak izanen dituzte guziek. Mas Clavell masiako lau hormetan zokoraturik eta haien erabakimena zikiraturik, Evaren bekatu originalaren zama moduko bat eraman beharko dute gainean mendez mende, etorkiaren lehena izan zen Joanak gizon baten haxe astunari iskin egite eta gustuko senarra aurkitze aldera deabruarekin egindako tratuaren ondorioz. Askatasun mugatu baten prezioa oso garestia izan zaie ondorengoei ere: betilerik gabeko Bernadetari, zeinak ikusi nahi ez zituenak ikustera kondenatu baitzen; hiru laurdeneko bihotza zuen Margaritari; edota, mingainik gabe jaiota, begiratzea baino ez zuen Blancari. Ezkutuan eta zain dauden emakume hauekin eta haien oroitzapen eta mamuekin emanen dugu, beraz, eleberri guzia.

Klaustrofobiari eta itxitasunari bertze hamaika beldur, ikara eta uzkurdura erantsiko dizkio Solak, atzeraka emateraino. Usain eta irudi nardagarriak, eskatologiarainokoak, gorputzaren soiltasuna eta zaurgarritasuna, bizitzaren gordintasuna bera, agerian jartzen zaigula. Errelatoak halako eginahal bat eskatzen digu etengabe, amaieran saria izanen duena. Eta, fikziozko literatura orotan bezala, irakurlearen eta idazlearen arteko isilpeko itun bat izenpetuko dugu, zeinetan, higuingarritasunaz gain, onartuko ditugun ustezko errealitatearen parean zenbait alde magiko eta alegiazko eta denboraren katebegien beraien hauskortasuna.