Sustrai Colina
IRITZIA

Zoriontasunaz

S.apurgarria,

Aurten ere maiatzaren lehena ekarri du apirileko azkenak, atzo arte ez zenuen Julia Fernandez Zabaletaren berri, 69 urte bete ditu zure amak, udako oporrak haurrentzat urrunegi eta zuentzat gertuegi daudela iradoki dizu L-k, Justine Trieten “Anatomie d´une chute” filmak utzitako gorputzaldia irauli ezinik jarraitzen duzu, urritik aurrera medikuek greba egingo dutela dio egunkariak, erosi nahi izan ez diozuna Olentzero eta Mari Domingiri eskatuko diela egin dizu mehatxu semeak… Desagertutako musika taldeak oholtzara itzuliko ez balira, denbora lineala dela sinetsiko zenuke.

Etengabeko hauteskunde-kanpainan biziko ez bazina, bizimoduak kiribilak marrazten dizkizula ohartuko zinateke. Nola azaldu bestela, zugan errotzen tematzen zarenean, besteengan ez zaudelako gailentzen zaizun izua? Nola egin aurre, besteengan presente zaudenean, abandonatzen zarelako hondoratzen zaituen erruari? Psikologoen kontsultak sekula baino gainezkatuago daudela baina lagunekin inoiz baino gutxiago hitz egiten dela entzun diozu terapeutari irratian. Denetan egon nahia inon ez egoteko modu bat besterik ez da, agian. Lan-eskaintzak begiratzen dituzu agenda betetzeko desiratzen zaudenean; kontziliazioa madarikatzen duzu lanerako astirik ez daukazunean. Inor gutxi erditzen da alabaz ama hiltzen zaion egunean.

Alferrik kontatuko didazu, bihotza belarri atzean punpaka sumatzen duzunean, ezin izaten diozula zernahi irensteko bulkadari eutsi. Badakit balaztarik gabe txokolate-tableta desagerrarazi duzunean, erorketa baten anatomia dela digeritu ezin duzuna. Jabetu al zara oraintsu arte ez zinela osasunaz kezkatzen? Ingurukoen gaixotasunek zurea iragartzen dutela uste duzu? Hasiko zara enegarrenez garbi jaten, kirola egiten, zuretzat denbora hartzen, gaur egin nahi dituzunak biharko ez uzten, ezetz esaten ikasi duzula sinestera ere helduko zara, arropa berriarekin jantziko dituzu zauri zaharrak... Eta baliteke hurrengo urtean ere maiatzaren lehena ekartzea apirileko azkenak, ahanzturatik erauzitako beste Julia Fernandez Zabaleta batek zartatzea zure lotsa, 70 urte betetzea amak, desagertutako musika talde gehiago itzultzea oholtzara, hauteskunde-kanpaina etengabeak bestelako politikak alternatzea, baina esadazu egia: ziur zaude etorkizunean gaur baino zoriontsuago izan ahalko zarela?