Amaia Uribe
IRITZIA

Lokatza

Azkenaldian, lokatza dago toki guztietan. Errespetu faltaren lohia. Irain pertsonalen basa. Mespretxu eta kritiken zikinkeria. Madrilgo Diputatuen Kongresua ere ez da libratzen. Gorbatadun politikariak elkarri mokoka ikusi ditugu. Auzo-lotsa eragiten duen lehian sartuta, astakeria handiagoa zeinek bota. Muga guztiak gainditu dituzte, botoak lortzeko eta aurkariak gutxiesteko. Esaldia “usted” kortesiazko forma erabiliz hasi eta kortesia ez beste guztia erakutsiz amaitu. Herritarrak ordezkatu beharko lituzketen politikariek, herritarrak lotsarazi dituzte. Ez naiz sartuko Pedro Sanchezen “banoa-ez noa” ulergaitz horretan, baina argi dago espainiar Estatuko politika putzu beltz batean sartu dela. Eskerrak euskal politikariek, salbuespenak salbuespen, maila altuagoa duten!

Ultraeskuinak muturreraino eraman du joko zikina, sumindura hedatuz zatiketa zabaltzeko. «Divide et impera» esaten zuen Julio Cesarrek. Eta estrategia ondo ateratzen ari zaio Voxi. Ordezkaritza politikoa izaten jarraitzen du eta, atera kontuak, Legebiltzarrerako Hauteskundeetan Elantxoben boto bat lortu zuen Abascalen alderdiak.

Estatu Batuetan urteak daramatzate lokatz horretatik atera ezinik. Trumpek politika egiteko estiloa aldatu zuen, aurkarien inguruan edozer esan eta bere jarraitzaileak mobilizatuz. Pailazotzat geneukan Trump, baina bere politika deitoragarriak mugak gainditu ditu.

Sare sozialetan ere, berdina. Edonork iraindu dezake edonor. Ezagutu gabe, irainak justifikatu gabe eta sarritan kontu faltsuetan ezkutatuz. Gauza bat zure iritzia ematea da. Beste bat, kritika mingarriak egitea.

Nire kezka da orain gizarteak jarrera hau normalizatzea. Imajinatzen duzue? Okindegira ogia erostera joan, eta gustatzen zaidana baino ogi zuriagoa eman didalako irainka hastea? Dendariak produktu baten prezioa igo duelako, bere nebaren trapu zaharrak ateratzen hastea? Irakasleak semeari nota txarra jarri diolako bere semeen inguruko ikerketa bat abiatzea?

Txikitan, lurrera ura bota eta makilatxo bat astinduz ibiltzen ginen lokatza egiten. Baina hau ez da umeen jolas bat. Urrunegi joan gara eta beldur naiz honek ez duela atzera bueltarik. Izan ere, errespetua galtzea erraza da, baina errespetua irabaztea oso zaila da. Egiten duzuna egingo duzu: futbola kritikatu eta finala ikusi. Badakizu ezaxolakerian bizitzea dela zu eta zu bezalakoen pribilegioa.