Jokin Urain
IRITZIA

Tranpatiak

Gazteleraz bada esaera bat, legea egiten duenak egiten duela tranpa. Hortik aurrera, berez dator legea bihurritzea modu tranpatian baliatzeko, norbait izorratzeko helburuz edo justiziaren ordez mendekua bilatzeko. Mendeku hartzeak esan nahi du norbaiti min eta kalte egitea, arrazoiz edo arrazoirik gabe, besteren minean norbera gogobetetzeko.

Legediaren erabilera tranpatiak ahalmen handia du, eta gaurkotasuna ere bai. Norberari eragiten eta kalterik egiten ez dion bitartean dena jasatera eta ontzat ematera ederki ohituta gaude, ordea. Ez dugu kontuan hartzen, ezta pentsatu ere, gaurko aurkiaren atzean etor daitekeela biharko ifrentzua.

Orain lawfare deitzen zaion horrek Madrilgo Gobernuari, bere presidenteari eta alderdiari erasan die, nonbait, eta Sanchez pentsalekura bidaltzeraino erasan gainera. Baina 2006an, alderdi bera gobernuan zela, Juan Fernando Lopez Aguilar Justizia ministroak hitzez hitz adierazi zuen Gobernuak ahalegin guztiak egingo zituela, 2009an Unai Parot espetxetik atera ez zedin «inputazioak eraikitzeko». Eta eraiki egin zituzten inputazio horiek, euren nahieran eraiki ere, eta Unaik espetxean jarraitzen du hamabost urte geroago. Gaur, oraindik, Europako irizpideak bihurritu eta legediaren ezarpen tranpatia baliatzen dute hemen, espetxe frantsesetan zigorra bete duten euskal preso politikoak espetxean atxikitzeko, Estatuko espainolekoa gehituz zigor bikoitza ordainarazteko helburuz.

Ez da gauza berria lawfarea; adibide ugari utzi ditu azken hogei urteotan. Hori ez baita alderdien arteko sakoneko tirabira eta ika-mika izan beti; euskal tenebrosoak ahalik gehien izorratzea helburu dutenean denak ados datoz, bai alderdi espainolak, bai Estatuaren babespean sortu eta bere dirulaguntzetatik bizi diren zenbait elkarte, bai Auzitegi Nazionaleko togadun prestuak. Eta zer esan hedabide handiez! Ahalguztidunak dira ia, eta hori guztia ezinezkoa litzateke haiek gabe.

Lawfarea aztoramen handirik gabe eta politikagintza normal gisa gauzatua da urteetan, euskal preso politikoen etxera bidea oztopatzeko orduan esaterako, elkarte batzuen aurreiritziak, mendeku gosea eta amorruak fiskaltzaren eta epaileen eskuetan araudi bilakatuz. Eta baliozkoa da euskal presoen, preso ohien edota ezker abertzaleko ordezkari politikoen aurka behin eta berriz inputazio berriak eraikitzerakoan, denboraren denboretan tranparen katean lotuta jarrai dezagun.