Etxola sinantropikoa
Izaki bizidunen arteko errespetua oinarrizkoa da Husos Arquitecturas proiektu honetan, hegaztiak babesteko gune berezi baten ondoan dagoen pinudi batean kokatuta. Kabinek eta minikabinek gizakien eta beste espezie batzuen artean espazioa partekatzeko beste modu batzuk bilatzen dituzte.
Inoiz ez da berandu bestelako bizidunekiko inklusioa eta sentsibilitatea garatzeko esku artean dauzkagun proiektuetan, horiek edozein alorretakoak izanik ere. Orain arteko logika kapitalistaren ondorioz, gizakiak ez diren eragileak beti geratu ohi dira edozein egitasmotik at, edota okerrago, kaltetuak izan dira horien eraginez. Errealitate gordin horien aurrean, imajinario berrien beharrak bultzatuta, Husos arquitecturas taldeak baditu erantzunak, ‘non-human’ direlakoak, haien ekosistemak eraikuntza proiektuetan barneratzeko. Abiapuntua ekosistemaren parte diren agenteek osatzen duten paisaiaren irakurketan sakontzea da, ingurunearen funtzionamendua ulertuz, lekua bizitzeko modu berriak eta desberdinak proposatzeko.
Cabaña del (sinantro)amor proiektua, beraz, tokiko prozesuetan nahasten den emaitza materiala da, eta izenburuan ezkutaturik daraman hitzak eraikuntzaren xedea aurreratzen digu: animalien eta basa-landareen gaitasuna eraldatutako ingurumen baldintzetara egokitzeko. Ekimenak, hortaz, bizidunak egokitzeko gai izango diren moldaketak proposatzen ditu, lehenik eta behin horien ekosistema eta logikak ulertuz. Gizakiaz aparte bestelakoek ere bizitzeko arkitektura da Maitasunaren etxola.
Esku hartzea pinudi batean izan da, zeinak bioaniztasun desorekak dituen pinu-beldarraren aurka egiten diren fumigazioak direla eta; izan ere, ekintza horiek, intsektuari eragiteaz gain, beste hainbat espezieri zeharka eragiten die. Tratamendu inbaditzaileen aurrean, basoa zaintzeko ekintza integralak daude, esaterako, beldarrak biologikoki kontrolatzea gainontzeko biodibertsitatea sustatuz eta pinudietako bizilagun bat gehiago dela ulertuz. Gaur egun, hegazti harraparien eskasia nabaria da, besteak beste, baso-jarduerek ez baitute ahalbidetzen zuhaitz heldu eta handiak egotea haien barrunbeetan habiak egiteko, animaliek ez dituzte babesguneak aurkitzen euren bizitokiak definitzeko. Hortaz, Husosekoek gizakien etxolaz gain, arkitektura paisaia txiki bat diseinatu dute, barrunbeak bilatzen dituzten eta pinu-beldarrez elikatzen diren hainbat hegaztirentzat eta saguzarrentzat. Era horretan, bioaniztasuna sustatu nahi da pinu-beldarraren izurritea menderatzen den bitartean. Prototipo horiek etxolaren eraikuntzan sobera geratutako zurarekin egin ziren, bestelako bizidunentzat diseinaturiko mini-etxolen gisan, berdintasunean oinarrituriko arkitektura paisaia eraikiz.
Behin lekuaren irakurketa ezagututa, Maitasunaren etxola bertan txertatzen dela ulertu dezakegu. Bolumen nagusia zurezko hamaika pieza prefabrikatuk osatzen dute, eta haien diseinua pentsatuta dago eraikuntzan eta bizitza erabilgarrian zehar sartutako energia ahalik gehien murrizteko. Konfigurazioak malgutasuna eskaintzen dio etxebizitzari, bertan hainbat erabilera ahalbidetuz, hala nola telelana egitea edota gonbidatuei ostatu ematea. Espazio desberdinei buelta bat eman zaie, emaitza gisa estantzia bereziak sortuz; esate baterako, ez dago logelarik, baizik eta lo egiteko kapsula bat, estalkia egongela bihurtzen da, edota gelak bulego izatetik hasi eta nahi adina erabilera izan ditzake. Kanpoko bizidunak aurkitzen doazen arkitekturetara moldatzen diren bezala, bertako erabiltzaileak ere imajinatutako edozein eszenatokitara moldatuko dira.
Erdiko gunea -sukalde-egongela- eguzkiaren ibilbideari erantzuten dion espazioa da; 4 metroko garaierari esker, neguan izpi goxoak sartzen dira hegoaldeko leiho horizontaletik, gainontzean eraikina muino baten iparraldean baitago.
Bestaldeko fatxadan, iparraldeko argiari sartzen uzteko beirate handi bat dago, terrazari sarrera ematen diona, eta kanpo espazio hori ehun-sare batek mugatzen du, hegaztiek kristalaren aurka talka egin ez dezaten. Goiko egongelan -lorategi funtzioa ere betetzen duen horretan-, jarlekuetan eroso, eta kuxkuxeroetatik babestuta sentitzeko, espazioaren perimetroa geruza batek biltzen du, Hego Amerikako paisaien irudimenezko geometriak eta koloreak gogorarazten dituena.
Maitasunaren etxolak eta haren zurezko satelite txikiek bizidunak elkar errespetatzen diren espezie anitzeko paisaia eraikitzen dute, ingurunearekin izan daitezkeen harreman alternatiboak aztertuz eta imajinario berriei bidea irekiz.