100 urteko misterioa, Everesteko magaletan
Sandy Irvine eta George Mallory lehenak izan ote ziren Everesteko gailurrean? Ehun urte igaro dira zortzimilakoaren aldatsetan desagertu zirenetik, eta galdera horren erantzunak askatu gabe jarraitzen du. Mendizaleen hainbat aztarna aurkitu dira; ez, ordea, giltza izan daitekeen argazki kamera.
1924ko ekainaren 4an, Teddy Nortonek Everesteko gailurra hurbil izan zuen. Hala ere, 8.570 metrora zela, atzera egin zuen. Igoera horretan ez zuen oxigeno gehigarririk erabili. Ordura arte kota garaiena izan zen. Munduko mendi altuenaren tontorra eskuragaitza zirudien. 1921. eta 1922. urteetan gertatu zen bezala, hirugarren espedizio britainiarra prest zegoen etxera itzultzeko. Baina kanpaleku nagusia uzteko gertu zirenean, George Malloryk egoera irauli zuen. Azken ekinaldi bat egiteko prestatzen hasi zen; behin betiko aukera bere esku zegoen. Nortonek ez bezala, Malloryk oxigeno artifiziala erabiltzea erabaki zuen. Ez zuen bakarrik eskalatuko: eskarmentu gutxi zuen gazte bat hautatu zuen sokakide: Sandy Irvine.
Ekainaren 8an, berriz, eguerdiko ordu batean, mendiaren magaletan zegoen Noel Odellek iparraldeko ertza poliki-poliki igotzen ikusi zituen Mallory eta Irvine. Bizirik ikusi zituen azken mendizalea edo espediziokidea izan zen. Ehun urte igaro dira alpinista britainiarren desagerpenetik. Eta, egun, inork ezin du honako esaldi ospetsua ziurtasun guztiarekin erantzun: gailurra lortu al zuten? Edmund Hillary eta Tenzing Norgayren aurretik Everesteko puntu garaienean egon ote ziren?
Mende bat argi-ilun horiek askatzen izan dira, eta, aditu guztien arabera, Kodak Vest Pocket argazki kamerak soilik askatu ditzake korapilo guztiak.
1921. urteko britainiarren lehen espedizioan Mallory eta bere kideak iparraldeko lepora iritsi ziren. Handik gailurrera eramango zituen ibilbide bat identifikatu zuten. Baina helburu hori erdiesteko, ulertu zuten montzoiaren aurretik jardun beharko zutela. Aldaketa horrek denbora gutxi utzi zien hurrengo urtean udaberriko espedizioa antolatzeko.
1922. urteko maiatzaren hastapenetan, talde berri bat heldu zen oinarrizko kanpalekura. Charles Bruce jenerala buru zuen. Malloryrekin batera, alpinista oso sasoikoak zeuden: Edward Norton, Howard Somervell, Geoffrey Bruce eta bereziki George Finch. Azken hori, espezialista handia izotz-eskaladan.
Maiatzaren 20an, Morshead, Norton, Somervell eta Malloryk balentria handia lortu zuten: 8.000 metroko kota gainditzen lehenak izan ziren. Laukote horrek 8.225 metrora atzera egin zuen. Bi egun geroago, Brucek eta Finchek “errekor” hori ondu zuten. Oxigeno gehigarriaren laguntzaz (xerpek “aire ingelesa” deitu zioten) 8.326 metrora igo ziren.
Ekainean sartu ziren, eta espedizioa ohartu zen montzoia (euriteen sasoia) gertu zegoela. Nahiz eta alpinista guztiak leher eginda zeuden, Malloryk beste urrats bat egin nahi izan zuen. Beti bezala oso motibatuta zegoen eta, 7an, azken saialdi bat egin zuen.
Ekinaldi hori ezbehar latz batekin amaitu zen; izan ere, iparraldeko lepotik hurbil zirela, elur-jausi batek zazpi xerpa harrapatu zituen. Mallory burumakur eta minduta itzuli zen Ingalaterrara, baina argi zuen Everestera berriro itzuliko zela.
Alabaina, Malloryk bi urte itxaron behar izan zituen oso-oso barneratuta zuen helburuan jarduteko. Everesteko Batzordeak ez zuen dirurik 1923an beste espedizio bat antolatzeko. Handik eta hemendik laguntza batzuk eskuratzeko, Malloryk hainbat hitzaldi eman zituen munduan zehar. Batez ere, Ameriketako Estatu Batuetan. Washington, Filadelfia, New York, Detroit, Harvard… bisitatu zituen. New Yorken zela, “The New York Times” agerkariko kazetari batek eginiko galdera historikoari («zergatik eskalatu nahi duzu Everest»?), esaldi famatu batekin erantzun zion: «Han dagoelako!». Baina huts egin zituen espedizioen inguruko mintzaldietan ez zituen estatubatuarrak harrapatu.
HIRUGARREN ESPEDIZIOA
1924ko udaberrian, britainiarrak Rongbuk glaziarrean ziren berriro. Oxigeno bonbona piloarekin, baina izotz-eskaladako espezialistarik gabe. Finch ez zuten espedizioan onartu. Oxigenoaren erabileran ere mugatuta zeuden, eta horretarako Everesteko Batzordeak Irvine deitu zuen; tresneria konpontzen oso trebea zen.
Aurreko bi espedizioetan lortutako eskarmentuari esker, Mallory ziur zegoen tontorra lortzeko asmoa gertu zela. Lehen lanak ez ziren errazak izan. Eguraldi oso gaiztoa zen, alpinistak garaierarekin sufritzen ari ziren eta, duela bi urteko ezbeharraren ondorioz, xerpak ez zeuden abentura handiak egiteko. Maiatzaren azken egunak iritsi ziren. Oraindik ekinaldirik egin gabe zeuden eta montzoia ate joka zegoen.
Ekainaren 3an, Somervellek eta Nortonek seigarren kanpalekua 8.170 metrora altxatu zuten. Biharamunean, gailurrera abiatu ziren. Eguerdia zenean, Sormervellek saialdia bertan behera utzi zuen. Norton, aldiz, korridore luze baten oinarrian zegoen (Norton korridorea deituraz ezaguna dena). Ertzetik hurbil, 8.570 metrora, amaitu zuen igoera.
Bien bitartean, Mallory azken ekinaldia prestatzen ari zen. Bi urte lehenago oxigeno gehigarriaren erabilera gaitzetsi ondoren, onartu zuen botila horiek gabe tontorra zapaltzea ezinezkoa izango zela.
Ekainaren 6an, berriz, iparraldeko lepora heldu zen. Xerpek utzitako botilak zain zituen. Irvinek botila horiei azken ukitua eman eta bizkarrera eraman zituzten. Goizeko 8.40an bi alpinistak lepo horretatik tontorrera abiatu ziren.
Bi egun geroago, Odellek bere espediziokideak ikusi zituen azken aldiz. Arratsaldeko ordu batean eguraldia okertu zen, eta Mallory eta Irvine lainoen artean desagertu ziren.
IKERKETAK
Zer gertatu ote zen? Iritsi ote ziren munduko mendi garaienaren gailurrera Edmund Hillary eta Tenzing Norgay baino 29 urte lehenago? Nahiz eta egun ikerketa guztiak zabalik dauden, misterioaren korapiloak askatzeke daude. Azterketaren lehen etapan Odell dago. Bere testigantza zalantzez beterik dago.
Lehenbiziko ala bigarren irtengunera iritsi al ziren? Oso garrantzitsua da ñabardura hori. Lehen koska hori eskuragarria zen; bigarrena, aldiz, 8.600 metrora dagoenez, ia ezinezkoa zirudien gainditzea. Odellen hitzak dira: «Gailurreriaren zati bat bakarrik ikusten zenez, ezinezkoa zait ziurtatzea lehen edo bigarren irtengunean ote zeuden. Behetik eta albora ikusita, antz handia dute. Une horretan iruditu zitzaidan bigarrenean zeudela».
Ikerketaren bigarren aztarna 1933. urtean mahai gainean jarri zen. Everestera itzuli ziren berriro britainiarrak. Maiatzaren 30ean, Lawrence Wager eta Percy Wyn-Harrisek lehen koskatik 200 metro beherago piolet bat aurkitu zuten. Inskripzioak zera zioen: “Wilisch de Täsch”. Hots, fabrikatzaile suitzarraren izena. Piolet horrek ere hiru hozka zituen. Zalantzarik gabe, Irvinen pioleta zen. VI. kanpalekuan aurkitutako pioletak eta linternak lehen hipotesi baten oinarria jarri zuten: gauak harrapatu zuen Irvine.
1930eko hamarraldian egin ziren hurrengo espedizioetan ez zen beste aztarnarik aurkitu. Horrez gain, Nortonek lortutako 8.570 metroko kota gainditu gabe zegoen. Gerraren ondorioz, hurrengo hamarraldian etena egon zen Everesten. Baina 1950. urtetik aurrera, Nepalek mugak zabaldu zizkieten mendizaleei; jakina, hegoaldeko isuritik. Hau da, 1953an Hillaryk eta Norgayk igo zuten ibilbide klasikoa zen.
Bestalde, garai haietan iparraldeko kanpaleku nagusia itxita egon zen. Txinaren menpe dagoen Tibeten kokatuta dago, eta 1960an egoera hori aldatu zen Mao Zedong agintari txinatarrak espedizio handi bat antolatu zuenean. Argi-ilun asko izan zuen jarduera bat izan zen. Eta hori diogu, Everesteko lehen igoera aldarrikatu zutelako. Haatik, Alderdi Komunistaren propagandan azaldu zen kontakizuna ez zen batere sinesgarria izan.
1979. urtearekin batera, Txinak Everest igotzeko baimenak eman zizkien berriro mendizale atzerritarrei. Espedizio japoniar batek aukera hori izan zuen. Wang Hongbao zamaketari txinatarrak honakoa kontatu zien alpinista japoniarrei: «8.000 metroko kotaren inguruan, ingeles zahar baten hilotza ikusi nuen». Malloryrena edo Irvinena izan zitekeen. Zoritxarrez, zama eramaile horrek ezin izan zuen zehaztasun gehiago eman; izan ere, biharamunean, elur-jausi batek harrapatuta zendu zen.
1980ko hamarkadatik aurrera, Everest “demokratizatu” zen eta hainbat historiagilek lehen urratsak egin zituzten Malloryren txalekoaren patrika bilatzeko. 1986an, Tom Holzel estatubatuarra saiatu zen, baina, eguraldi kaskarrarengatik, espedizioak ez zuen arrakastarik izan.
LEHEN AZTARNAK
Hurrengo hamabost urteetako etenaren ondoren, mito horrekin erabat obsesionatuta zegoen Jochen Hemmleb alemanak beste espedizio bat antolatu zuen. Talde horretan maila handiko alpinistak zeuden; besteak beste, Conrad Anker estatubatuarra.
1999. urteko maiatzaren lehenean, Ankerrek zuzendutako sokada Hongbao zama eramailea egon zen lekura heldu zen.
Estatubatuarrak berak zera aipatu zuen: «Bat-batean, ohiz kanpoko itxura zuen forma bat ikusi nuen. Zuri kolorekoa. Elurrean buruz behera zegoen hilotz bat zen. Hanka bat hautsita zuen».
Anker eta bere sokakideak aztarna gehiago bilatzen hasi ziren. Besteak beste, Mallory eta Irvinen garaiko bota bat aurkitu zuten. Mendizalearen patriketan hainbat objektu zeuden: txorroskilo bat, guraize txiki batzuk, mentazko galletak, betaurrekoak, pospolo kaxa bat… Eta alkandoraren lepoan honako inskripzioa: «G. Mallory». Zalantzarik gabe, aurkikuntza handia izan zen, baina Kodak Vest Pocket argazki kameraren inguruan aztarna txikirik ere ez; ezta Irvinen hilotzaren ingurukorik.
Hurrengo urtean, ikerketek eta espedizioek aurrera jarraitu zuten. Baina guztiek ala guztiek ez dute informazio gehiago lortu. Azalpen berririk ez; hortaz, Malloryren eta Irvinen inguruko misterioa norabide berdinean dago. Ehun urte igaro dira, eta inork ezin du guztiz baieztatu 1924ko ekainaren 8an Malloryk eta Irvinek Everesteko gailurra zapaldu zutela.
Badago joera bat oso zabalduta dagoena, eta hori da Mallory Everesteko gailurrean arrakasta ospatzen. Misterioaren aztarna batzuk badaude, baina ez behin betikoak. Reinhold Messner alpinista historikoa ere aldats horietan ikertzen izan da. Alpinisten ikuspuntu batetik zaila dirudi Mallory eta Irvinen “garaipena” baieztatzea. Batetik, garai haietan zeramaten arropa oso desegokia zen. Kontuan hartu behar da 8.500 metrora, egungo lumazko Gore-Texeko txaketa batekin alderatuta, britainiarrek erabilitako Tweed markako txaketak ez zuela behar bezala babesten. Eta tresneriari dagokionez, adibidez, botila batek 13 kiloko pisua zuen.
Beste arrazoi bat izan daiteke 8.600 metrora dagoen 30 metroko bigarren koska gainditzea ia ezinezkoa zela. Gogora dezagun, 1975. urtetik aurrera irtengune hori gainditzeko txinatarrek eskailera metaliko bat jarri zutela. Mallory eta Irvinek, berez, murru hori igotzeko bai ala bai era librean eskalatu behar zuten.
2007. urtean, Anker estatubatuarrak librean eskalatu zuen eta 6a/a+ zailtasuna eman zion. Altuera horretan Malloryk zailtasun hori hotzarekin eta nekatuta gainditzea erabat ezinezkoa dirudi.
Amaitzeko, konspirazio kontu bat ere ezin dugu aipatu gabe utzi. Bitxikeria izan daiteke, baina Malloryren eta Irvinen historiarekin obsesionatuta dauden batzuek argudio “eroak” erabili dituzte. Mark Synnot estatubatuarrak “The Third Pole” liburuan dio agintari txinatarrek Irvinen hilotza aurkitu eta desagertzeko agindua eman zutela, espekulazio guztiak bertan behera uzteko.
Sinesgarria ala ez, honek guztiak eramaten gaitu Malloryk behin aipatu zuen hartara: «Everest munduko mendi garaiena identifikatu zenetik, mendi horrek ero bihurtzen zaitu». Malloryk munduko mendi garaienarekin zuen obsesioak atal batean du indarra. Malloryren taldekide Edward Nortonek, lau egun lehenago, ekinaldi bat egin zuen. Eta hortik bizirik atera zen. Mallory, aldiz, ez. Biak ala biak ia kota berdinera heldu ziren.
Zortea izan al zen Norton onik atera eta Mallory hiltzea? Galdera hori Nortonen seme batek erantzun du: «Ez dut uste ezberdintasunik egon zenik. Nire aitak ez zuen mendi hori behar; Malloryk, aldiz, bai. Mallory arrakastaren mende egon zen. Badirudi espedizio hori ez dela inoiz amaituko».
George Malloryren gutunak
Ikerketak, espekulazioak, konspirazioak, aurkikuntzak… denetarik izan du Malloryk eta Irvinek duela mende bat Everesten egin zuten behin betiko ekinaldiak.
Orain, berriz, urteurren hori ospatzeko, Cambridgeko Magdalene Collegeri esker, Malloryren hitzak lehen aldiz irakur daitezke. Hain zuen ere, unibertsitate horrek Malloryk idatzitako ehunka orri digitalizatu ditu. Protagonista berak idatzitako eta jasotako gutunak eta dokumentuak dira.
Hemezortzi hilabeteko lana izan da, eta ekainaren 20an eduki horiekin guztiekin erakusketa bat zabalduko dute. Gutun horiek eskura izan dituztenek aurreratu dute Malloryk zehatz-mehatz deskribatzen duela espedizioaren antolaketa, baita haren inguruan zuen optimismoa ere.
Errealitate gordinak ere berezko lekua du. Hots, Everesteko magaletan bizi izan zituzten klima traketsa, osasun arazoak, zalantzak, ezusteak… Ruth emazteari 1924. urteko maiatzaren 27an bidalitako azken gutunean zera zioen: «Den-dena aurka dugu, eta gailurra erdiesteko aukerak oso-oso txikiak dira. Une txarrak izan dira. Egundoko lana egin dugu eta denok leher eginda gaude. Tristura ere gailendu da; dendaren atea zabaldu eta elurrezko mundu horretan genituen itxaropenak desagertu dira».
Idatzi horietan heriotzarekin izan zituen hartu-emanek indar handia hartzen dute. Munduko mendi garaieneko aldatsetan izaniko ezusteko larri baten berri ematen du: «Elur-zubi bat hautsi eta zintzilikatuta geratu nintzen. Erdi itsu eta arnasa ezin hartu. Artesian sartu nuen pioletak nire gorputzari eutsi zion. Baina oinen azpian nuen amildegia edo zuloa oso desatsegina zen».
Ruth emaztearekin trukatutako beste gutun batzuetan, Malloryk argi eta garbi uzten du bere emaztea benetako zutabea izan zela haren bizitzan. Gutun horiek Lehen Mundu Gerran artilleria erregimentuan zela idatzi zituen. Eta gauza bera ondoriozta daiteke eginiko ia bidaia guztietan: Malloryren une zailenetan bere emazteak sendotasuna ematen zion. Magdalene Collegek antolatutako erakusketaren arduradunek diote bikotearen etxean Ruth zela “arroka”. Eta Malloryk berak hori baieztatzen du: «Poz handia hartzen dut beti sendo mantentzen zarelako, eta horrek indar handia ematen dit».
Irakurtzen den bezala, Mallory emaztearenganako jaieraduna zen, baina, bere segurtasunarengatik beldur bazen ere, behin eta berriz Himalaia bisitatzen zuen. Egitasmoaren bultzatzaileek diote bazegoela zerbait jarrera hori hartzera eramaten zuena. Agian gerra garaian izan zuen eskarmentua izan daiteke, edo bere nortasuna horrelakoa zelako.
Digitalizatu dituzten 840 gutunak 1914tik 1924ra bitarte idatzita daude. 440, adibidez, Ruth emaztearenak dira. Horietan guztietan XX. mendearen hasieran emakumeen egunerokotasuna xehetasun guztiekin bikain islatzen du.
Gutun horiek irakurri dituzten ikerlari batzuen arabera, idatzi horiek mito baten atzean ezkutatzen den gizabanako baten ikuspuntu bitxia eskaintzen dute. Zinez pertsonalak eta Malloryren izaera jasotzen dutenak.
Horrez gain, bizitzaren ikusmolde aparta agertzen dute, baita 1924ko espedizioaren ingurukoa ere: bere aldartea, planifikazio zehatza, anbizioak…
Publikoaren eskura egongo den altxor horretan ere badira gutun “izoztu” batzuk. Hain zuzen ere, Malloryren hilotza aurkitu zuen espedizioak berreskuratutakoak. Hiru dira digitalizatu direnak: Malloryren anaiak, arrebak eta senitartekoen lagun batek idatzitakoak.
Malloryren gorpua aurkitu zuen Conrad Anker estatubatuarrak adierazi du idatzi horietan argi geratzen dela Everestera eginiko azken espedizioa Malloryren bizitzaren une erabakigarriena izan zela. Zirt edo zart, ez zegoen beste irtenbiderik.
Obsesio horren inguruan Ankerrek dio altuera horietan egoera arras aldatzen dela: «Garai haietan zein egun Everesteko goiko partean bazabiltza, nolabait esateko, zeure hilkortasunarekin eta besteen heriotzarekin bakeak egiten dituzu. Altuera horietan oxigenoak zure sistemetan eragin zuzena du. Ez dute behar bezala funtzionatzen. Ez dakigu ziur Mallory gailurrak sortzen duen “sukarraren” mende ote zegoen. Kosta ahala kosta tontor hori lortu nahiz zuen; agian, bere ospea jokoan zegoen».
Mallory desagertu zenean, 37 urte zituen eta hiru seme-alaben aita zen. Gehiegi arriskatu ote zuen? Galdera horren inguruan espekulazio asko egon dira, eta argitaratu diren gutunetan ez du gai hori argi azaltzen.