Sustrai Colina
IRITZIA

Keaz

S. apurgagarria,

Apenas zapaldu duzun parkerik azken astebetean. Keak lausotzen dizu begirada. Ez dakizu San Juan suaren, ikasturte amaieraren ala eskuin muturraren olde erradioaktiboaren kea den. Hurrengo astean bukatuko da zibilizazioa bizi zaren hirian.

Gaur bozkatuko dute zure sorterrian. Jakin nahi zenuke zer den aldatzen dena, bozka ala jendea, bozkak bihurtzen duen pertsona erreakzionario ala, besterik gabe, arimaren liftinga baino ez den botoa. Gogoetan ito gabe, arinago bizi behar zenuke agian. Baliteke zuk ere berriz bozkatu behar izatea laster. Zu bezalakoak dira agintariak: konponbiderik kausitzen ez dutenean maitasuna eskatzen dute. Iraulita ere funtzionatzen du esaldiak: maitasunik topatzen ez duenak exijitzen ditu irtenbideak.

Hurrengo terrazako solasaldirako gorde behar zenituzke sententzia horiek. Arituko zarete June Fernandezen azken liburuaz, EAEko gobernu berriaz, udan soilik egiten duzuenaz, gauak denontzat beharko lukeen territorio libreaz, Olatz Salvadorren aurrerapen kantuez, petardoen hotsaz, sold out-aren kulturaz, hontaz, hartaz, hontaz eta hartaz, benetan agortzen direnak sarrerak ala gainontzeko guztia den zalantzan jarri arte. Denoi gustatzen zaizue mundua konponduta utzi duzuelakoan etxeratzea. Denoi gustatzen zaizue kea.

Gustatzea eta gastatzea sinonimo bilakatzear daudela iruditzen zaizu. Noiztik ez dituzu mundua, mendea eta mindua bereizten? Ze akordu geratzen zaizu EHZ festibalean izan zinen lehen aldiaz? Oroitzen al zara, orain urtebete, Frantziako Tourraz baizik ez zirela mintzo Euskal Erdiko hedabideak? Gogoratzen al duzu urtebete barru amaituko dela Hatortxu Rock? Noiz bihurtu ziren oroitzapenak etorkizun? Errazagoa da Larunbeko aldarearekin hunkitzea. Ez daukazu Larunbe mapan kokatzen jakin beharrik ere. Baina ez egotzi errurik inori: txoriei buruz txoniei buruz baino gehiagotan kantatu duzu zuk ere.

Zu zara, beharbada, begirada lausotzen dizun kea. Ezin duzu zure baitako suteak kerik eragin gabe itzaltzerik espero. Suhiltzaile piromanoa zara batzuetan, piromano suhiltzailea besteetan, baina piromanoa eta suhiltzailea beti. Zure sakelako telefonoak zuri buruz dakiena baino gehiago jakin behar zenuke zure izateaz. Zergatik zaude ahanztear, suarekin kea sortu daitekeen gisan, piztu daitekeela kearekin sua? Udako txinpartekin konformatuko zara?