Naia Azkuenaga Duran
ARKITEKTURA

Egurra, arkitektura eta diseinua Egurtek-en

Egurtek egurrezko arkitekturari eta eraikuntzari buruzko topagune bat da, eta material noble honen beste erabilera eta teknika batzuk ezagutzeko konpromisoa ere badu. Egileak sarituak izan diren euskal proiektuak azpimarratuz azaltzen du.

«Mohma System», Produktuaren Diseinuaren kategorian saritua izan dena.
«Mohma System», Produktuaren Diseinuaren kategorian saritua izan dena. (Pedro Pegenaute)

Aurtengo urriaren 16-17an, egurrean diharduten arkitektura eta eraikuntza saileko profesionalentzako Egurtek topagunea egingo da. Bi urtean behin ospatzen den kongresuarekin batera, arkitektura sariak ere banatzen dira bertan. Honetan, sektorearen barruko arlo ezberdinetako pertsonaz osatutako epaimahaiak eskala ezberdinetako proiektuak hautatzen ditu. Hala nola eraikuntza, barne diseinua eta produktuaren diseinua… Horrez gain, beste hiru kategoriatan banatutako aipu bereziak aurki daitezke: egur lokalaren erabilera sustatzen duen proiektuak, BEM metodoarekin diseinatutako proiektuak eta egurrezko eraikuntzaren dibulgazioa sustatzen duten proiektuak.

Foro honen X. edizio honetan, 89 proiektu aurkeztu dira guztira. Kategoria ezberdinen artean, Euskal Herriko hiru proiektu aurki ditzakegu. Tradizioz egurrarekin hain lotura estua duen herri honetan, ohiko adibideetatik haratago doazen proposamenak ikusi daitezke. Barne diseinua, produktuaren diseinua eta egur lokalaren erabilera saritzen duten sailetan, hain zuzen ere.

Barne diseinuari dagokionez, Raquel Ares, Joana eta Iñaki Albistur Martinek osatzen duten Arquimaña estudioaren proiektua saritu dute. Donostian finkatutako estudioa hiri berean egikaritutako “The joy of livin-bizipoza” izeneko lanarekin saritu da. Diseinuaren baitan, arkitektoen proposamena etxebizitzaren diseinuaren funtsetara darama. Proiektua, beraz, bi materialen arteko jolasera sinplifikatu nahi izan dute. Egurra elementu nagusi modura erabili da; material hau, zeramikaren laguntzarekin batera, espazio ezberdinen arteko bereizketak egiteko erabiltzen dute.

Egurra, kasu honetan, eraikuntzaren atal ezberdinetan erabiltzen den elementua da. Alde batetik, jatorrizko eraikinaren egitura da. Baina materiala birgaitze honen beste atal askotan ere erabiltzen da, barne banaketa elementuak eta altzariak ere egurrezkoak direlarik. Emaitza modura, egitura, diseinua eta erabilera material beraren bidez konpontzea lortzen da. Kasu honetan, gainera, hain ohikoa ez den izei egurra erabiltzeak bereizgarri bihurtzen du materiala.

Beste kasu interesgarri bat dugu Patxi Mangado eta Fernando Oiza arkitektoek diseinatutako Mohma sistema. Produktuaren diseinuaren kategorian saritua izan da. Iruñean ekoitzitako etxebizitza mugikor eta prefabrikatu hauek efizientzia, ekologia eta industrializazioa bateratzea dute helburu.

«The joy of livin-Bizipoza», proiektua, Barne Diseinua sailean saritua. (Erlantz Biderbost)

Diseinuak eta ekoizpen metodoak proposamen interesgarria plazaratzen dute, pandemiaz geroztik gorakada handia izan duten “mobile-home” estiloko proposamen jasoa lortuz. Itxuraz modu sinple batean bateratutako diseinu honen barnean azal gehiago aurki daitezke produktua aztertzen den heinean. Materialei erreparatzen bazaie, berrerabiliak izan daitezkeen materialak erabiltzen dituzte. Eraikuntza aldetik, eraikuntza prefabrikatuak dakarren arintasuna baloratzekoa da. Horrez gain, estandarizazioaren barnean arkitektoek aukera ezberdinak garatu dituzte, erabiltzaile ezberdinetara egokitzeko asmoz tamaina ezberdinak proposatu dituzte sistema berdin baten barnean.

Azkenik, aipatzekoa da BEM sari berezia jaso duen Entremutilvas Nafarroako Mutiloa herrian kokatutako proiektua. Taller Basico de Arquitectura eta MRM Arquitectos-ek elkarlanean garatutako alokairu publikoko 39 etxebizitza dituen eraikina dugu hau. Hormigoizko behe solairu baten gainean CLT-ko (egur kontra laminatuzko) eta metalez eraikitako lau solairutan banatzen diren etxebizitza hauek 18m-ko altuera hartzen dute.

Proiektuak ez du egurra egiturara bakarrik mugatzen, itxituretan ere egurrezkoa baita. Gaur egunera arte Nafarroan egurrezko soluzioak erabiliz eraikitako proiektu handiena da, bai altuerari bai bolumenari begiratuz. Gainera, egituraren ekoizpenari dagokionez, gertuko enpresa batera jo da, eraikuntza prozesuaren deskarbonizaziori lagunduz.

Egurtek bezalako sariek argi uzten dute eraikuntzan gertuko profesionalek duten eraldaketarako asmoa. Tradizioan errotuta dagoen material honek egungo teknologiaren laguntzarekin garatutako produktuak gero eta ohikoagoak bihurtu dira gurean azken urteetan.

Etxebizitza isolatuetatik kolektibotara eta sustapen pribatuetatik publikoetara zabaltzeak, eraikuntza sektorearen barnera aire berriak ekartzeaz gain, herritarrek material honen inguruan izan dezaketen iritzia aldatzeko ere balio du.