aitor maiza apezetxea - salto training
KIROLA

Eta udako oporretan, zer?

(Getty)

Abuztua gain-gainean dugu jada eta udako oporraldiaz gozatzeko garaia heldu zaigu gutako batzuei. Beste asko jada euren oporraldiaren amaieran aurkitzen dira, eta jada egunerokotasunera bueltan daudenak ere izango zarete lerro hauek irakurtzen. Hain justu, itzulera horretaz eta opor garaietako bizi-ohituren inguruan hausnartzeko helburuarekin idazten dut. Opor garaiak gozamenarekin, deskonexioarekin eta errutinak albo batera uztearekin lotzen dira askotan, eta hala behar du gehienetan, nire ustez behintzat. Baina askotan, gozamen edo deskonexio nahi hori desfasearekin lotu ohi da: otordu bereziak, parrandak, jarduera fisikoaren falta… Hau da, askotan berehalako gozamenera edo kontsumo azkarreko aisialdira jotzeko erraztasuna izan dezakegu garai honetan, eta ezin dugu ahaztu honek bere ondorioak izan ditzakeela.

Alde batetik, jarduera fisikoa alde batera uzteko hautua egin dezakete batzuek, gorputzari atsedena emateko helburuarekin. Hein handi batean, erabaki ona izan daiteke, baina ezin dugu ahaztu jarduera fisikoaren gabezia luzeak ordura arte sortutako adaptazioak ez mantentzea ekarri dezakeela: VO2max-aren jaitsiera, gihar-masaren galera, mugikortasunaren galera, bihotz-maiztasunaren igoera, etab. (Girardi, 2020).

Beste alde batetik, elikadurari dagokionez ere, egun nahasiak izan ohi dira oporraldietakoak: otordu asko etxetik kanpo, kapritxoak, alkoholaren kontsumoa, hidratazio baxua… Ez dago esan beharrik ohitura hauek ere euren eraginak dituztela gure osasunean, bai epe motzera eta baita epe luzera ere.

Beraz, zergatik ez bilatu gozamen eta deskonexio sentimendu horiek beste opor-aukera batzuen bidez? Esaterako, urtean zehar egiten ez ditugun kirol jarduerak praktikatuz, inguru berriak ezagutzeko txangoak edo bizikleta irteerak eginez, elikadura-ohiturak urtean zehar bezala zainduz edota errezeta berri eta osasuntsuak probatuz.

Gauzak horrela, maite dituzun horiekin oporraldiez askatasun osoz gozatzera animatzen zaitugu; baina ziur asko oraindik ezagutzeko duzun opor-eredu bat bada hor nonbait zuen zain! Ondo pasa!