Abiaduran oinarritutako indar entrenamendua
Azken urteotan indar handia hartzen ari da abiaduran oinarritutako indar entrenamendua edo Velocity Based Training (VBT) deiturikoa. Sistema honen bidez, karga bat abiadura ahalik handienean mugitzea bilatzen da, intentzionaltasun osoaren bidez soilik lortzen baitira indar produkzio handienak, eta bide batez egokitzapen handiak sortzea (Badillo eta Ribas-Serna, 2019).
Egunerokoan aurrez aurre aurkitu ohi dugun arazo bati irtenbidea ematen dio entrenamendu sistema honek. Askotan zaila izan ohi da indar entrenamendu bakoitzean zein karga mugitu erabakitzea, zenbat errepikapen eginaraztea edo errepikapen bakoitza kirolariarengan zenbateko nekea eragiten ari den zehaztea. Hori guztia zehazteko, esperientzian eta balio subjektiboetan oinarritu izan gara orain arte, baina kargaren mugimendu-abiadura neurtzeko gailuek indar entrenamenduaren monitorizazioan beste urrats bat egiten laguntzen digute. Zertan datza VBTak? Mugitu beharreko kargan, barra adibidez, puntu jakin batera lotuta dagoen transduktore lineal bat (kable mugikor bat) jarri ohi da, errepikapen bakoitzean barraren abiadura zenbatekoa den esango diguna.
Abantailak asko diren arren, bat aipatzekotan, kanpo eta barne-kargaren kontrolerako erraztasuna nabarmenduko genuke. Kirolari bat ariketa konkretu bat burutzen ari den serie batean, errepikapenetik errepikapenera abiadura galera bat egon ohi da. Pallares edo Medina bezalako zenbait adituk dioten moduan, abiadura galera hori %15 baino handiagoa den unean, kirolaria gehiegizko nekea pilatzen hasten da, eta errepikapenek eragin ditzaketen egokitzapen positiboak amaitu egin ohi dira. Beraz, momentuko feedbackaren bidez, garbi asko jakingo genuke kirolari honek zenbatgarren errepikapenean utzi behar duen seriea, gehiegizko nekerik ez pilatzeko.
Bestalde, uneko feedbacka izatea, bakoitzaren 1RMa neurtzea, 1RMaren zein ehunekotan lanean ari garen jakitea, kirolariarengan intentzionaltasun osoa jartzeko beharra bultzatzea eta beste hainbat abantaila ematen dizkigu. Horrenbestez, jadanik dituen fidagarritasuna eta praktikotasuna ikusita, zehaztasun handiz entrenatzeko baliabide ezin hobea da.