Blokeak
Hitzen esanahia denboraren eta erabileraren buruan aldatu egiten da batzuetan, aldatu egiten dugu. Hizkera bera ere bai, aldatzen da denborarekin, belaunaldien aldaketarekin, erabilerarekin, zer dakit nik zerekin. Dena aldatzen da, eta arauek ere ezin dute ekidin, gramatika arauek, esan nahi dut. Ergatiboak lurrundu dira, bidean denak galdu direla ematen du, ezarri iezaiezu belarria zuzeneko elkarrizketei…
Baina ez naiz hizkuntzalaria, ez gramatikan aditua, eta blokeen kontu horrekin nentorren, gainera, ez ganbara zaharreko leihoa ixten dauden blokeak botatzen ari garelako, politikagintzan dirudienez dena trabatzeko erabili nahi dituztelako baizik. Ezkerreko blokea eta eskuinekoa daude, bloke aurrerakoia eta atzerakoia, kontserbadorea, bloke plurala, singularra… Dena da blokea, eta blokeorako materiala da gehienetan.
«Euskadi oso plurala da» zioen Eneko Anduezak “Berria” egunkariari emandako elkarrizketa batean, baina pluraltasuna ukatzen zion bere euskal hereneko gehiengo abertzaleari. «Bloke abertzale bat izango litzateke» esan zuen jakitun sozialistak. Beraz, ez litzateke onargarria gehiengo abertzalearen erabakiz eratorritako independentzia. «Abertzaleek herrialde bat sortu nahi dute soilik beraientzat», eta horrek berez ekarriko luke beste guztiak herrialderik gabe geratzea.
Orduan, beste bloke bat behar da, bloke plurala izango dena, nahiz eta ez izan gehiengoa bezain handia. Beraien gutxiengo plurala, adibidez. Hori da; zentzuzkoa eta beti funtzionatu duena baita, abenturarik gabe. Gehiengoari gutxiengoaren proiektura modu naturalean makurtzen erakutsiko diona, alegia. Hori izango litzateke plurala, errealitateari egokitua eta abar. Eta, zertarako ibili, gainera, euskal selekzioa, hizkuntza eskakizuna eta gisako kontu identitario alferrikakoekin? «Ez diot inongo zentzurik ikusten». «Ardura handiko postuak kudeatzeko gaitasuna» duten pertsonak nahi ditu berak, euskara eta gisako txatxukerien gainetik, eta horregatik lehendakariorde erdalduna ere, itxura denez.
Abertzaleek gehiengo handiarekin beraientzat soilik sortu nahiko luketen herrialdearen parean, berak eta enparauek gutxiengoarekin sortuta daukaten herrialdeari eustea du helburu PSE-EEko buruak. Beraien blokea beraien pluraltasunez osatua eta edozein leiho itxi edo trabatzeko bezain gotorra delako, eta besteena ez.