Lorategia etxean eta etxea lorategian
Tokioko Setagaya auzunean dagoen Daita etxea arkitekturaren eta naturaren arteko fusioaren adibide argia da. Eraikina landareekin eta fruta-arbolekin batera bizi da, dagokion faunarekin, denboran zehar aldatzen diren bizitzaz betetako elementuekin.
Daita etxea Tokioko Setagaya auzunean aurkitu daitekeen salbuespena da. NA etxea Koenjin legez, bizitegi hau ere zuhaitz batean bizitzearen sentsazioa eskaintzeko diseinatu da. Baina bigarrengo honek esplizituki gauzatzen du, begetazioz zipriztinduz Japoniako hiriburuko kalexkak.
Suzuko Yamadaren lana da bizitegi berezi hau. Hark adierazi duenez, Ruandara eginiko bidaiaren esperientziak bultzatu zuen proiektu hau garatzera. Hango animaliek espazio irekietan ezusteko etxe atseginak nola aurkitzen zituzten ikusirik, Tokioko ingurunearekin harmonian egotearen sentsazioa eragingo zuen etxe irekiaren proposamena lantzea erabaki zuen. Proiektuaren muina ondorengo hausnarketatik abiatu da: posible al da hiriko txoko txiki batean, harresirik eta zatiketarik gabeko etxe biluzi baten sentsazioa lortzea?
Yamadak Daita etxeko bizilagunen eguneroko bizitza hainbat materialen eta itxituren geruzetan bildu du, sakontasun eta pribatutasun maila ezberdinak sortuz, baina kanpoko bizitzaren burrunbatik erabat bakartu gabe. Etxearen eta lorategiaren arteko trantsizioa desegin egiten da, ez dago bereizten dituen hormarik, baizik eta bi espazioak modu jarraian ulertzea egiten duten leihoak zein egurrezko elementuak daude. Eraikinaren barruan askatasun eta malgutasun sentipena nabarmena da, hiriaren dentsitate konplexuan norberak bere bizitoki propioa aurkitzea ahalbidetuz.
Kanpoko egitura altzairuzkoa da -iraunkortasuna bermatuz-, eta barrukoa berriz zurezkoa -goxotasun domestikoa bilatuz-. Material aukeraketak kontsiderazio ekonomiko zein funtzionalei erantzuten die. Diseinuaren funtsezko alderdietako bat egitura elementu horiek agerian uzteko erabakia izan da; altzairuzko zein zurezko habeak eta zutabeak ikusgai daude, loturak eta elkartzeak agerian utziz. Eskailerak, balaustradak, leihoen markoak, altzariak eta eguneroko objektuak, hala nola gortinak, liburuak, bizikletak eta lorezaintzako tresnak altzairuzko egitura sarean zehar nahasten dira, kanpoaldea eta barrualdea lotuz. Etxearen egitura ez da ezkutatzen, baizik eta elementu estetiko eta funtzional bihurtzen da. Lorategia inguratzen duen altzairuzko egiturak eraikinaren hedapena eta etorkizuneko aldaketak errazten ditu; loturak desmuntagarriak dira, espazioak berriro konfiguratzeko aukera emanez. Horrela, etxea egunerokotasunaren behar aldakorretara egokitu eta kideen nahietara pertsonalizatu daiteke. Malgutasuna funtsezkoa izan da bizitegiaren diseinuan, eta elementuak gehitzeko edo kentzeko aukerak arkitektoaren ikuspegi dinamikoa agertzen du.
Eraikinaren eta lorategiaren arteko muga aluminiozko, egurrezko eta altzairuzko geruzen konbinazioa da, eta horiek barneko gela bakoitzaren eskakizunei erantzuten diete. Pertsianek nahiz leiho handi irristakorrek lorategia etxe barrura sartzea, eta, alderantziz, barrualdea kanporantz zabaltzea ahalbidetzen dute, bien arteko elkartzea eraginez. Etxea lorategirantz eta lorategia etxerantz doa. Horrek berebiziko garrantzia dauka natura berriekiko bizikidetzaren kontzeptuan. Diseinuak landare jangarriak integratzen ditu, hala nola fruta-arbolak eta barazkiak, balio estetiko huts batetik harago doazen espezieak. Zuhaitzen inguruan zabaltzen diren terrazek eta plataformek espazio bizigarri berriak sortzen dituzte, biztanleek zuzenean etxetik uzta biltzeko aukera izan dezaten. Hori dela eta, zaintza jarraitua behar duen zuhaitza eskailera kurbatu batek inguratzen du, besteak beste.
Daita etxea arkitekturaren eta naturaren arteko mugak nola lausotu daitezkeen erakusten duen beste adibide bat da. Tokioko etxeak naturarekin modu organikoan bizi ahal izateko azpiegitura sortzen du, eraikitakoaren eta natura berrien arteko eredu izateko. Aurtengo abuztuan hiriburu japoniarrera eginiko bidaian, etxeak urteotan izan duen bilakaeraren testigu izan ginen, batez ere begetazioaren hazkundeak lekua nola bereganatu duen ikusi ahal izan genuen. Bitxia da proiektuaren argazki originalak eta orriotan ageri direnak bata bestearekin alderatzea.