Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Hizkuntzaren indarra

Salba ditzagun gabonak! Ez da sasoi honetako pelikula bat -izan zitekeen-, Voxekoek Katalunian abiatu duten kanpaina bat da. Kezkatuta omen daude, «sozialismoa, independentismoa eta progreak» benetako gabonak kakazten ari omen direlako. Kristautasuna, turroiak, kaleetako argiak eta jaiotzak aldarrikatu dituzte, «Espainiaren nortasuna eta izaera» zaindu beharraz aritu dira. Ez omen da esan behar «jai zoriontsuak izan», «gabon zoriontsuak izan» baizik. Inork ez dezan zalantzarik egin zein den jatorria.

Ez nau kezkatzen. Txistorra, ardotxo bat, espero gabeko juntadizoak, oparitarako paper txatalak, amaren arrain zopa, paseoak, mugarik gabeko siestak, polboroiak desordutan. Garbi daukat nolakoak diren nire gabon perfektuak. Eta, batez ere, garbi daukat ez direla perfektuak izango; nahi baino gehiago gastatuko dugu, behar baino gehiago jan eta edan, ekidin genezakeen eztabaidaren batean sartuko gara eta telebistako iragarki brilli-brillietatik urrun geratuko gara aurten ere.

Horraino, dena normal. Kezkatu nauena da, eta dezente, Kataluniako Voxekoek katalanez egin dutela betiko gabon tradizionalen defentsa sutsua. Hauek bizkorrak dira -pentsatu dut sofaren ertzetik-, hauek badakite norbere hizkuntzan jasotzen diren mezuak barrurago sartzen direla, orratzaren ziztada sakonagoa da eta min gutxiago egiten du norbere hizkuntzan egiten denean. Zas!

Azkeneko Gipuzkoako bertsolari finalaren egunean, pintadaz beteta esnatu zen Illunbe: «Ordezkapen etnikoa geratu». Lehenagotik ere ezagunak dituzte Illunbeko paretek margoketa fatxak, arrazistak. Baina askotan gazteleraz jantzi dizkiote. Finalaren egunean, berriz, euskaraz. Egileek bazekiten egun horretan garrantzitsua zela paretek euskaraz egitea, finalera gerturatu ziren 6.500 bertsozaleengana iristeko bide hobea zela euskara. Zas!

Garai batean harro abesten zen «biraorik gabeko hizkuntza garbia» euskarari buruz. Baina hiztunak biraoak ere behar ditu bere bizitzaren une guztietan euskara erabili ahal izateko. Bestela, beste hizkuntzaren bateko maldizioak jantzi behar, haserretzen garenean. Inozoa litzateke pentsatzea euskara eskuineko ideia arrazista eta baztertzaile horietatik salbu dagoela. Denerako balio behar badu, horretarako ere balio beharko du. Arazoa ideiak dira, ez hizkuntza.

Baina tamalgarria iruditzen zait nola konturatu diren Vox eta Illunbeko pintaden egileak hizkuntzaren potentzialtasunaz eta nola dauden beste asko lelotuta, Santa Clausi kantuan San Sebastianen.