Arkitektura jolasgune, Zubitegi parkean
Zubitegi Kirol Parkea, Mallabia udalerrian, haurren erabilerarako espazioa ez ezik, belaunaldi anitzekoa eta komunitate osora irekia da. Haren eraikuntzan materialak berrerabili dira eta inguruaren oreka ekologikoa ere berreskuratu da, bertako faunaren eta floraren mesedetan.

Mallabiko udalerriko txoko ugaritan aurki daiteke begirada harrapatzen duen arkitektura. Zubitegi Kirol Parkea horietako bat da. Zaila da ikusiz gero egitura horretan zehar ez murgiltzea, nora eramango ote zaituen deskubritzeko irrikaz. Proposamena eraginkortasunean, sinpletasunean eta iraunkortasunean oinarritzen da, eskualdeak aurrez aurre dituen erronka urbanoei eta ekologikoei erantzuna emanez. Proiektua bere ikuspegi holistikoagatik, ingurunearekiko integrazio sakonagatik eta erabiltzailearen beharrei erantzuteagatik nabarmentzen da. BeAr arkitektura bulegoaren sortzaile diren Ane Arce eta Iñigo Berasategiren proiektuaz mintzo naiz, eta, finalista izan da COAVN sarietan, hiri-diseinu eta paisaiagintza modalitatean.
Zubitegi parkea bat dator ‘erradikaltasun pragmatikotzat’ har daitekeenarekin, eta ikuspegi horrek, beste ezeren gainetik, espazioen erabilgarritasuna eta aprobetxamendua bilatzen ditu. Multzoaren forma eta egitura erabiltzailearen esperientzia hobetzeko pentsatuta daude, betiere diseinuaren sinplifikazioa eta argitasuna bilatuz. Diseinuaren funtsezko zutabeetako bat erabiltzaile guztientzat irisgarria izatean datza, denentzat -haurrentzat, gazteentzat nahiz adinduentzat- erabilgarriak diren bide sarea sortzea, bisitari bakoitzak haren beharretara egokituriko esperientzia gozatzeko aukera izan dezan. Belaunaldi anitzeko ikuspegi horrek parkea komunitate osoarentzat bilgune bilakatzen du.

Kirol parkeak berebiziko garrantzia dauka Mallabia eta bere eskualdearen lurralde eraketan. Nodo hori ez da soilik udalerri barruko elementu gisa ulertu behar, baizik eta eskualdeko topaleku erreferente moduan. Proiektuaren helburua udalerriaren hegoaldea apurka-apurka modu egokituan egituratzea da, balioa eta erakargarritasuna emanez. Diseinua dagoenaren eta berriaren, eraikiaren eta naturaren, historikoaren eta sinbolikoaren arteko elkarrizketa uztartzen dituen espazioa da. Parkea lorategi ezkutu bat bezala ulertzen da, urratsez urrats edertasunaren nozio berri bat eraikitzen duena. Harreman dinamiko horrek Zubitegi paisaiaren eboluzio prozesu batean integratzen du, denborarekin egokitzeko eta eraldatzeko gaitasuna duen azpiegitura sortuz, nortasuna eta komunitatearekiko lotura galdu gabe.
Ibilbideen diseinuak -behar funtzionalei erantzuteaz gain- paisaia naturalarekin integratzea errazten duen esperientzia estetiko eta sentsoriala ere eskaini nahi du, hala nola Mallabiko eta Ermuko behealdearen ateko pasealekuak eskaintzen duena. Zubitegi errekaren ertza berreskuratzea eta lehengoratzea proiektuko faktore bat gehiago da, urak tratatzeko zentral zaharrak larriki kaltetutako ekosistema baita. Esku hartzeak tokiko flora eta fauna indartzen ditu, alderdiko oreka ekologikoa berreskuratuz. Ingurumena birsortzeko prozesua ez da ondorio hutsa, proiektuaren funtsezko printzipioa baizik. Berroneratzearen kontzeptua paisaiaren leheneratze hutsetik harago doa, bioaniztasuna sustatuz eta komunitateak ingurumenarekiko konpromiso handiagoa har dezan sustatuz. Proiektuak eraikuntzaren jasangarritasunaren ikuspegiari ere erreparatzen dio. Lur mugimenduak minimizatzea lehenetsi da, sakoneko indusketak saihestuz eta lurrari errespetuz gainjarriko zaion egitura bilatuz.

Gainera, aurretiko eraispenetatik datozen materialaren berrerabilpenaren alde egin da, -zoladuretarako agregakin bihurtuz-, ingurumen inpaktua murrizten lagunduz. Modulartasunari esker, berriz, azpiegitura parkearen beharretara egokitu daiteke denboran zehar, etorkizunean handitzeak edo aldaketak erraztuz, aldaketa berezirik eragin gabe. Metodo horri esker, parkea erresilientea da, komunitatearen etorkizuneko beharretara eboluzionatu dezakeelako hiri-paisaian modu errazean integratuz.
Diseinutik hasi eta instalazioetaraino, Zubitegi Kirol Parkeak murgiltze esperientzia eskaintzen du, jolas zein kirol jarduerez gozatzera gonbidatzen duena. Parkearen barruko espazioen sormenak eta erabilera aniztasunak lekua dinamikoa, bizigarria eta aberasgarria izatea bermatzen dute.
Azpiegitura dinamikoaren ikuspegiak, eraikitakoa eta natura uztartzeko duen gaitasunarekin batera, arkitektura erreferente bihurtzen du parkea. Eta, zalantzarik gabe, mugarri bihurtzen du eskualdean.




