Urdaneta museoa, Natur Historian pasieran
Ipar Amerikako sekuoiak, Japoniako kriptomeriak, kaltzedonia korala, kaxalote baten hezurdura, krokodilo nilotarra... Hamaika bitxikeri ikusi ahal izango du Urdaneta museora hurbiltzen den bisitariak.
Urdaneta ikastetxeko Andrés de Urdaneta Natur Historia Museoa AMYP-eko kide da; hau da, “Asociación de Museos, Grupos y Colecciones de Mineralogía y Paleontología” delakoaren kidea.
Loiun kokatuta, museoaren bildumak euskaldunen iraganeko aztarnak eta oraineko atalak ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen du.
Munduko txoko guztietako zuhaitz-espezieak edo talde kristalografiko ezberdinen mineralak daude ikusgai, besteak beste; hainbat taxon zoologikotan menturatu daiteke bisitaria edo, berton ikusgai dauden era geologikoetako fosilen bitartez, bizitzaren eta Lurraren historian zeharreko bidaia egin. Eta, horrez gain, planetan etengabe bilakatzen ari diren formen ikuspegia lortu.
Animaliak, fosilak, mineralak...
Museoan dauden elementu ugariren artean, honako hauek azpimarra daitezke, museoaren webguneak zehazten duenaren arabera:
Zuhaitzak: Ipar Amerikako sekuoiak, Japoniako kriptomeriak, Europako gorostiak eta Australiako mimosak.
Fosilak: mastodonte baten atzeko hagin bat, haitzuloetako hartz baten hortz bat, armadilo baten babes-plaka edo clypeaster bat.
Mineralak: Euskal Herrian aurkitu den septaria bikoitzik handiena, karamelu koloreko blenda, goethita irisatua, kaltzedonia korala eta igeltsu orrazkara.
Animaliak: kaxalote baten hezurdura, krokodilo nilotarra, hartz arrea, kolibriak, koral-bilduma, maskorrak, tximeletak, arrainak, narrastiak, urlehortarrak, hegaztiak eta ugaztunak, kontinente guztietakoak.
Museoak Valentziako Arte eta Zientzien Hiriko Felipe Printzea Museoaren inaugurazioan parte hartu zuen, museoaren funtsetako mineraletako batzuk maileguan utzita.
Era berean, kaxalotearen eskeletoa Gasteizko Artium Museoan egon zen, Joan Fontcuberta artistak 2003ko ekainetik irailera bitartean egin zuen “Euskaldunen uhartea” erakusketan.