Landa Garapeneko Elkartea, pozik udako bisitarien kopuruarekin
Bermeo, Gernika-Lumo eta Mundakao turismo bulegoek eta Gaztelugatxeko informazio guneak 54.967 bisitari jaso dituzte uztailean eta abuztuan. Gainera, Gernika-Lumoko Batzar Etxearen ondoan dagoen turismo kudeatzailean 1.200 kontsulta baino gehiago egin dira.
Udako denboraldia amaitzeko egun gutxi falta direnean, Urremendi Landa Garapeneko Elkarteak oso balantze positiboa egin du udako hiletan Busturialdean lortutako datu turistikoei buruz.
«Uda aparta izan da. Bermeo, Gernika eta Mundakako turismo bulegoek 35.000 bisitari inguru izan dituzte, iaz baino %30 gehiago, Estatuko turista kopurua nabarmenduz. Urdaibaik turismo, kirol, kultura eta gastronomia eskaintza oparoa du, kalitatezko eskaintza zabala. Oso pozik gaude egindako lanarekin. Bide onetik goaz», azpimarratu du Aitziber Ansotegi Urremendi Landa Garapeneko Elkarteko gerenteak.
Zehazki, Busturialdeko hiru turismo bulegoetatik Gernika-Lumokoa izan da bisita gehien izan dituena uztailean eta abuztuan (17.248), ondoren Bermeokoa (10.416) eta gero Mundakakoa (7.106). Gaztelugatxeko informazio guneak 20.197 bisita izan ditu, eta Batzar Etxearen ondoan kokatutako euskarri digitalak 1.204 kontsulta izan ditu.
Ansotegik nabarmendu du Espainiako Estatuko bisitariaren profila bat datorrela azken urteetakoarekin, eta Madril, Katalunia, Andaluzia eta Valentziako turistak direla eskualdea gehien bisitatzen dutenak. Beste herrialde batzuetako bisitei dagokienez, proportzio handi bat Frantzia, Italia, Alemania, Herbehereak, Ingalaterra eta Belgikako turistak izan direla iragarri du.
Bisitak «modu arduratsuan»
Eskualdeko turismo bulegoek eta gainerako turismo eragileek egiten duten ahalegina ere goraipatu du Ansotegik, Urdaibai bisitatzen duten pertsonek «modu arduratsuan» egin dezaten, bisitatzen dituzten baliabideak eta espazioak behar bezala erabiliz eta gozatzen duten ingurunearekin bat etorriz.
Azkenik, eskualdeko enpresekiko lankidetza publiko-pribatua ere nabarmendu du, turismo eskaintza aberasten laguntzen baitute. «Elkarlanean jarraituko dugu Urdaibai Euskadiko helmuga nagusietako bat izaten jarrai dadin», adierazi du.