Bidaiari

Tak 'alik Ab' aj, Gizateriaren Ondareen zerrendan

Tak 'alik Ab' Gizateriaren Munduko Ondarearen zerrendan sartu du Unescok. Maien kulturaren sorlekutzat jotzen den Guatemalako gune arkeologikoak duela ia 3.000 urteko aztarnak gordetzen ditu.

3.000 urteko aztarnak gordetzen ditu gune arkeologikoak.
3.000 urteko aztarnak gordetzen ditu gune arkeologikoak. (J. ORDONEZ | AFP)

Unescok, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak, Tak 'alik Ab' Parke Arkeologiko Nazionala Gizateriaren Munduko Ondareen zerrendan sartzea erabaki du.

Tak 'alik Ab' aj, maien kulturaren sorlekutzat hartzen dena, guatemalarrentzat beren historiaren jatorria da. Alejandro Giammattei Guatemalako presidentearen hitzetan, «Olmeka kulturaren trantsizioaren lekuko da, eta aparteko balio unibertsalak biltzen ditu».

Parke arkeologikoaren inguruan egiturak, eskulturak, errituak egiteko plazak, landaretza lodia eta kafetegiak daude. El Asintal udalerrian dago, hiriburutik 200 bat kilometrora, mendebaldera, eta bi zibilizazioen eskriturak gordetzen ditu. «Maien kultura berria eratzen hasten direnean, garai hartako gune nagusia Tak 'alik Ab' aj zen; beraz, hor sortzen da. Horregatik diogu Tak 'alik Ab' aj maien kulturaren hasiera dela», gehitu du Felipe Aguilar Guatemalako Kultura ministroak. «Horrek egiten du bereizia».

Aurkikuntza garrantzitsua

Tak 'alik Ab' aj-en aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuenetako bat Las Doncellas eskaintza da, K 'utz Chman erregearen hilobian dagoena. Buztinez landutako sei panpina dira, lau puntu kardinalak eta Eguzkiaren eguneroko mugimendua irudikatzen dituztenak, ekialdean jaio eta mendebaldean ezkutatzen den arte.

Itsas mailatik 600 metroko altueran kokatuta dago, Ozeano Bareko kostaldea zeharkatzen duen kate bolkanikoaren hegal drainatuetan. Guneko aztarna arkeologiko zaharrenak duela ia 3.000 urtekoak dira.