Bidaiari

“Euskal Emakume Zinemagileak”, bidaia bereziak fotogramen bidez

“Euskal Emakume Zinemagileak” zikloak mundua erakutsiko digu, beste behin ere, ikuspuntu berezi batekin, emakumeen begiradarekin. Aurten hamar pelikula ikusi ahal izango dira Artiumen eta Tabakaleran, abendura bitarte.

Aurtengo kartela.
Aurtengo kartela. (Euskadiko Filmategia.)

Euskadiko Filmategiak antolatutako “Euskal Emakume Zinemagileak” zikloaren hirugarren edizioak hamar film eskainiko ditu Gasteizko Artium museoan eta Donostiako Tabakalera zentroan urriaren 5etik abendura arte. Bilboko Arte Ederren Museoko proiekzioak bertan behera geratuko dira aldi baterako, pinakotekako berritze lanak direla eta.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 1970eko hamarkadaren hasieran jaiotako emakumeek egindako euskal zineman barrena ibiliko da aurten zikloa, zuzendari horien talentua eta lanak nabarmentzeko xedearekin. Egileek beraiek aurkeztuko dituzte beren lanak ia emanaldi guztietan.

“Arnasa betean”

Aurtengo Donostia Zinemaldian estreinatutako “Arnasa betean” (2023) lanak hasiko du egitaraua, ostegunean, urriaren 5ean, Artiumen, eta ostiralean, hilaren 6an, Tabakaleran. Bertha Gaztelumendik eta Rosa Zufiak zuzendutako dokumentalak emakumeek egindako zinemaren iraganari eta orainari buruzko ikuspegi panoramikoa eskaintzen du.

Era berean, “El sueño de la sultana” (2023) Isabel Hergueraren lehen film luzea urriaren 19an (Artium) eta 20an (Tabakalera) proiektatuko dute zikloaren baitan. Donostia Zinemaldiaren 71. edizioko Sail Ofizialean lehiatu den animaziozko zinta da.

Halaber, “Matrioskas. Las niñas de la guerra” (Helena Bengoetxea, 2021) filmak gerrako ume izan ziren emakume batzuen «erretratu benetan humano eta bizitzaz beterikoa» erakutsiko du urriaren 26an (Artium) eta 27an (Tabakalera).

Bestalde, Estela Ilárraz Madrilen bizitza hobe baten bila dabiltzan ekuadortarrarengana hurbilduko da “Próxima estación” (2007) lanean (azaroren 2an Artiumen eta 3an Tabakaleran). Horrez gain, Jone Karresek begirada berdintasunaren aldeko borrokan jartzea proposatuko du Hondarribia eta Irungo festak hizpide dituen “Alardearen seme-alabak” lanean (Eneko Olasagastirekin batera zuzendua), azaroaren 9an Artiumen eta 10ean Tabakaleran.

Gainera, Izaskun Arandiaren “My Way Out“ (2022) filmak Londresera eramango gaitu dokumentalari izena ematen dion aretoaren 30. urteurrena ospatzeko (azaroaren 23an Artiumen eta 24an Tabakaleran). Lokal hartan, hain zuzen, hiriko trans komunitateak babestu eta askatasunez adierazteko aukera izan zuen.

“Azken bidaia”

Iurre Telleria eta Enara Goikoetxea Comète sareak Bigarren Mundu Gerran egindako lanera hurbilduko dira “Azken bidaia” (2011) filmean (azaroaren 30ean Artiumen eta abenduaren 1ean Tabakaleran), eta “Pelota II” (2015) lanean, Olatz Gonzalez de Abrisketa zinemagile eta antropologoak, Jorgen Leth danimarkarrarekin batera, pilota partidetako materialaren aukeraketan jarriko du arreta (abenduaren 7an Artiumen eta 8an Tabakaleran).

Azkenik, “Euskal Emakume Zinemagileak III” zikloa amaitzeko, “Irrintziaren oihartzunak” (Iratxe Fresneda, 2016) filma eskainiko da abenduaren 14an Artiumen eta 15ean Tabakaleran, Mirentxu Loyarte euskal zinemaren aitzindarietako bat aldarrikatuz, eta Leire Apellanizek udako zinemetako azken abenturazaleetako bati buruz hitz egingo du “El último verano” (2016) filmean (abenduaren 21ean Artiumen eta 22an Tabakaleran).