Bidaiari

“World Press Photo”, munduko gertaerak argazkitan, bidaia batean bezala

“World Press Photo” erakusketa azaroaren 15era arte egongo da ikusgai Gasteizko Montehermoso kulturuneko ur biltegi zaharrean. 160 argazki erakutsiko ditu, tartean izen bereko fotokazetaritzako nazioarteko lehiaketa irabazi duena. Ikusgai dauden argazkiak 127 herrialdetako 3.752 kazetarik aurkeztutako 60.448 argazkien artetik aukeratu dira.

Montehermoso kulturuneko ur biltegi zaharrean egongo dira ikusgai argazkiak, urtero bezala.
Montehermoso kulturuneko ur biltegi zaharrean egongo dira ikusgai argazkiak, urtero bezala. (Juanan Ruiz | FOKU)

“World Press Photo” erakusketak munduko gertakarien irudirik onenak biltzen dituenez, munduan zehar bidaiatuko du ikustera bertaratzen denak. Aurkezpenean azaldu dutenez, honako hauek dira, besteak beste, argazki horiek eskaintzen dituzten kontakizunak: gatazka armatuak, ingurumena eta hura babesteko teknologiak, Afganistanen bizitzeko dauden zailtasunak, hiyaba derrigorrez jantzi beharrari Teheranen aurre egiten dion neska gazte baten begirada tristea edo AEBetako gazteriaren zati bat irudikatzen duten azpigenero musikal berria. Euren hitzetan, «kazetaritza grafikoaren sendotasuna eta beharra argi erakusten dutenak».

Kultur panoramako «ezinbesteko ekitaldia»

Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza sailaren esanetan, Gasteizko udazkeneko kultur panoramako «ezinbesteko ekitaldia» bihurtu da dagoeneko erakusketa. Iaz 12.000 bisita baino gehiago izan zituen.

«World Press Photo” geurea da, zalantzarik gabe, 21 urtez ez baitu hutsik egin Arabako hiriburuarekin duen hitzorduarekin. Urtero “World Press Photo” jasotzen duten metropolien zerrendaren parte da gure hiria, Hanburgo, Amsterdam, Mexiko Hiria, Toronto, Taipei, Bartzelona, Tel Aviv edo Vienarekin batera, besteak beste. Munduko 60 hiri dira guztira. Fotokazetaritzako profesional handien lanez gozatzeko eta kontzientzia hartzeko aukera handia da», gaineratu du.

Erakusketaren barruan, eta Mugarik Gabeko Medikuak GKEarekin eta Gasteizko Udaleko Garapenerako Lankidetza Zerbitzuarekin elkarlanean, “EnfocAH: fotokazetaraitza, migrazioa eta babesa” mahai-ingurua egingo da Montehermoson bertan azaroaren 7an, 19:00etan.