Bidaiari

Florida lorategia, Gasteizko bihotzean

Lorategi erromantiko frantsesen estilora diseinatua izan zen Florida parkea, Gasteizko ezagunetakoa. Hiriko zaratatik ihes egin nahi duenak aukera paregabea aurkituko du bertan, zuhaitz artean pasieran lasai ibiltzeko.

Parkeko irudia.
Parkeko irudia. (Jaizki Fontaneda | FOKU)

Hiriko bihotzean kokatzen den Florida lorategia Gasteizko parke ezagunena da. Halaxe dio, behintzat, hiriko udaletexeko webguneak. 1820an sortu zen garaiko lorategi erromantiko frantsesen estilora diseinatua. Beraz, azalera handiagoa zirudien, bidexka ia labirintikoen bidez. Ur-jauzia, errekatxoa, musika-kioskoa, maiteminduen bankua... elementu guztiek zuten helburu berbera.

Udaletxeak zenbait aholku eskaintzan ditu parkeaz ahalik eta gehien gozatzeko. Honako hauek, besteak beste:
    -Bilatu ibilbide botanikoan iratze hostoak dituen pagoa, Senda ibilbidetik gertu.
   - Behatu Sigeriko, Liuva, Ataulfo eta Theodio errege godoen estatuak.
   - “Uraren Lorategi Sekretuko” espeziez gozatu.
   - Antzeman hontzak, zozoak, txolarreak edo Florida parkean bizi diren 20 espezie baino gehiago.
   - Bisitatu Gabonetan jaiotza erraldoia, tamaina naturala duten 200 figura baino gehiagorekin.
    -Bisitatu “Amodio zuhaitza” eta bere historia ezagutu. Ale berriak 1930ean desagertu zen “maitasunaren zuhaitza” ordezkatuko du. Zuhaitzak ospea lortu zuen, bikotea lortzen laguntzen omen zuelako, usadioak zioenez.

Lorategiaren ibilbidea

Parkean ibilbide bat dago lorategian bizi diren 250 espezieetako batzuk ezagutzeko. 42 zuhaitz eta zuhaixka zehaztuta daude eta oinetan izenak dituzte, ondo identifikatu ahal izateko.

Parkea familia osoarekin bisitatzen denean egin daitekeen jarduera berezi bat da zuhaitz bat aukeratu eta “babestu”. Zuhaitza gogoratzeko, gomendagarria da hura marraztea, enborraren altuera eta zabalera idaztea eta hostoen formak ere marraztea, etorkizunean arazorik gabe ezagutu ahal izateko.

Florida parketik oso gertu Fernandez de Pierola Apezpikuaren lorategia dago, non metalezko errinozeronte eta krokodiloak dauden. Parke txiki honetatik Katedraleko parkingera sar daiteke.

Aparkalekuko ipar-irteera pare-parean aurkitzen da lorategi txiki hau. Bertan 2014an onddo baten ondorioz hildako sekuoia erraldoi bat dago. 40 metro baino gehiagoko enborra bertan dago hiriko sinbolo gisa. Denbora luzez, zuhaitz hau “zuhaitz berezi” izendatu zuten.