Bidaiari

BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia, mendia formatu handian

Europa, Ipar Amerika, Asia eta Ozeaniako 15 herrialdetako 57 film proiektatuko dira abenduaren 8tik 17ra bitarte BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiaren 16. edizioan. 50 izango dira lehian Sail Ofizialean.

Aurtengo edizioaren kartela.
Aurtengo edizioaren kartela. (BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia )

BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiaren 16. edizioan 57 film eskainiko dira abenduaren 8tik 17ra bitarte BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiaren 16. edizioan, Europa, Ipar Amerika, Asia eta Ozeaniako 15 herrialdetakoak. Sail Ofizialean 50 lehiatuko dira eta beste bost film lehiaz kanpoko Zabalandi sailean aurkeztuko dira, ‘Corpórea’, ‘El fin de la eterna’, ‘Konfiantza itsua’, ‘Leizeta’ eta ‘Udalatx, ura eta atxa’, zehazki.

Gainera, Eliza Kubarskaren 2015eko ‘K2 touching the sky’ pelikula ere izango da ikusgai, aurten IAMF Sari Nagusia jaso izanaren aitortzan, eta ‘Oinez' estreinatuko da, iaz Mendi Film Bizkaia Ternua beka jaso zuen proiektuaren zinta, alegia.

Bost kidek osatutako nazioarteko epaimahaiak baloratuko ditu Sail Ofizialeko lanak: Eliza Kubarska zinemagile eta alpinista poloniarra, Michael Pause kazetari, produktore eta idazle alemana, Patricia Ayala zinemagile, ekoizle eta gidoilari kolonbiarra, Nerea Alberdi konpositore, orkestratzaile eta arreglista bilbotarra eta Juantxo Zeberio Etxetxipia konpositore, konposatzaile eta arreglista tolosarra izango dira epaimahaikideak.

Erakusketak eta hitzaldiak

Bestalde, argazki eta artelanez osatutako hiru erakusketa nagusik jantziko dute Bilbo azaroan hasi eta urtarrilera bitarte. Alde batetik, ‘HARRI, ORRI, ARkatz’ eskalada krokisen erakusketa Mariaren Bihotza plazako Aztarnategian izango da ikusgai azaroakren 24tik urtarrilaren 7ra.

Halaber, CVCEPHOTO mendiko jardueren nazioarteko argazkilaritza lehiaketako 20 lan sarituen erakusketa irekiko dute BBK Salan abenduaren 9tik 14ra, eta ‘Yhabril. Luz, montaña, ¡acción!’ Yhabril argazkilari bilbotarraren tamaina handiko 20 lan onenen erakusketa jarriko dute Bilboko metroaren geltokietan azaroaren 15etik abenduaren 30era.

Gainera, hainbat hitzaldi eskainiko dira zinemaldian zehar: CVCEPHOTO lehiaketaren bederatzigarren edizioko lan sarituen inguruan antolatutakoa (abenduak 9), ‘HARRI, ORRI, ARkatz’ erakusketarekin lotuta argitaratu den ‘Artea eskalada krokisetan’ liburuaren aurkezpena (abenduak 10), Eduardo Martinez de Pison geografo, bidaiari eta mendizalearen ‘Lo que ví en las montañas’ hitzaldia eta Kike Infame komikizaleak gidatutako ‘Gailurra! Komikia eta mendia’.

Era berean, alde batetik, Edurne Pasaban alpinistak WOP Mendi Film 2023 Saria jasoko du jaialdiaren hasiera ekitaldian, abenduaren 8an, Euskalduna Bilbao jauregian, eta, bestetik, Eliza Kubarskari aitortza egingo zaio, bera baita aurten IAMF Sari Nagusia jaso duena, Mendiko Zinemaren alde diarduen nazioarteko elkargoaren sari gorena.

Azkenik, mendiko zinemagintzaren industriaren inguruko jardunaldia ere antolatu da, era batera edo bestera sektorean lan egiten duten profesionalei eta bertan murgildu nahi duten zaleei zuzenduta. Eliza Kubarska, Dani Salas eta Heather Mosher zuzendariek hitzaldi bana eskainiko dute, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Ogasunak zinemagintzan jarduteko dituzten laguntzak eta pizgarri fiskalak aurkeztuko dituzte, eta Mendi Film Bizkaia Ternua bekaren proiektuak estreinatu eta aurkeztuko dira.