Bidaiari

Latinoamerika eta Asiako artearen parekotasuna, Singapurren aztergai

‘Tropical: Historias del Sudeste Asiático y Latinoamérica’ erakusketa zabaldu da Singapurreko Galeria Nzionalean honako helburuarekin: Asiako hego-ekialdeko eta Latinoamerikako 200 artelanen bidez XX. mendean bi eskualdeetako korronte sortzaileen arteko parekotasunak azaltzea.

Frida Khalo, Elixabete Mendibek BIlbon egindako erakusketa batean.
Frida Khalo, Elixabete Mendibek BIlbon egindako erakusketa batean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Asiako hego-ekialdeko eta Latinoamerikako 200 artelan baino gehiago bildu dira Singapurreko Galeria Nazionalean, XX. mendean bi eskualdeetako hainbat korronte sortzaileren arteko kidetasunak bilatu eta nabarmentzeko, borroka antikoloniala ardatz komuna izanda.

“Tropical: Historias del Sudeste Asiático y Latinoamérica” du izenburu 70 artista ingururen 200 margolan, eskultura eta marrazki baino gehiago biltzen dituen erakusketak, azaroaren 18tik martxoaren 24ra arte zabalik egongo dena Asiako Hiri eta Estatuaren Galeria Nazionalean.

Zenbait artista

Diego Rivera eta Frida Kahlo artista mexikarren, Tarsila do Amaral pintore brasildarraren eta Helio Oiticia artista bisualaren lanak daude ikusgai. Halaber, David Medalla filipinarra, Emiria Sunassa indonesiar margolaria, Latiff Mohidin eta Patrick Ng malaysiarrak, Tan Oe Pang singapurdar artista eta Paul Gauguin frantziarraren piezak ere jaso ditu erakusketak.

«Urteetan prestatutako funtsezko erakusketa da. XX. mendeko Asiako hego-ekialdeko eta Latinoamerikako artisten arteko kidetasunetan oinarritzen denez, euren ahotsa eta tokia bilatzeko sortutako forma berritzaileak nabarmentzen ditu», adierazi du Eugene Tan Singapurko Galeria Nazionaleko zuzendariak prentsa-ohar batean.

Asiako eta Latinoamerikako adierazpen artistikoen arteko ikuspegia duen eskala handiko lehen erakusketa da eta «kolonialismoaren aurkako borroka» dute amankomunean ardatz, museotik azpimarratu dutenez.

Gainera, artelan asko Singapurren aurkeztu dira lehen aldiz. Hiriak galeriaren barruan diseinatu du espazioa, uharteetako WOHA arkitektura-enpresarekin batera.

Kolonialismoak sortutako historia

«Nahiz eta planetaren kontrako puntuetan egon, Latinoamerikak, bere kultura aberatsarekin, antzekotasunak ditu Singapurrekin, gure gizarteen aniztasuna eta kolonialismoak sortutako historia barne», adierazi du, bestalde, Yuen Kuan Moon Singtel telekomunikazio-enpresaren zuzendariak.

Erakusketa ‘El Mito del Vago Nativo’ izeneko espazioarekin hasten da. Bertan, Gauguinen ‘Pobre Pescador’ lana dago ikusgai, Tahitin egon zen garaian margotutakoa. Ondoren, Latinoamerikako eta Asiako artistak azaltzen dira, pertzepzio kolonialistak desmuntatzeko eta horiei aurre egingo dieten lanekin.