Bidaiari

Gasteizko auzoak, arte eszenikoez zipriztinduta, Auzo Eszena programari esker

Urtero bezala, gasteiztarrek zein kanpokoek beste aitzakia bat izango dute Gasteizko auzoetara hurbiltzeko, Auzo Eszena programaren 13. edizioa egingo baita hiriko gizarte etxeetan otsailaren 18tik aurrera. Guztira, 18 ikuskizun eskainiko dira.

Guztira, 18 ikuskizun eskainiko ditu Auzo Eszena programak.
Guztira, 18 ikuskizun eskainiko ditu Auzo Eszena programak. (Getty Images)

Bederatzi ikuskizun amateur eskainiko ditu Auzo Eszena programaren 13. edizioak otsailaren 18tik maiatzaren 26ra bitarte, Gasteizko Udaleko Kultura Zerbitzuak antolatuta. Haur, gazte zein helduei zuzendutako emanaldiek umorea, antzerkia, magia, dantza, bakarrizketak eta bertsoak uztartuko dituzte hiriko gizarte etxeetan, igandeetan, 19:00etatik aurrera.

Auzo Eszenaren helburua da arte eszeniko ez-profesionalak agertokietara eramatea eta, hala, Gasteizko talde eta artista amateurrak babestea. «Programari esker, beren lana publikoarekin banatzeko eta hiriko kultur agenda are aberatsagoa izaten lagun dezakete», adierazi dute antolatzaileek aurkezpen prentsaurrekoan.

18 ikuskizun

Gogorarazi dutenez, urrian deialdi publikoa egin zen Gasteizko antzerki edo artista talde ez-profesional guztiek beren proposamenak aurkez zitzaten, eta 19 proposamen aurkeztu ziren. Batek baja eman zuenez, aurten 18 lan taularatuko dira: bederatzi otsailetik maiatzera eta beste horrenbeste urritik abendura.

Zehazkiago, honako hauek izango dira ikusgai: Scout y Britte taldearen ‘Metiéndonos en fregaos’ antzezlana (otsailak 18, Aldabe), Mago Goyoren ‘El laberinto’ (otsailak 25, Arriaga), Gurualia taldearen ‘Aitor txapuzero’ antzezlana (martxoak 10, Salburua) eta Arai elkartearen ‘Miradas cruzadas’ dantza inklusiboko ikuskizuna (martxoak 17, Zabalgana).

Halaber, honako lan hauek ere izango dira ikusgai: Arteligio Teatro taldearen ‘Candidatas’ (apirilak 14, Arana), Kultura&Natura elkartearen ‘Bakardadeak garaitu zituenak’ musika, bertso eta dantza ikuskizuna (apirilkak 21, Salburua), Juan Monagoren ‘El hijoputa bipolar’ bakarrizketa dramatikoa (apirilak 28, Ariznabarra), Ipazapiren ‘El higo de Filemón’ (maiatzak 19, Zabalgana) eta Amaia Garrosaren eta Ane Arrugaetaren ‘Entrakonexiones’ (maiatzak 26, Aldabe).