Bidaiari

Pekinek Txinako Harresi Handiaren tarte ikonikoenetako bat berrituko du aurten

Aurten Txinako Harresi Handiaren zati bat berrituko dutela iragarri dute Pekingo udal agintariek, Badaling sekziotik igarotzen den zatia, zehazki. Gune hori ikonikoenetakoa da bai bertakoentzat, bai bidaiarientzat.

Txinako Harresi Handiaren irudia.
Txinako Harresi Handiaren irudia. (Getty Images)

Pekingo udal agintariek Txinako Harresi Handia berritzeko eta kontserbatzeko lanei ekingo diete aurten, hiriburuaren kanpoaldean dagoen Badaling sekziotik igarotzen den zatian.

Proiektua, tokiko prentsak jakinarazi duenez, udaberrian hasiko da eta 700 metroko luzera duen harresiaren zonari eragingo dio.

Yu Haikuan Yanqing barrutiko (Pekin iparraldea) kultur ondarea babesteko departamentuko zuzendariordearen arabera, kontserbazio lanak 2024ko hirugarren hiruhilekoan amaituko dira, Xinhua agentziaren arabera.

Badaling gunea Harresi Handiko gune ezagun eta ikonikoenetakoa da; 1958an ireki zitzaien lehen aldiz turistei, eta, ordutik, 200 milioi bisitari baino gehiago izan ditu, bai bertakoak, bai atzerritarrak.

20.000 kilometro baino gehiago

Harresi Handiak 20.000 kilometro baino gehiago ditu, eta elkarlotutako hainbat segmentu ditu, probintzia-mailako 15 eskualde hartzen dituztenak, besteak beste, Pekin, iparraldeko Hebei eta Mongolia, Gansu eta Xinjiang.

Yuk Xinhua agentziari nabarmendu zionez, Yangqingi dagozkion Harresi Handiko zatiek 179,2 kilometro gainditzen dituzte, eta horietan adreiluzko, harrizko eta lurrezko materialak ikus daitezke.

Tunel polemikoa

Iazko azaroan, Txinako agintariek 430 milioi yuan (56 milioi euro) inbertituko zituztela iragarri zuten, Shandong ekialdeko probintzian Harresi Handia zainduko duen lurpeko tunel bat eraikitzeko.

Tunela eraikitzeko erabakiak nolabaiteko eztabaida sortu badu ere, tokiko agintariek nabarmendu zuten kultur ondarearen babesaren eta garapen ekonomikoaren arteko oreka aurkitu behar dela.

Harresi Handia herrialdeko ondare garrantzitsuenetakotzat jotzen dute txinatarrek, eta haien tarteek milioika bisita jasotzen dituzte urtean zehar. Horregatik, joan den irailean, Txinako poliziak bi pertsona atxilotu zituen, Harresi Handiko sekzio bati kalte larriak eragiteagatik, egituran zulo bat ireki baitzuen makina astunak pasatzeko.